Rokanrola eta zirkoa edo literatura eta Ikea

Rokanrola eta zirkoa edo literatura eta Ikea –

Seme-alabak izan eta, gurasook jende GRISA bihurtzen ei gara goizetik gauera. Horrela dio Purificació Mascarell-ek El Estado Mental agerkariko “Hijos” sarreran.

Mascarell hogeita hamar urteko emakumea da, seme-alabarik izateko asmo edo aurreikuspenik bakoa.

“Orain arte, ikasi eta ikasi, horixe izan da nire bizitza. Lizentziatura gainditzeko, bekak eskatzeko, doktoratua egiteko, kongresuetara jo, ordenagailuaren aurrean orduak eta orduak igaro, inork irakurtzen ez dituen lanak idatzi. Eta honekin batera, baita antzerkia egin, bidaiatu, berandu lotaratu, berandu jeiki, jende andana ezagutu, idatzi, eta irakurri, asko irakurri ere.

Edozer afaldu, bizikletan ibili, hautsari kasurik ere ez egin, berogailuan aurreztu, oinetako dotoreak erosi, azken unean planak aldatu, asteburuko bilakaerei jaramonik ez egin, abentura berriak bizi, egunerokotasunaz aspertu. Gaur egun arte, fardeldun haur batek ez du presentziarik izan nire bizimoduan. Non sartuko nuke? Mikrouhinerako lasagna eta Strindberg-en itzulpenaren artean? Asteazkeneko entsegu eta ostiraleko klaserako power point-aren artean? Kontzertu, idazlan, pilates, blog eta Erromara joan-etorriaren artean? Ez da bakarrik espazio kontu bat, sukalde-jantoki eta ohe bakarreko etxebizitza minimo honetan; batez ere, eta gero eta gehiago, bizi-espazio kontua da. Beste norbaiti zeure-zeurea duzun espazioan tokia egitea, eta merezi duen erabakitzea”.

Gaztea eta ekimen handikoa da Mascarell. Halakoxeak ei ditu lagunak ere, “bat izan ezik guztiak seme-alabarik gabekoak. Ibilbide profesionala mailarik gorenean garatu eta amatasuna uztartzea emakume gutxi batzuei baino ez dagokien balentria baita”.

Rokanrola eta zirkoa edo literatura eta Ikea

Mascarell grinatsuak beste kontu asko dakartza sarrerara, interesgarriak batzuk, eta bere tesia aurkezten du sarreraren bukaeran: “akaso oso okerra izango da, baina inguruan ditudan askorengan du oinarria”.

Egun, seme-alabak dituen jendea tontotu eta unatu egiten da, arrunt eta GRIS bilakatzen da, burmuina trauskildu eta adimena buxatu egiten zaio. Aldi berean, seme-alabarik ez izatea erabakitzen dutenak psikotiko eta egolatra bihurtzen dira, maniak dogma bihurtzen dituzte eta beren xelebrekeriak irrigarri, neurriz kanpokoak. Egia esan, ez dakit zeintzuk eragin diren kaltegarriagoak; baina eraginak hor dira, eta alde bata edo bestea hautatu beharra dago”.

 

Zirko bat egunero

Aita naizen aldetik, ez dut esango Mascarell-en sarrerak haserretu nauenik. Egia esan, eta gauzak bere neurrira ekarrita, arrazoia ere baduela begitantzen zait askotan; seme-alabak izateak hankaz gora jartzen dizu bizitza (egun eta oraindik, ama bazara batez ere). Baina funtsean, oker dabilela esango nuke, Barbara Celis eta Victoria Torres-ek -azken honek egurra ematen dio De Mamas & De Papas blogeko “La maternidad es una condena” erantzunaren azken pasarteetan- batetik eta Sergio del Molinok bestetik adierazi duten moduan. Lehen biek amatasunetik eman diote erantzuna Mascarell-i, azkenak aitatasunetik.

Ez dut uste guraso izate hutsak inor GRIS bilakatzen duenik. Guraso izan aurreko bizimoduarekin alderatuta seme-alaben ondotik ere, posible da lehengo jardun, zaletasun eta grinekin jarraitzea, apur bat zailagoa den arren. Gainera, bi koloreren arteko nahasdurak grisa ematen badu, elkarren osagarri diren seinale da; ez esan zilarraren dirdira grisa ez denik dotorea.

Posible da, nahiz eta aurreko asteburuan, gauez Joseba B. Lenoir Gang entzutera joan beharrean, zirku ziztrin batera joan behar izan nuen iluntzean. Posible da, nahiz eta, orain bizpahiru egun, bikotea lanetik etxeratzean, postontzian topatutakoak mahai gainean utzi eta “(Munduko Poesia) Kaierak heldu dira” esan bezain agudo “… eta Ikeako katalogo berria noiz iritsiko da ba?” bota zidan.

Posible da?

“Grisa” Bide Ertzean (“Grisa”, Gaztelupeko Hotsak, 2000)

Rokanrola  Rokanrola  Rokanrola  Rokanrola  Rokanrola
aitatasuna, Amatasuna, grinak, grisa, seme-alabak

Zer duzu buruan “Rokanrola eta zirkoa edo literatura eta Ikea”-ri buruz

  • Ander Mujika 2015-10-07 12:59

    Aupa Anartz!

    Gustora irakurri dut zuk idatzitakoa. Aita naizen aldetik eta Joseba B. Lenoir Gang-en partaide bestetik, bereziki gertukoa egin zait irakurri dudana.

    Nire egunerokoa da aitatasuna rokanrola, horrela nahi izan dudalako, eta nahi dudalako. Grisa dotorea da bai, eta asko maite dut, baina hor gabiltz burruketan gris eder horri kolore gehiago gehitzeko, monotonian (gehiegi) ez jauzteko.

    Esfortzu bikoitza eskatzen duen arren, posible da bai. Zurekin erabat ados.

    Josebaren hurrengo kontzertuan ikusiko dugu elkar.

    Besarkada bat!

    Ander.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude