Politika edo “populutika” Iparraldean?

Politika edo “populutika” Iparraldean –

Politikak, alegia eskuarki deitzen ditugun joko eta ardura politikoek eta horretara iristeko egiten ditugun ahaleginek, inportantzia ebidentea eta naturala daukate gure buruetan eta inguruko gizarte guzian. Baina politika beti egiten da lurralde politiko jakin baten markoan; politikak lurralde horri egiten dio erreferentzia eta lurralde horri dagokio, baita lurralde horren baitan bizi den populazioari, populazio globalari, alegia lurralde horretan osotasun batean hartutako populazioari.

Erregimen demokratiko batean, hauteskundeak antolatzen edo bederen koordinatzen dira lurralde politiko horren barnean eta populazio osoarentzat. Horregatik, iparraldean euskal populuaren patua, bere heriotza edo iraupena, ez da politika horren problematika bat. Problematika guziak funtsean aztertuak eta epaituak dira populazio globalaren ikuspuntutik.

Errepikatzen dut Frantzia, Akitania, departamendu, ACPB (elkargo) lurraldeek eta marko horien guzien mailan, haien instituzio guzien mailan, funtzionariek eta hautaturiko politikariek ez lezakete nahita ere zinez eta errotik kontuan har minuskulu, barreiatu, minorizatu den populu baten patua, lurralde aitortu propiorik gabeko eta diluitzera kondenatua den populu baten patua.

Politika instituzionalean parte hartu duten gure politikari guziek, nahi edo ez, gure populuaren arazo existentziala gehien bat isildu eta apaletan jaso behar izan dute, Frantziak, Akitaniak, departamenduak ACPBak eta haien populazioek ulertzen eta onartzen dituzten lengoaia eta problematika sasi unibertsalak berenganatzeko.

Segur naiz mendeetan zehar gaur arte euskaldunen politikan parte hartze hori deskontzientisazio nazionalaren eta asimilatze etnikoaren faktore handia izan dela. Orain nehor ez da gehiago ausartzen aipatzera euskal populu zehatz eta konkretuaren, edo beretik geratzen denaren interesa eta patua. “Euskal populu”aren adierazpena edo esaera bera ere ez da gehiago erabiltzen. 

Seguraz ere baten batek erraiten ahalko lidake oraindik gure egiazko politikariak beharko ginituzkeela gure egiazko politika egiteko. Nik hari erranen nioke, zorigaitzez, justu hori dela  ezinezkoa. Izan ere inolako politikak edo inungo politikarik ez du salbatuko duela 1789tik lurralde propio aitorturik ez duen populu nimiño bat, zeina, gainera, orain, behin betikotz asimilatua izan artean, kondenatua den gutiengo bat izatera lehenagoko bere lurralde historikoetan beretan.

Ez naiz batere filologoa baina ez baniz oker «politika» hitzak erreferentzia egiten du «polis» edo “hiri” bati, erran nahi baita marko jakin bati eta bertan bilduriko populu homogeneo jakin bati. Dagoen kinkan, euskal populuaren arrastoentzat politikak ez badu gehiago zentzurik, beharbada «Populutika» edo «populugintza» tankerako hitz baten pean, gure ingurune demokratiko etnozidio honen erdian euskal populuaren iraupena antolatzeko aukera geldi liteke oraindik.

Gure egoera bitxiaren ezaugarrietarik bat da demokratikoa eta etnozidioa orobat izaitea oraingo zentzu komunean.

Beharbada heriotza etniko seguruaren kontzientziak libratu eta zabaldu egingo digu gure ulermena, zeina, kontzientzia hori ezean, errealitatearen eta perilaren ukazio ohikoa gatik eskuarki alfer eta lausotua egoiten den; Beharbada bortxatuko gaitu, baita ere, pentsatzeko arriskua hartzera, mundu honetan arriskurik gabe ez baitago iduriz egiazko pentsamendurik.

Lerro hauek abisuak eta kritikak jasotzeko hausnarketa saio trakets bat baizik ez dira, Zuzeuk bakarrik publikatzera ahalbidetzen didana.

Politika edo “populutika” Iparraldean

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “Politika edo “populutika” Iparraldean?”-ri buruz

  • josu naberan 2022-03-10 00:23

    Ipar parteko egoeraren analisia txit sakona, zehatza eta errotikoa egin duk, Benat. Eta, gainera, ausarta, radikala, politikariek egiten ausartzen ez diren analisia.

    Nihaur txit ados niagok hirekin.
    Lastima duk Matalasti ezin erantzun ahal izaitea:

    …agian, agian, jaikiko dira
    egiazko eüskaldünak…

    Egiazko eüskaldünak jaiki daitezen EZ DA ASKI POLITIKAGINTZA.

    Premia-premiazkoa dük (urjentziazkoa) POPULUGINTZA egitea, hik dioan bezala.

    Guretariko batzuen “2022-KULTURGINTZA” deitu diogu, eta hori antolatu nahian gabiltzak, xedetzat hartuz populuari bere mEMORIA ETA KULTURA transmititzea.

    Plangintza zehatz bat proposatzen diagu gutxieneko programa bat diseinatzeko, eta gero….

    Baina rollo horren barri jakinen duk seguruenik… ZUZEUtik bertotik.

    Apuntatu hari plangintza hori bultzatzeko zuenean ere. Eta jo ta ke irabazi arte!