Proiektu estrategikoak: obrak hiritarren gainetik?
Proiektu estrategikoak: obrak hiritarren gainetik?
Uriola atarian idatzi duen sarrerako izenburutik hasita, Hegoi Belategik argi utzi du zerk kezkatzen duen.
Bilboko behin behineko autobus geltokiak hilabete pasatxo darama zabalik. Hainbat arazo gertatu dira, izan ere, Kantauri isurialdean kokatzen den hiri bateko estazioan aterpe bi soilik izatea, aurreikusi zitekeen kexua da. Gutxi hitz egin da ordea Garellanoko estazio intermodalari buruz. Izen harroa da zalantzarik gabe eta Udalaren aburuz hiriarentzako funtsezko proiektua. Ziur asko 20 urte barru inork ez du kexarik izango, baina baliteke oraintxe bertan ez izatea herritarrek gehien behar duten azpiegitura; batez ere estazioa oraindik funtzionala zelako. Orduan, Termibus berria funtsezkoa da herritarrentzako ala hiriaren irudiarentzako? Auskalo, orain arte argi dagoena da, Donostia eta Gasteizek bezala Bilbok autobus geltoki berria izango duela.
Azpiegitura handien aroan bizi gara, badirudi hiri eta herrien balioa eraikin, garraiobide eta obretan neurtzen dela. Bilbok halako aroa bizi du duela aspaldi, etengabe eraberritzen ari da, beti badira zulatzeko aitzakiak eta adreiluak pilatzeko gogoak. Aurreko astean metroaren hirugarren linea zabaldu zuen Euskotrenek; Mahatserriko biztanleen mugikortasuna hobetuko duen azpiegitura.
Maiatzean berriz, Termibus berria zulatzen hasiko dira. Bitxia da Udalak eta bertan lan egiten duten hainbat zinegotziren jarrera, proiektu bat estrategikoa den edo ez erabakitzeko. Hiritarren ongizatea bermatzeko estrategiak oso ezberdinak izan daitezkelako ikuspegiaren arabera. Udalaren arabera, autobus estazio berria estrategikoa izango da, hiriarentzat zein auzoarentzat, azpiegitura honekin Basurtuko eraberritzea bukatutzat joko dute eta. Auzoaren eraberritzea ukaezina da, azken urteotan A8ko sarrera eta San Mames Barria eraiki dituzte, hainbat etxebizitzekin batera. Hori dela eta, baliteke gaur egun ez izatea unerik onena halako azpiegitura erraldoia eraikitzeko. Argi dago, autobus geltoki berriak mesede egingo diola hiriari, baina oraingoak funtzionatzen jarraitu zezakeen hainbat urtez, beste proiektu batzuen mesedetan. Zorrotzak adibidez, Basurturen premia berdinak ala gehiago izan ditzake; abenduan bi emakume harrapatu zituen FEVE trenak, horietako bat zendu zen. Bizilagunek trenbide pasaguneentzako konponbideak eskatzen dituzte. Olabeaga auzoan ere antzeko ezbeharrak gertatu dira.
Txikiagoak badira ere, auzoek zein bertako biztanleek beste proiektu batzuen beharra dute eta ez dute zertan azpiegitura eta eraikinak izan behar. Baina bizilagun gutxi batzuen bizimodua hobetzea ez da ikusgarria. Lau pisuko autobus geltoki lurperatua ordea, bai. Beraz, Bilbok, hiriak behar du. Bereziki inguruko hiriek ere badituzte, hiriaren izen ona bus estazioaren araberakoa izango balitz bezala.
Hala ere, hiri eta auzo ereduak dira jokoan daudenak Termibusen. Hiritar askok ziur asko ez dakite geltokian ez dela diru publikorik inbertituko, enpresa kudeatzaileek 22 milioi euroko inbertsioa egingo dute, 5.000 m2 truk. Udalak finantzaketa iturri berritzat jo du, ez du zertan gaizki egon behar, baina enpresa pribatu handiek normalean etekinak lehenesten dituzte, auzoko kohesioaren aurretik.
Estazioa, gune komertzial erraldoia egiteko aitzakia da, 500 lekuko aparkalekua, kiroldegi pribatua, hotela eta ikasle egoitza aurreikusi dira 14 solairuko eraikinean. Udaleko teknikarien aburuz, 300 zuzeneko lanpostu sortuko dira, inguruetan gainera, denda ugari zabaltzea espero dute. Hiritarrei bestalde, 7.000 metro karratuko plaza eskaintzen die, gaur egungo Termibus dagoen lekuan. Plaza hura, auzoko bihotza izateko diseinatuta dago eta auzoen arteko lokarri gisa funtzionatuko du. Plazaren xedea herritarren parte hartzearekin erabakiko dutela agindu zuen Ricardo Arcala, Obra eta Zerbitzu zinegotziak. Orain arte ez dute esan nola, edo noiz egingo duten prozesua.
Hala ere, estazioaren inguruak enpresa eta dendaz josita badaude, pentsatu daiteke plaza lokarri ekonomikoa izango dela. Hortaz komertzioa, salerosketa eta zerbitzuak izango dira Udalak sustatutako auzo eredua. Ekonomia, kultura herrikoiaren aurretik adibidez; berriz ere, ez du zertan txarra izan behar, baina hiritarrek hasieratik jakin beharko lukete. Estazioak 22 milioi euroko kostua izango du, baina eraikina eta plazarekin kostuak 40 milioi euro ingurukoak izango direla aurreikusi dute teknikariek.
.
Bizilagunei begira
Hasieran aipatu bezala, azpiegitura handien aroa da hau, ez soilik Bilbon, Euskal Herrian eta munduko leku askotan. Euskal hirien kasuan gainera, elkarrekin lehiatzen daudela dirudi, bereziki Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Normala da eta neurri bateraino sanoa da, bizilagunari adarra jotzea, baina hiru hiri hauek urteak daramate antzeko azpiegiturak egiten, nahiz eta hainbat proiekturen beharra kolokan egon.
Termibus berria eredurik argia da, Donostiako estazioa iaz egin zen eta Gasteizkoa duela pare bat urte. Autobide, autopista eta errepide handiak beste klasiko bat dira, hirien inguruak errepide sare korapilatsu batez inguraturik daude eta. Donostialdeako metroa polemikoa den beste proiektuetakoa da; Bilboren biztanleria eta geografiak beharrezko egiten dute halako garraioa, Donostiren kasuan eztabaidagarria da eta kontran agertu dira milaka biztanle. Metroaren obra gehienak, Donostiako zentroan gauzatuko dira baina egungo Euskotrenen erabiltzaile gehienak beste herritako jendea da. Hortaz, zaila da jakitea nori egingo dion mesede proiektuak.
Futbol taldeek ere, gruak eta hormigoia gustuko dute. Baliteke San Mames Barria eraikitzea zentzuzkoa izatea, zaharrak 100 urte baino gehiago zituen eta. Hala ere, inoiz ez, diru publikoarekin, Athletik talde pribatua baita. Udan Realak Anoetako birmoldaketa egingo du, 1993an eraikitako zelaia izan arren. Aitzakia atletismo pista da, hura kenduz lagun gehiago sartuko liratekelako. Gaur egun kostata betetzen ditu estadioko 33.000 eserlekuak. Azkena Alaves izan da, lehen mailara itzultzearen ondorioz, Alavesek zelai berria egiteko proiektua aurkeztuko du. Zuzendaritza zuhurra eta profesionala dela diote batzuk. Iruñean Navarra Arena dute, nahiz eta oso argi ez egon zer den eraikin hori, 2014an bukatu zuten eta oraindik itxita dago. Badirudi laster erabiltzen hasiko direla.
Hauek soilik eredu batzuk dira baina patroia bera da beti, hiri batek proiektu estrategikoa aurkeztu eta handik gutxira, ondoko hiriek antzeko zerbait egiten dute.
.
AHTren triunbiratoa
Duela hilabete inguru Bilbo, Donostiako eta Gasteizko alkateak pozik batzartu ziren Iñigo de la Serna espainiar Estatuko Sustapen ministroarekin, teen estazioen birmoldaketa obrak adosteko. Abiadura Handiko Trenak hartu ahalko dituzten estazioak alegia. Harro zeuden hiruak; Aburto Bilboko estazioa lurperatuko dutelako, Goia Donostiakoa lehenik bukatuko dutelako eta Urtaran hiriko bi parte batu ahalko dituelako. Zoriondu behar dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako instituzioak, Espainiarekiko loturak sendotuko dituzte. Baina oraindik ez dira gai izan, Bat, Barik eta Mugi txartelak batzeko.