[Politikari erretiratuak] Begoña Errazti: “Ez naiz oso identifikatuta sentitzen gaur egungo EA-rekin”
Begoña Errazti
Begoña Errazti 1957an jaio zen Barakaldon. Geografia eta Historian lizentziatu zen eta bi master dauzka, enpresa kudeaketarekin lotutakoa bata eta genero berdintasunaren gainekoa bestea. Mila tokitan lan egindakoa da, eta Iruñean bizi izandakoa da urte luzez. Eusko Alkartasunako bozeramailea izan zen hiru legegintzalditan (1995-2007), eta alderdiko lehendakaria 1999tik 2007 bitarte. Zuzentzen duen fundazioko ateak ireki dizkigu, Deustun, eta bere bulegoan jaso gaitu, irribarretsu.
Zer da zure bizitzaz?
Jende asko bezala lanean eta familiarekin; Mundakan bizi naiz. Politika uzterakoan nire aurreko zereginetara itzuli nintzen, enpresa kudeaketara. Orain Eragintza fundazioko zuzendaria naiz; gaixotasun mentala duten pertsonei lanpostu edo lan formazioa ematen diegu.
Nola aldatu da zure bizitza politikaren lehen lerrotik aldendu ondoren?
Ba egia esan nahiko normal. Politikan jakin behar da sartzen, eta jakin behar da irteten, eta nola ateratzeko erabakia neronek hartu nuen, ba ondo daramat. Bizitza erritmoa ezberdina da, ez zaude komunikabideen arreta gunean eta horrek asko egiten du. Baina beti izan naiz oso pertsona aktiboa, eta parte hartzen dut zenbait tertulietan. Mintzalaguna naiz eta hirugarren adineko jendea laguntzeko patronatu batean nabil, iruditzen zaidalako gizarteari eman behar diogula, bueltatu behar diogula eman diguna. Denbora daukat irakurtzeko, pentsatzeko, idazteko…
Zerbait idazten zabiltza?
Bai, nire oroitzapenak eta beste…
Beste elkarrizketatuak ez dira oso identifikatuta sentitu “politikari erretiratuak” izendapenarekin.
Politika instituzionaletik bai, baina hiritarron betebeharra iruditzen zait politikan parte hartzea, buru-belarri. Gizartea egiten da politikan, eta erne egon behar dugu horretan. Instituzioetako fase bat da, eta uste dut gauzak bizitzan izan behar dutela bere denbora, eta ez dut ulertzen profesionaltasuna politika instituzionalean. Ez da ona ez pertsonarentzat ez proiektuarentzat. Azkarregia da dena, eta perspektiba izateko aukera mantendu daitekeen arren egunerokotasunaren erritmoa oso bizia da. Ni bozeramaile izan nintzen legebiltzarrean eta alderdi bateko lehendakaria; horrek 13-14 ordu eskatzen ditu egunean.
Ikusi zenuen Ibarretxe eta Masen hitzaldia?
Ez nuen aukerarik izan, baina erreferentziak ikusi ditut eta oso interesgarria iruditzen zait. Nazioak gara eta erabakitzeko eskubidea daukagu; nola bideratu hori? Ni ez naiz batere baikorra, kontutan izanda ze bi estatu ditugun parez pare. 2005ean Madrilera joan ginen legalitate osoarekin (zeren eta legitimitatea badugu) eta erantzuna ikustekoa izan zen; berdina orain, desproportzio bat da.
Lehen ETA zen aitzakia, eta esaten zuten behin hori amaituta hitz egin ahal zela; terrorismoaren kontuarekin euskal nazio osoa zipriztindu nahi zuten. Bada ikusi da ezetz.
Ibarretxe pausu batzuk ematen saiatu zen, eta egun Urkulluk independentzia ezinezkoa dela dio. Nola ikusten duzu EAJ-ren bilakaera?
Nik pentsatzen dut EAJ independentista dela, gertatzen dena da ezberdina dela gauzak administratzea momentu batean edo bestean. Une historiko honetan konplexua dago, independentzia ez da egun bateko kontua izango. Baimen bila bagabiltza hori ez da gertatuko. Umiltasun osoz aitortu behar dut ez daukadala erantzuna. Bideak jorratu behar dira, bide juridikoak adibidez; estatus juridiko berri bat idatzita dago, balio du 2004koak; eta ondoren horrekin talkara joan, ez dut besterik ikusten. Eguneroko lanari dagokionez Jaurlaritzak, Foru Gobernuak eta Elkargoak gauza asko egin ditzakete, badituzte lanak eta erronkak. Konfiantzak sortzeko lan egin behar da, baita lankidetzaren onurak guztiontzako direla erakusteko ere. Nazio bat gara, gure nortasuna daukagu, noski, baina independentzia hobeto bizitzeko ere bada.
“Nik ez dut herririk ezagutzen independentzia lortu eta ondoren damutu denik. Hain txarra ez da izango”
Ziur naiz Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua lankidetzan ari direla erronka horiei aurre egiten. Noiz arte? Ez dakit, ez dut egutegirik. Garapena landu behar da, baina diskurtso politikoa eta konpromisoak lortzen ere joan behar gara. Independentzia ez da utopia bat, Europan herrialde asko dira independenteak azkeneko 20 urteetan; eta Historia oso azkar aldatzen da. Ipar Euskal Herriko jendeak EHU-n ikastea, EITB Euskal Herri osoan ikusi ahal izatea, enpresa harremanak, ikastolak, eta ez inor gelditzea bazterrean “Y vasca”-rekin gertatu zitekeen bezala… Haserretu egiten naiz Radio Euskadin entzuten dudanean “Pais Vasco y Navarra”. Hori estatuak ezarritako autonomia sistema onartzea da.
Euskal Herriak Abiadura Handiko Trena behar al du?
Dena komunikatzen badu bai, norbait kanpoan uzten badugu ez. Herri garatu batean komunikazioak oso garrantzitsuak dira, eta ni printzipioz ideiaren alde nago baldintza horiek betez gero. Zalantzaren batzuk ere badauzkat, merkantzia garraioari dagozkionak, ez baitakit funtzio hori beteko duen.
Batetik Elkargoa sortu da Euskal Herrian, eta bestetik Udalbiltza hausnarketa prozesu betean dago. Iruditzen zaizu Udalbiltzak berriro paper estrategiko bat jokatu dezakeela?
Beti egon naiz Udalbiltzaren alde, instituzio nazionalak behar ditugu. Udalbiltza oportunitate bat da. Garapenaren bidea landuz gero onuradunak hiritarrak garela jabetuko gara.
Politika instituzionala gizonen esparrua izan da, are eta gehiago zu lehen lerroan zeudenean. Nola bizi izan zenuen?
Emakume bakarra nintzen bozeramaile bezala, hautagai bezala ere askotan, lehendakari bezala ere lehen emakumea… Ni feminista naiz; ez litzateke beharrezkoa kartela jartzea, baina ezinbestekoa da: ezberdintasunak daude gizartearen arlo guztietan emakume eta gizon artean, eta hori salatu behar da. Biolentzia, gutxiespena, profesionalki daukagun kristalezko sabaia… Egia da azkeneko urteetan hainbat lege onartu direla, ni politikari nenbilela, eta hori ondo dago; baina legea egindakoan tranpa egina dago. Zenbait emakume dira buruzagi? Niri parekidetasun kuotak egotea ondo iruditzen zait. Gizartea demokratikoki garatzen dela iruditzen zait.
Gure lanean ezberdintasuna ere agerikoa zen, baita egun ere; mikromatxismo asko, asko. Zenbait emakume dira bozeramaile, zenbait emakume daude solasaldietan… gutxi, lan handia dago egiteko.
Zer iritzi duzu Eusko Alkartasunaren azken urteetako ibilbideaz, eta EH Bilduren proiektuaz?
EA-n hartu bada erabakia barruko organoetan zilegitasun osoa dauka. Nik uste dut ez dagoela, errespetu osoz, supra-proiekto bat. Ulertu nuen asmoa ez zela siglak batuz koalizio bat egitea, baizik eta zerbait gehiago, eta hurrengo pausua oso garbi ez dagoela uste dut. Kontutan hartu behar da kultura politiko oso ezberdinak batzen direla bertan. Aurrekoan ikusi nuen, adibidez, Sortuk Ertzaintzaren kuartelen aurrean egindako elkarretaratzea; eta ondoren EA-ren erantzuna, nire ustez zuzena; Ertzaintza da gure polizia eta defendatu behar da. EA-ren tradizioa eskubide guztien defentsa izan da, nazionalak, sozialak, eta giza eskubideak.
Proiektua falta da, ez da ulertzen, pentsatzen dudalako ez delako hauteskundeetarako bakarrik, eta ez dakit zein den EA-ren corpus politikoa.
“Ez dakit zein den EA-ren corpus politikoa, eta beraz, ez dakit zertan dabilen dabilen tokian; ez naiz bereziki identifikatuta sentitzen gaur egungo EA-rekin”
Identifikatzen al zara gaur egungo EA-rekin?
Ni kanpoan nago, eta ez bereziki; zenbait gauzekin bai, noski, baina ez bereziki. Ez dut behar orain, egia esan, ordezkari bat; eta aurreko galderara itzulita, corpus politikoa ez badago zer egiten du EA-k hor? Ez dakit; errespetu osoz esaten dut, ez dakit.
Ertzain-etxeen aurrean egindako kontzentrazioak aipatu dituzu; zer da gogoko ez duzuna?
Tortura kasu horiek ez daude demostratuta. Lehengo egunean fiskalak esan zuen ez zegoela salaketarik ere. Etorkizunean demostratzen bada… Ez zait ondo iruditzen Guardia Zibila eta Ertzaintza nahastea. Nahi ala nahi ez agerikoa da estatu batean polizia beharrezkoa dela, eta gure polizia Ertzaintza da. Gauzak nahastea bidegabea iruditzen zait, baita arriskutsua ere. Ez dut ulertzen Sorturen apustu politiko hori. Teorikoki diskurtso ezberdin bat, edo ezberdina izan nahi duen bat egiten ari dira. Ulertu dezaket kontakizun ezberdinak egotea, funtsean oso tradizio politiko ezberdinetatik gatoz.
“Ez dago demostratuta Ertzaintzak torturatu duenik. Bidegabea iruditzen zait gure polizia Guardia Zibilarekin nahastea”
Gurean distortsio elementu oso indartsua egon da, eta hori ETA izan da. Sufrimenduak asko distortsionatzen du. Eta orain jarrera hau Ertzaintzarekin? Nik uste dut politikoki ez zaiela komeni, gizartea kontrako norabidean ikusten dut: lasai, gauzak demokratikoki eginez… Gero posible da hori ere aitzakia izatea ezer ez egiteko, ados! Ez zaie komeni, ez bada interpretatzen (eta nik ez dut horrela interpretatu nahi) barne kontsumorako ekintzak direla, barruan tirabirak dauzkatelako. Tortura salatu behar dela iruditzen zait, baina ez zait egokia iruditzen Ertzaintzarekiko jarrera; politikak beste bide batzuk eskaintzen ditu, parlamentua adibidez, eta hor aukera interesgarriak ikusten ditut. Sortuko jendea EH Bildun sartuta dago, eta niri adibidez oso interesgarria egiten zait Maddalen Iriarteren diskurtsoa, asko preziatzen dut bera; diskurtso intelektualki ona eta politikoki interesgarria.
Katalunia.
Erabakitze eskubidearen aldeko mugimendua babestu eta Gure Esku Dagoren ekintzetan parte hartzen dut; GED bera gizartearen erakusle handi bat da. Kataluniako unea oso interesgarria iruditzen zait, oso, nik uste dut inork ez genuela espero hainbeste iraun eta indartsu egotea. Espainiaren jarreran arrisku handia ikusten dut, gizartea haserretu eta probokatuz haustura geroz eta handiagoa sortzen baitute (Espainiarekiko).
Zer irakurtzen ari zara?
Liburu ezberdinak irakurtzen ditut batera. Bat Ponpeya suntsitu aurretik ze egoeran zegoen azaltzen duena; krisi ekonomikoaren inguruko beste bat (txarra naiz izenburuekin); Mikel Albizuren poesia liburu bat ere. Ikerketa liburu bat ere badaukat esku artean, estatu batzuk zergatik egin duten porrot azaltzen duena. E-book horietara pasa naiz eta oso gustura nabil.
Ze euskal musikari entzuten dituzu?
Klasikoa naiz: Benito Lertxundi, Xabier Lete… Antton Valverde asko gustatzen zait. Duela ez asko telebistan aurkitu nuen eta esan nion “zure fana naiz!” Barre egiten zuen. Imanol ere bai, gordin esaten zituen gauzak batzuetan… Dena den musika kontuetan oso ekleptika naiz. Lete irakurtzeko ere bai…
“Abertzaleok adostasunak lortu behar ditugu, beharrezkoa da; gainera, une aproposean gaude, ez baitaukagu astean behin hileta batera joan beharrik”
Egunkariak?
Denetik, sarean denak. Baina paperean bereziki Deia, El Correo eta Berria. Oso goiz mugitzen naiz eta prentsari berehala heltzen diot.
ZuZeun “Maltzaga” kontzeptuarekin lotuta idatzi serie bat egiten dabiltza hainbat lagun. Begoña Erraztik euskal estatu bat nahi du…
Bai noski! Eta hori ez dut aldatuko! Ez dut nahi!
… eta estatu hori lortzeko zeintzuk dira eginbeharreko indar metaketak?
Gasteizko Legebiltzarraren kasuan, adibidez, gehiengoa abertzalea da, zilegitasuna daukagu. Gainera ETA jada ez dago guztia distortsionatzen. Uste dut oso momentu onean gaudela EH Bildu, EH Bai eta EAJ indarrak batu eta bide batzuk jorratzeko. Ezinbestekoa da. Koiuntura politikoaren arabera aliantza batzuk egiten dira, baina koiunturaz gaindi epe luzerako begirada mantendu behar da. Eta noren artean egingo dugu estatu hori? Abertzaleen artean konpondu beharko gara, ezta? Demokrazia kontuengatik beste indarren batek onartu dezake erabakitze eskubidea, baina hori demokrata izatea da, ez besterik. Pausu nazionalak abertzaleen artean eman behar ditugu, eta pentsatzen dut duela hiru urte baino hobe gaudela. Konfiantzak elkarrekin lan eginez lortzen dira; aukera eta ardura dute alderdi politikoek. Estatutu berri bat dugu idatzita hor, 2004koa, pausuak eman behar dira. Ardura dute, eta aitzakia gutxi; adostasunak lortu behar dituzte abertzaleek, beharrezkoa da. Une aproposean gaude, ez baitaukagu astean behin hileta batera joan beharrik.
Begoña Errazti
[Politikari erretiratuak] Tasio Erkizia: “Ezkerra ezinean bizi da”
Erraztiri gomendatzeko moduko artikulua, Los negacionistas de la tortura, “gure” Ertzaintzaren tortura kasuez.
http://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2017-02-22/hemeroteca_articles/negacionistas-de-la-tortura
“Xabier Etxeberria, Director del Aula de Ética de la Universidad de Deusto, denunció al respecto que la tortura, lejos de desaparecer, se hizo secreta, y que «Este secretismo, por un lado, garantiza la impunidad del torturador y, por otro, deja sumida a la víctima en el mayor desamparo no sólo en el momento de ser torturada, sino en el momento de reclamar la justicia y la reparación debida por lo que se le ha hecho»”.
AHTren aldekoa nahiz ta datu guztiak erran hondamendi ekologiko, ekonomiko ta soziala dan, gainera alde nahiz ta garraioentzako ez balio.
Torturak ez direla demostratu? Ikertu ere ez dira egin ta? Beraz tipa honen irudikoz, estanbuleko protokoloa ertzaintza ta kontseilarien erranak baino gutxiago da?
Ez direla GCa ta Ertzaintza nahastu behar? Ez dira nahasten, biak torturatu dute ta bai demostratua dagoela.
En pin erdira ailegatu orduko irakurtzeari utzi diot, memelkeri edo gezur bat bestearen atzetik irakurtzeko…