Ruben Ruiz Ibarruri Stalingradoren defentsan

Ruben Ruiz Ibarruri –

1942ko abuztuan, armada alemaniarrak Stalingradoren aurkako erasoaldiak egin zituenean, bertan zegoen Ruben Ruiz Ibarruri bizkaitarra, sobietarren metrailadore konpainia batean Kotluban aldeko tren-geltokia defendatzen. Baina nor zen hogeita bat urteko mutil hura? Ikus dezagun.

Ruben Ruiz Ibarruri
Ruben, bere ama Doloresekin

1.- Somorrostroko haurra eta gerra garaia

Ruben Bizkaiko Somorrostro herrian sortu zen, 1920ko urtarrilaren 9an. Aita Julian Suiz Gabiña meatzaria zuen eta ama, berriz, Dolores Ibarruri Gomez, meatzari baten alaba eta gerora Alderdi Komunistako buru izatera iritsi zena. Pasionaria ezizenaz ezagunagoa, eta faxismoari tinko eta adore handiz aurre egin ziona. Sei seme-alaba izan zituzten, Ruben eta bost neska, maleruski Amaia izan ezik, gainerako alabak haur denboran hil zitzaizkien.

Ruben gazte-gaztetik alderdi komunistan sartu eta propaganda zabaltzen eta ama laguntzen ibili zen. 1935ean ama espetxeratu zutenean, Amaia arrebarekin batera Sobiet Batasunera bidali zituzten, Moskun bizi ziren Panteleimon Lepeshinsky buruzagi boltxebikearen  eta Olga Lepeshinskaya emaztearen etxera.  Laster Moskuko Stalin automobil-lantegian sartu zen lanean, tornulari mutil gisa. Hainbat hilabeteren buruan, hegazkintza eskolara pasatu zen.

1936ko Franco eta Molaren altxamendu faxista gertatu zenean, Ruben armada errepublikarrean sartu zen eta bertan egin zuen gerra, 1938an, Ebroko gatazkan parte hartu zuen eta gudaldi luze eta odoltsu horren ondoren sarjentu gradua eman zioten. Geroago Kataluniako frontean borrokatu zen armada errepublikarra garaitua izan zen arte. Ipar Kataluniara ihesi egin behar izan zuten eta frantsesek Perpiñango Argelés-sur-Mer izeneko preso eremuan sartu zituzten. Hortik ateratzean, Ruben,  Errusiara abiatu zen Bigarren Mundu Gerra hasi aitzin.

Ruben Ruiz Ibarruri

2.- Stalingradoren defentsan

Bigarren Mundu Gerra lehertu zelarik, Ruben soldadu gisa abiatu zen. 1941eko uztailean, Moskuko Tiratzaileen 1. Dibisioaren 175. Metrailadore-Konpainian buru jarri eta Bielorrusia aldera zuten igorri sobietarren gibelatzea babestera. Borisov eskualdean izan ziren borrokaldietan larriki zauritua suertatu zen. Hori dela eta, bi hilabeteren buruan, irailean, Bandera Gorriko Ordena izeneko domina ezarri zioten. Urrian, oraindik sendatu gabe zegoela, ospitaletik alde egin eta berriro frontera itzuli zen.

Ruben Ruiz Ibarruri
Stalingrado, 1943

1942ko abuztuaren 23an, armada alemaniarrak Don ibaia zeharkatu zuen Stalingradora (gaurko Volgogrado) hurbilduz. Tanke alemaniar batzuk Kotlubango tren geltokiko 564 kaira sartu ziren. Orduan, buruzagitza sobietarrak 35. dibisioa bertara bidali zuen, tren-geltokian sar ez zitezen. Lehena iristean izan zen Ruben Ruiz Ibarruri teniente nagusiaren agindupeko metrailadore-konpainia, eta bertan kokatu bezain laster, defentsako lehen lerroan, borrokaldi odoltsuetan sartu ziren bete-betean. Naziek bost erasoaldi egin zituzten sobietarren defentsa-lerroa hausteko, baina alferrik, bostetan gibelera igorri baitzituzten. Azken erasoan dibisio-burua hil zuten, eta Ruben Ruiz Ibarruri jarri zuten buruzagi gisa.

Ondoan bazen Vlasóvka izeneko herrixka, alemaniarren menpeko eremuan zegoena. Sobietarrentzat garrantzi handikoa zen herrixka hori hartzea tren-geltokiaren defentsa gotortu ahal izateko. Horretan aritu zen bizkaitarraren konpainia, eta baita lortu ere. Tamalez, Ruben Ruiz zauritua izan zen gatazka horietan eta Volga ibaiaren beste aldean zen Srednyaya Akhtubako ospitale militarrera bidali zuten.  Bertako medikuek artatu zuten arren, ezin izan zuten deus egin Ruben gaztearen bizia salbatzeko, eta 1942ko irailaren 3ko goizaldean zendu zen, hogeita bat urte zituela.

Ruben Ruiz Ibarruriren omenez egindako monumentua Volgogradon

Haren ekintzak zirela eta, hil ondoren, Sobiet Batasuneko Heroia izeneko domina ezarri zioten, garai hartan zuten dominarik gorena. Gaur, Volgogradon (orduan Stalingrado zena) ehortzirik dago, Mamáeev Kurgan-en kokaturiko soldadu erorien monumentuan, eta bertan bada bere omenezko oroigarri bat. 1972an, astronomo sobietarrek haren izenaz asteroide bat bataiatu zuten: 2423 Ibarruri.

Agur eta ohore, gazte-gaztetik faxismoari eta nazismoari aurre egin zien Somorrostroko semeari!

Ruben Ruiz Ibarruri Ruben Ruiz Ibarruri Ruben Ruiz Ibarruri

Euskaltzalea eta irakasle-ohia