Pre- eta post-

Pre- eta post- –

Pre- eta post-
Arg: Guillaume Faveau (NAIZ)

Argazkia ona da benetan. Ilunpean aterata dago; lehen planoan, POLICE jartzen duen bizkar beltz bat. Argazkiaren eskuinaldean gazte saila ilaran doazela; musukoek eta txanoek eta gauak tentsiozko atmosfera iradokitzen dute.

Beltza hautsiz, argazkiaren erdialdean, kaleko argiak, manifestari batek daraman antortxa eta pankarta zuria letra gorriz: bi hizki bakarrik agerian, I eta A erraldoiak. Barruko argazkian, pankarta osoa: POLIZIA BORTIZKERIA GELDITU!

Baionatik datoz argazkiak eta Guillaume Fauveauk sinatzen ditu. Ordu batzuk lehenago, goizaldeko ordu batean, poliziak 37 urteko emakume bat hil zuen kontrol batean, Nathalie Flores, Baionako biztanlea.

Gertakariari buruzko kronikak dio iazko urtean 28 pertsona hil zituela Frantziako Poliziak. Beste datu esanguratsu hau ere jasotzen du Oihana Teyseyreren informazioak: Alliance eskuineko polizia sindikatuak “sostengu osoa” adierazi diela aferan inplikatutako bi poliziei.

Osotara, Estatu Batuetako poliziak edozein bide ertzetan eragindako hilketak dakartza gogora Baionakoak, eta ez horrenbeste polizia espainiarrak diktadura garaian egin ohi zituenak. Polizia pre-demokratikoa zen hura; oraingoa, berriz, polizia post-demokratikoa.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021eko urtarrilaren 12koa]

Pre- eta post-