Inurriak

Inurriak

Ainhoa Salaberria Garmendiak Oarsoaldeko Hitzan.

Lagun on bati irakurri nion haur eta gaztetxoei zuzendutako produktuek –abenturak, kanpaldiak, lagun berriak eta deskubrimendu handiak konbinatzeak, adibidez– iradokitzen dutela adin horretako baten udak nolakoa behar duen izan. Alabaina, egoerak behartuta eta udalekurik ezean, uda birpentsatu beharrean izan ziren iaz etxe askotan.

Historian zehar hainbat arrazoik bultzatuta antolatu izan dira haur eta nerabeentzako kanpalekuak. XX. mendeko 60ko hamarkadan, esaterako, Euskal Udalekuak sortu ziren ikasturtean zehar euskaraz ikasi, baina eremu edo familia erdalduneko gazteek udaran ere euskararekin harremana izateko, eta zenbait egunez euskaraz bizi ahal izateko. Garai berean, parrokia batzuetan, egoera sozial babesgabeko haur eta gaztetxoei esperientzia aberasgarriak eskaintzeko udalekuak egiten hasi ziren. 1980ko hamarkadatik aurrera, udaleku itxien ugaritzearekin batera, udaleku irekiak ere sortu eta zabaldu ziren haur eta nerabeen aisia opor garaian bermatzeko.

Izaskun Marañon psikologo klinikoaren esanetan, ordea, azken urteotan udalekuak familia kontziliaziorako tresna ezinbesteko bihurtu dira, familia askoren nahitaezko lanabes, erreminta. Gainontzeko helburuak bigarren mailan utzi, eta kontziliazioan laguntzen duen zaintza-zerbitzu bilakatu da familia askorentzat udaleku garaia. Gainera, egungo aukera askotarikoak ikusita, kasurik onenean haur/nerabeek zein udalekutara joan aukeratzen dute, baina tartean badira gurasoek euren interesen arabera seme-alabak zein udalekutara bidaliko aukeratzen dutenak ere. Ez da samurra izaten ari inorentzat bizi dugun egoera ezegonkorra. Are latzagoa izaten ari da, ordea, hezkuntza ez-formalean lanean diharduten hamaika eragilerentzat, zinez Ametsen eraiste neurtua. Behin betikoaz ahaztu, eta Anariren «zu beti bizi izan zara behin-behineko egoeran baten» murgildu gara azkenaldian ur uherretan barrena: egin eta desegin, sortu eta zapuztu behar izan baitugu behin eta berriro ondutako lana, unean-unean egindako bakoitza azkena zela desiratuz. Kasu honetan ez da aukerakoa izan etengabeko noraeza.

Hortaz, eman eta aitor diezaiegun udalekuei betetzen duten gizarte-papera, asetzen duten behar fisiko eta emozionala, euskararen erabilerarena. Balioetsi ditzagun oztopoak oztopo eta neurriak neurri jo eta su lanean diharduten aisialdi taldeak, hezitzaileak, koordinatzaileak, sukaldariak, ikusten ez diren boluntarioak eta abar amaigabe bat. Euskarazko aisialdia ipar, elkar heztea eta zaintzea helburu duten horiek guztiak. Azken finean, hor dabiltza-eta inurriak, atzera eta aurrera, gelditu gabe, itxuraz noraez zoroan, baina izatez beren bizilekuak eraiki nahian.

Inurriak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.