Itzulges: itzulpenak eta dokumentazio eleanitza kudeatzeko aplikazioa

Itzulges

Iberba Aholkularitzak Itzulges izeneko aplikazioa sortu du, enpresetan euskararen eta beste hizkuntzen itzulpenak, horien kudeaketa, testuen erredakzioa eta abar errazteko eta laguntzeko.
Aplikazioaren helburua dokumentazio eleanitza sortu eta erabiltzen duten enpreseei tresna praktiko bat eskaintzea da. Horrela, enpresako langileek edo haien kanpo itzultzaileek, itzulpenak egitean edo euskaraz zein beste hizkuntzetan testuak erredaktatzean, memoria elikatzen da.

Itzulgesen helburua langileak euskararen normalizaziorako eragile aktibo bihurtzea da, haiei oinarrizko tresnak eskainita: memoria eta hiztegiak kontsultatu ahal izatea, bidali aurretik eginda egon daitekeen ehunekoa jakinaraztea, itzulpena egiteko tresna… eta, garrantzitsuena, modu erraz batez, enpresako langileek beren testuak zuzentzeko aukera izatea.

Aplikazio honek interneten dauden hizkuntza tresna batzuk integratu ditu dagoeneko eta, adibidez, katalanerako itzultzaile automatikoa erabili daiteke bertatik.

Itzulpenak egiteko tresna lagungarria

Itzulpenak aplikazioan bertan egiten dira eta itzulpen memorian gordetzen dira. Baina, beste aplikazioek ez bezala, Itzulgesek memoria hori enpresako langileen esku jartzen du eta, horri esker, testuren bat eginda balego, itzulpen eskaera bidali baino lehen agertuko litzaioke. Horrela, testu berdinak ez dira behin eta berriz itzultzera bidaltzen.

Itzulpen laburrak behar izaten direnean, adibidez, lerro batekoak edo bikoak, erabilgarria da oso, ez direlako itzulpenak word batean gorde behar, ondoren itzuli eta azkenik garbitu behar, itzulpenak egiteko dauden beste aplikazioetan gertatzen den bezala.
Itzulpenak zuzentzeko sistema erraza eskaintzen du eta, sistema sinple baten bidez, itzultzaileak lan hori egin dezake. Gainera, egindako itzulpenen zuzenketak gordetzen dira kontsultatu ahal izateko. Aukera honekin, enpresetan dauden euskara trebatzaileek tresna praktikoa dute beren lana egiteko.

Memoria anitzetan kontsultatzeko aukera ematen du, adibidez, enpresako memorian ikusteaz gain, beste memorietan kontsultatzen du aldi berean: publikoetan, talde bereko enpresetan…Horrez gain, memoriak partekatzeko aukera ematen du.

Langileek euskaraz lan egitea erraztea

Langileak euskararen normalizaziorako eragile aktibo bihurtzen laguntzen du. Izan ere, langileei testuak bi hizkuntzetan edo euskara hutsean egiten laguntzen die: zuzentzaile ortografikoa, memorian eta hiztegietan kontsultatu ahal izatea, testuak zuzentzera bidaltzeko zirkuitua eskaintzea, etab.
Horrez gain, eskaera bat bidali aurretik testua osorik edo zati bat itzulita dagoen esaten du eta horrela, %75 baino gehiago eginda egonez gero, langileak eurak falta den zatia egitera animatu daitezke.

Itzulpenen kudeaketa

Itzulgesek itzulpenen fluxua kudeatzen du eskatzaileen, itzultzaileen eta zuzentzaileen artean. Adibidez, itzulpena amaitu bezain pronto, berau automatikoki eskatzaileak jasotzen du. Horregatik, itzulpen bolumen handia dagoenean, eta batez ere eskatzaile edo itzultzaile asko tartean daudenean, oso praktikoa da.

Aplikazioaren administratzaileak eskumen guztiak ditu eta horri esker erraz kudeatzen da: eskatzaileen altak, bajak, pasahitzak, memoriak, zuzenketak, itzulpenak… Une batean administratzailea lanean ez badago eta itzulpenak zuzentzerik edo egiterik ez badu, bere itzultze edo zuzenketa lana beste bati esleitu ahal dio.
Terminologia eta memoria sozializatzea

Enpresa bakoitzak bere hiztegi propioa sortu dezake eta, horri esker, itzulpenak egiterakoan langileek zein itzultzaileek beti enpresako terminologia berezia kontsultatu ahal izango dute, baita, aldi berean, memorian dauden itzulpenak eta interneteko hizkuntza baliabideak ere.

Informazioa
iberba@iberba.ws / 944 00 11 33

 Itzulges: itzulpenak eta dokumentazio eleanitza kudeatzeko aplikazioa