PSN eta Herrialde Valentziarreko ultraeskuina

PSN eta Herrialde Valentziarreko ultraeskuina – 

PSN eta Herrialde Valentziarreko ultraeskuina

PPk eta VOXek, Elxeko Udalera iritsi berritan, “Smoking Souls” taldearen kontzertu bat bertan behera utzi dute, “aldez aurreko inolako azalpenik gabe”, haien hitzetan. Valentzieraz kantatzen dute, eta Udalak aitortu ez arren, argi dago horregatik zentsuratu dutela. Ba, hara non, Nafarroako PSNren gobernu “aurrerakoiak” gauza bera egin duen: “Musikariak ikastetxeetan” programa bertan behera utzi zuen ekainean, kasu honetan ere inolako azalpenik gabe. Programa horren bidez musika euskaraz egiten duten musikariak joaten dira ikastetxeetara, euskarazko musika sustatzera, arrakasta handiz. Ez Carlos Gimenoren Hezkuntza Departamentuak ez PSNk ez dute aitortuko, baina denek dakigu euskararen kontra egitea dutela helburu. Zorionez, protesten ondorioz Nafarroako Gobernuak partez atzera egin du afera honetan.

PSNk 2023ko ekainean egin du hori, Nafarroako Gobernu berriaren negoziazioen erdian. Hala, argi utzi du badakiela zernahi egin dezakeela hizkuntza politikan, eta hala ere euskal alderdi abertzaleek Txibite eginen dutela lehendakari eta Carlos Gimenok segituko duela Hezkuntza Departamentuko kontseilari.

Duela lau urte hasi zen PSNko Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza Departamentua gidatzen, eta ordutik hona euskararen kontra aritu da jo eta ke:

-Mendigorrian, zirenak eta bi pasarazi zizkien familiei, Mendigorrian D eredua lortzeko. Eta bitartean, beti hitz politak ezpainetan eta ezin ankerragoa ekintzetan.

-Beriaingo, Tebasko eta Muru Artederretako familiek eta udalek Gimenori eta PSNri eskatu zieten Iruñeko Hegoalde ikastola publikora joatea D ereduan ikastera, baina Gimenok Noain inposatu zien, eta bertan PAI-D egitera behartu, nahiz eta haiek PAI nahi ez izan, egiazko D eredua nahi izan. PSNko Jorge Aguirrek familiei erantzun zien bere alderdia “bizikidetzaren aldekoa” zela (Hegoalde ikastolan D eredua baino ez dago).

-Denek dakigu Nafarroan PAI ezarri zela, besteak beste, D ereduari kontra egiteko. Bada, Castejóngo ikastetxeak PAItik ateratzeko eskatu zuen, ikasleendako kaltegarria zela esanez, eta Gimenok ahalik eta traba gehienak jarri zizkien, eta ahalik eta gehien berandutu zuen. Azkenik onartu zuen, baina PAIn hasitako haurrak kondenatu zituen ikasketa guztiak PAIn bukatzera. Ankerra behar da izan. Helburu bakarra zuen: ikastetxe gehiagok ez hartzea bide bera. Eta, bitartean, 90 bat ikastetxe atera dira halako ingeles-programetatik Gaztela-Mantxan eta Gaztela eta Leonen, erabaki dutelako kaltegarria dela bai ikasgaia ikasteko bai ingelesa ikasteko.

-Legegintzaldia bukatu da eta Lerinen ez da D eredurik ezarri, familiek nahi izan arren. “Instalazioetan gabeziak” omen zeuden. Kasualitatea.

-Iruñeko Lezkairu auzoan ikastetxe berria egin dute. Ustez, D eredua ikasteko aukera egonen da, baina inork ez du argitzen ea irailean egiaz D eredurik izanen den. Hori bai, alemanezko irakaskuntza izanen da.

-Jaume Gelabert Iruñeko Hizkuntza Eskolako euskara irakasleak salatu du: “Ixten ari dira ongi funtzionatzen duten euskara taldeak, nahikoa ikasle dituztenak, ez dakigu zein irizpideren arabera” (“Nafarroako Gobernua murrizketak egiten ari da hizkuntza eskoletako euskara taldeetan”, Argia astekaria, 2023ko ekainaren 7a). Tuterako Hizkuntza Eskolan ere antzeko salaketak izan dira.

-Iruñeko haur eskola publiko batzuk Nafarroako Gobernuarenak dira. Legealdi honetan ez du batere handitu euskarazko eskaintza.

-Eta beste adibide asko ere aipa litezke: helduen irakaskuntzan euskara ez eskaintzeko trabak, etab.

Baina, hala ere, PSN babestu behar omen dugu, alternatiba okerragoa delako: UPN itzultzea. Seguru okerragoa dela? Hizkuntza politikan ez:

PSN da alderdi politiko bakarra euskara baloratu ez duena eremu mistoko oposizio-lehiaketetan eta merezimendu-lehiaketetan. UPNk ere ez zuen halakorik egin. Salbuespen bakarra enplegua egonkortzeko deialdiak izan dira: ezin jakin zergatik, baina PSNk, “eskuzabal”, onartu du lehiaketa horietan alemanarekin, ingelesarekin eta frantsesarekin batera euskara ere baloratzea eremu mistoan.

2019an, “koalizio aurrerakoia” eratu berritan, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen errekurtsorik ez jartzea epaileek euskararen kontra emandako epai famatu haren kontra; izan ere “berehalakoan” ziren onestekoak euskarari buruzko dekretu berri bat, eta dena koponduko zen. Legealdia bukatu da eta ez dago halako dekreturik, eta onesten bada, PSNk argi utzi du marra gorri bat: Nafarroako zati handi batean, oposizio-lehiaketetan eta merezimendu-lehiaketetan baloratuko dira alemana, ingelesa eta frantsesa, baina ez euskara. Alderdi abertzaleek ez, baina PSNk jartzen ditu bere marra gorriak.

Beraz, badakigu zer datorkigun hurrengo 4 urteetan. Herrialde Valentziarrean halako hizkuntza politika egiten duenari “ultraeskuina” deitzen zaio, eta hemen, aldiz, “bloke aurrerakoia”.

PSN eta Herrialde Valentziarreko ultraeskuina

3 pentsamendu “PSN eta Herrialde Valentziarreko ultraeskuina”-ri buruz

  • Tamalgarria eta negargarria da GBaik eta EHBilduk PSN euskarafoboaren aurrean erakusten duten azpikotasuna.
    Alderdi abertzaleek ez gaituzte euskaldunak aintzat hartzen.
    Alderdi españolek bai ostera, zapaltzeko eta baztertzeko baina.

  • Mikel Haranburu 2023-08-01 14:40

    Baina eta, alderdi abertzaleek ez bagaituzte euskaldunak aintzat hartzen, ez dira abertzaleak… eta guk alderdi abertzalea eta euskaldunak aintzat hartuko gaituena behar dugu… non halakorik, ordea?
    Beharbada, euskaldunok geure burua aintzat hartzen hasiko bagina…

  • Euskara eta Euskal Komunitatea xehatu, txikitu eta hil nahi duenaren jarduera genozidioa da. Eta hori dugu sufritzen Nafarroan genoziden partetik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude