Pozoia

Pozoia –

Dagoeneko egun batzuk dira, zabor artean, bi langile lurperatuta ditugula herri honetan. Zaldibarren gertatu da, gure Bizkaia maitean. Zaldibarren gertatu da, bertan dagoen zabortegi batetan, Zaldibarreko zabortegian, Bizkaiako zabortegian, Euskadiko zabortegian.

Pozoia

Horixe bera baita gure herria, zabortegi bat. Herri bat kapaza dena bi langile zabor artean hiltzen uzteko, ahotsa gehiegi altxatu gabe. Kapaza dena, gu guztion ordezkaria izan beharko lukeen hori, langile horiek mespresatzen uzteko, ahotsa gehiegi altxatu gabe. Kapaza dena, Zaldibar horren inguruan dauden herritarrak, pozoia diren usaina arnasten uzteko, ahotsa gehiegi altxatu gabe.

Horixe baitira, pozoia. Pozoia dira, egoera honen aurrean mutu, itsu eta gor dauden horiek. Kezka pribatuan adierazten duten horiek. Pozoia, bertaratu ez diren ordezkariak, edo azkar eta berandu bertaratu direnak. Pozoia, bizitzaren gainean kapitala edo poltrona kokatzen dutenak.

Urte hau hasi zenetik 3 egunerik behin, lanetik bueltatu ez den kide bat dugu. Hildako bat, kapitalak eraildako langile bat. Eta bitartean albiste nagusia, gure herrian existitzen ez den birus bat dugu. Katastrofe nagusitzat.

Eta ez da kasualitatea, elite politiko eta ekonomikoek jakin badakite, eurak ez direla sekula zabor artean hilko, badakite euren porlanak ez dituela itoko, badakite lanean hiltzen diren horiek ez direla euren klase sozialekoak, ez direla euren lagunak, ez direla euren artekoak, horiek, gixajoak dira, makinaria, esku obra saltzen dutenak.

Horregatik, mespresuz hitz egitera ausartzen dira, horregatik euren sufrimendua gutxiesten dute, horregatik euren laguntxoei onartzen diete, lan baldintza eskasetan mantentzea langile klaseko kide horiek. Jakin badakitelako, haiek pozoitik libre daudela, heriotzatik libre.

Eta bereziki jakin badakitelako, herri hau ez zaiela oldartuko, ez diela erantzunkizunik eskatuko egiten dituzten irregulartasunengatik. Ez diegula erantzunkizunik eskatuko gure bizitzak miseriara kondenatzeagatik, eta horrela lasai bizi dira, lasai euren oasian, besteok egarriz hiltzen ari garen bitartean basamortu honetan.

Herria batzea da gure oraina eta etorkizuna bermatzeko era bakarra, herri batu eta mobilizatuak lortuko duelako aurrera ateratzea. Bitartean barre egingo digutelako, baina kate hautsien zarata entzuten dutenean, soilik orduan, izango direlako, gu orain garen beldurraren jabe.

 

Pozoia
Oier Azkarraga

Bizitzaren aldeko militantea. Zuia.

Zer duzu buruan “Pozoia”-ri buruz

  • euskaldun bat 2020-02-20 16:17

    Hau soflama sorta! Bateko, desagertutako bi pertsona horiei gustatuko al litzaieke euren kontura botatako diskurtso politiko hau, hauteskunde bezperan gainera? Agian itxaron pixkat, aurki ditzatela, agurtu ditzatela duintasunez eta denbora bat pasa ostean hasi hitz egiten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude