[Politikari erretiratuak] Tasio Erkizia: “Ezkerra ezinean bizi da”

[Politikari erretiratuak] Tasio Erkizia: “Ezkerra ezinean bizi da”

Politikari erretiratua bada ere, oso aktiboa da Tasio Erkizia (Lesaka, 1943): “Aizue! Ez naiz erretiratu. Inoiz baino aktiboago nago”. Lantoki ere bihurtu duen Santutxuko etxeko ateak zabaldu dizkio ZuZeuri. Bulegora egongelatik sartzen da. Ez da oso handia, baina liburuz gainezka du eta bazter batera ez da falta mahaigaina ordenagailu eta guzti. Bertan pasa ditu orduak ‘Bizipenak eta hausnarketak‘ (Txalaparta, 2016) idazten. Azala laztua du Erkiziak, denetik ikusi eta bizi izan baitu bizitzan, torturak, atxiloketak, hilketak eta borroka armatuaren akabera. Ezker abertzalearen norabideaz, iraganaz, orainaz eta munduaz solastu dugu besteak beste. Hemen duzue emaitza.

[Politikari erretiratuak] Tasio Erkizia: "Ezkerra ezinean bizi da"
Bada tarte bat politikagintza publikoaren lehen lerrotik erretiratu zinela. Zer moduz daramazu erretiroa?

Azken urte hauetan inoiz baino proiektu gehiago dauzkat esku artean. Esan daiteke “lan profesionala” utzi dudala, baina ez dut erretirorik hartu. Aktibo jarraitzen dut herrigintzan eta ahal dudan ekarpena egiten.

Apaiz izandakoa zara. Zer pentsatua eman dizu Juan Kruz Mendizabalen kasuak?

Tristura handia sortzen dit, ikusita gainera ze arinkeriaz tratatzen den gai hau; ez dela kasu isolatu bat, Elizan horrelako milaka daudela. Zelibatoa botere harreman batzuk inposatzeko jarrera anormal bat da. Elizak zurikeria gutxiago eta zintzotasun gehiago behar luke; kapitalismoaren zerbitzura dagoen erakunde bat izan beharrean berdintasunaren eta giza eskubideen alde jardungo duena. Gaurko Elizak ez dauka zerikusirik Ebanjelioarekin, justu aurkakoa egiten du.

“Kakuxena ez da kasu isolatu bat,
Elizan horrelako milaka daude”


Apaiz zinela ezagutu zenuen horrelako sexu eraso kasurik?

Ez zait tokatu hurbilean horrelako kasu bat bizi behar izatea; baina susmo oso garbiak, bai.

Nola oroitzen dituzu apaiz garaiak?

Nire erara bizi izan nuen, ez nuen sekula kargu ofizialik izan. Orduan kritikoa nintzen Elizarekin, eta orain gehiago. Boterearen zerbitzura funtzio ideologiko bat garatzen duen aparatua da, beti indarkeriaren alde. Badirudi Aita Santuak beste aurpegi bat eskaini nahian dabilela; esan du errefuxiatuekin gertatzen ari dena bidegabekeria bat dela, Europar Batasunari beste politika bat eskatu dio, baina funtsean, Elizak ez du ezer egin.

Oraindik fededuna sentitzen zara?

Ez. Nik Ebanjelioan sinesten dut, iruditzen zaidalako izugarrizko balioak eta ekarpenak planteatzen dituela.

Sentsazioa ematen du jendartea Ezker Abertzalea baino azkarrago mugitzen dela.

Ez, azkarrago ez, jendartea beste norabide batean doa. Erosotasunarenean. Gezurra instalatu da modu naturalean, eta politikagintza jendea engainatzeko arte batean bilakatu da. Ez naiz Trump edo ez dakit nori buruz ari bakarrik; Gasteizko Gobernuaren zeregin nagusia egiten dutena zuritzea. Badirudi hemen jende guztia dagoela prekarietatearen aurka, denek hori diotelako; baina batzuen politikak prekarietateari bidea zabaltzen dio.

Mundu mailan ez ditugu garai gozoak bizi. Askoren ustez III. Mundu Gerra bat etorriko da, baina nire iritziz jada hemen dago. Egunero bonbardaketak, egunero istiluak, multinazionalak, petrolioa…

Sortuk kongresua egingo du aste honetan. Zutik Euskal Herria, Abian, Zohardia… Eztabaidak luze jo dute, eta joko dute, horizontalki egiteak eskatzen duen epean; baina jendartea abiadura bizian aldatzen da.

Mundu guztian ezkerra krisian dago, zaila delako kapitalismoaren alternatiba izango den sistema bat proiektatzea. Jendarteak behar du alternatiba bat, prekarietatea gero eta larriagoa delako, gazteena bereziki. Baina aldi berean jendartea bera erosotasunean eta indibidualismoan murgilduta bizi da. Hala ere nik uste dut Euskal Herrian badela egonezin bat, ezker abertzaleak urteetan zehar erein duena lekuko: desadostasuna, erreboltaria eta justiziarekiko harreman bat.

Garbi dagoena da gure buruak ahalduntzeko borroka dela bide bakarra.

“Politikagintza jendea engainatzeko
arte bilakatu da”


Erosotasunaren ideia aipatu duzu. Militantzia bera ulertzeko moduak ere aldatu dira. Zer gustatzen zaizu egungo militantzia motez eta zer ez?

Jendartean ideia faltsu bat ereiten da. Pentsatzea gauzak modu eroso batean alda daitezkeela, hori ameskeria da. Boterea daukanak ez die bere pribilejioei uko egingo ez bazaio horretara bortxatzen. Hori garbi izan behar da. Ezkerra eta biguna izatea, ezkerra eta erosoa, ez datoz bat.

Ilusioa pizten dit oraindik gazte askok haserretzeko gaitasuna edukitzeak; baina garbi izan behar da haserretzeak ez dituela gauzak aldatzen, tabernan koadrilarekin esatea ze gaizki bizi garen. Hori ez da errebeldia, hori “kabreo” bat da. Iruditzen zait badagoela jendea pentsatzen duena gauzak suabe suabe aldatu daitezkeela, eta hori ez zait batere gustatzen. Adibidez: badago jendea gimnasiora joaten dena, eta hori lehenesten du auzoan egin beharreko lanaz gaindi. Horrela ezin da. Aldaketa nahi badugu ezin dira interes pertsonalak kolektiboen aurretik jarri. Bakoitzak nahi duena eginaz ez dira gauzak aldatuko, antolakuntza behar da.

Ezker Abertzalean korronte kritikoak agertu dira azken urteetan. Ze iritzi duzu planteatzen dutenaren inguruan?

Ezkerra ezinean bizi da, ez da erraza bidea topatzea. Bizi izan ditugun krisi uneetan beti sortzen da talde bat, guk “kabreatuen kluba” deitzen genien, bere buruarekin eta mundu osoarekin haserre zena. Baina amorru hori eskuinaren aurka bideratu beharrean, etxekoen kontra bideratzen zuten.

Ni kritikoa naiz Ezker Abertzalearekin; ezkerrarekin, orokorrean. Zergatik? Egungo jendartean erraza delako bigunkerietara jotzea, norberaren interesak aurretik jartzea; lehen eta orain. Beti borrokatu behar izan dugu, batetik egoskorrekin, bestetik erosokeriarekin. Ezin gara tematu pentsatuz egi osoa daukagunik, hori ez da existitzen; guztiok jendarte justuago bat nahi badugu, ezinbestekoa zaigu biltzea. Bestea ere onartu behar dugu, bestela ezin da mugimendu zabal bat eraiki. Gure obsesioa ezin dira ezberdintasunak izan. Gure obsesioa ekitea izan behar da. Ekin. Eztabaidak behar ditugu, baina ekiteko. Ezin dugu onartu egoera hau normalitate gisa.

“Ezker Abertzalea pixka bat
lasaitu egin da,
apur bat urrundu gara kaletik”

[Politikari erretiratuak] Tasio Erkizia: "Ezkerra ezinean bizi da"

Plaza erraldoia da Bilbo Handia. Zer egin beharko luke Ezker Abertzaleak EAJ-ren itzaletik atera eta espazio zabalagoak lortzeko?

Ez da galdera erraza. Oroitzen naiz lehen udal hauteskundeetan, 1979ean, Ezker Abertzalea lehen indarra izan zela auzo behartsuenetan. Etorkin gehien zegoen auzoetan, adibidez Otxarkoagan (%95a), lehen indarra izan zen Herri Batasuna; edo San Adrianen. Zergatik bihurtu da, gau egun, bazterreko indar txiki bat?

Ezker Abertzaleak ez al du borrokarik egin? Ez al gara auzoetan aritu herritarrekin ekinean? Nik baietz uste dut. Baina komunikabideengandik jasan dugun kriminalizazioa ere latza izan da.

ETA-k eragina izango zuen, ez da?.

Bai, baina ETA 1979n ere bazegoen, eta ekintza bortitzak ere egiten zituen orduan.

ETA ikusteko manera ere asko aldatu da denboran zehar.

Dudarik ez. Huts egiteek sekulako eragina izan dute. Baina komunikabideek lortu dute ideia bat sakon txertatzea jendearengan: terrorismoa da sistemaren aurka doan guztia. Edozein txiringito erretzea izugarrizko delitu bezala jartzen dute; baina, dirudienez, 400 langile kaleratzea ez. Hori ez al da biolentzia?

Nola eman ahal zaio buelta egoerari Bilbo Handian? Otxarkoagan?

Ezker Abertzalea kalean gehien ikus daitekeen indar politikoa da: Bilboko auzo zein kultur elkarteetan, mugimendu herritarretan, etxe-kaleratzeetan…. Baina hala ere ez da nahikoa. Ezker Abertzalea pixka bat lasaitu egin da egin, apur bat urrundu gara kaletik, eta hori berreskuratu behar dugu. Informazio erraza eta zuzena helarazteko metodoak asmatu behar ditugu, ez da hain erraza jendea mobilizatzea, baina jendearengana iristen saiatu behar gara.  Militantzia eta militantzia. Beste modu batzuetan, beharbada, baina militantzia. Alternatiben eraikuntza ere bide garrantzitsua da, elikadura burujabetza, adibidez.

Zure tortura kasua ezaguna izan zen. Ze itxaropen daukazu Servini epaileak egin dezakeen bideaz?

Esan zidatenean salaketa jartzeko Serviniren aurrean, nik erantzun nuen ez neukala denbora galtzeko gogorik. Bigarren aldiz etorri zitzaizkidan, esanaz nola ari ziren bide batzuk zabaltzen, eta nire tortura kasua salatzeak merezi zuela. Ez dut bide judizialetan asko sinesten, ez hemengoetan eta ez Argentinakoetan, baina adiskide hauek egiten duten lanak errespetu bat merezi duelako hartu dut parte. Ordu arte ez neukan idatzita torturen inguruko idatzi bat, eta lagungarri egin zait. Detaileak ahazten direla ohartzen naiz, baina bizipena, bizipen sakona, ez. Betirako izaten dira.

Tasio Erkizia Tasio Erkizia Tasio Erkizia Tasio Erkizia: “Ezkerra ezinean bizi da”

[Politikari erretiratuak] Iñaki Anasagasti: “Baserritarrek esaten zidaten euskarak ez zuela ezertarako balio”

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Ekaitza bainuontzi batean