Porrotaz

Aurreko ostiraleko prentsaurrekoak ETAren porrota begibistakoa dela berretsi zidan. 2011ko urriaren 20an bezala, erakundeak beste pauso bat eman du horren truke ezer lortu barik. Jarduera armatua etetea erabaki zuenetik hona ez baitu lortu ez Independentzia, ez Sozialismoa, ezta Hegoaldeko herrialdeak batzea ere. Aipatutakoa gutxi balitz, EPPKko presoak Espainako legeen barruan jardungo direla asumitu dute, urte askoan aldarria bihurtu zen “presoak kalera, amnistia osoa” ahantziz eta hain kritikatua izan zen Nanclareseko bideari eutsiz.

Hori gutxi balitz, Sortuk bere estatutuetan ETAren borroka armatua gaitzetsi egin du hauteskundeetan parte hartzeko, Espainaren joku demokratikoan sartzeko bertoko legeak bete ditu, alegia. Gainera, Espainako banderak ipini behar izan dituzte agintean dauden erakundeetan, beraz EAJri edo EAri leporatzen zien akats bera errepikatu du Sortuk, zeinak Aralarrekin lerratu baita EHBildu eta Amaiur koalizioan, zeina Espainako parlamenturako hauteskundeetara aurkeztu zen. Hauxe guztia gertatu da, Bateraguneko kideak kartzelan bahituta jarraitzen dutela eta hamaika epaiketa politiko bidegabe ospatzen ari direla.

Hitz gutxitan: 50 urteetako borroka politiko- militarrak ez du ezarritako helburu bat ere erdietsi, ez independentzia, ez sozialismoa ez “presoak kalera” ere. Ez al da nahiko? Zer gehiago nahi du Espainako gobernuak presoak Euskal Herrira ekartzeko eta Arnaldo Otegi eta besteak aske uzteko? Damua? Bada, nik uste urtarrilaren hamabiko manifestazioan parte hartu genuenok argi erakutsi genuela armak uztearekin nahikoa zela, mendekua ez dela bidea, eta elkarbizitza, bakea eta memoria sustatu behar direla. ETAren porrota errealitate bilakatu da, hori bai, ez nintzateke harrituko Estatuaren porrota ekarriko balu. Hori ere poztekoa litzateke.

Porrotaz

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.