Podgorica eta Backo
Podgorica da Montenegroko hiriburua. Ezezaguna guztiz. Nik bisitatu ditudan hiriburuen artean, agian, ikusteko gutxien daukana. Ezer gutxi. Ez dakit, agian, horregatik erosoen sentitu arazi nauenetako bat ere izan da. Lasaia, trankila. Inongo edertasunik ez badu ere, itsusia ez da eta egunean zehar beroa jasangaitza izan arren, arratsaldeko epeltasunak pasiatzera irtetera gonbidatzen du, caffe batean eseri eta Montenegro bertako Niksicko zerbeza fresko bat hartzeko. Eguzkia ezkutatzearekin irabazten dute kaleak. Bizitasunez betetzen da bulebar printzipala, zein, gainera, bostetatik aurrera oinezkoentzat bakarrik bihurtzen baiten. Trafikoak debekatuta dauka hurrengo goizeko bostak arte berriro ibiltzea.
“Montenegro oso polita da“, esaten diote hona etortzen diren turista eta atzerritarrek. “Bai“, erantzuten die berak, “soilik 600.000 montenegroarrak daude soberan“, umore beltza erabiliz, “horiek denak hemendik bidaliz gero, perfekto“.
Baina bada beste motibo bat, izen propio bat, Podgorican gustora sentiarazi nauena: Backo. Backo ostatu hartu dudan lekuaren jabea da. 35 urteko montenegroarra. Musulman ateoa, bere hitzetan. Gaueko tertulian herrialdearen historia, politika eta gaur egungo affaire askoren berri eman dit, bion arteko berbaldi atsegin batean, Euskal Herriataz ere galdetu baitit.
“Montenegro oso polita da“, esaten diote hona etortzen diren turista eta atzerritarrek. “Bai“, erantzuten die berak, “soilik 600.000 montenegroarrak daude soberan“, umore beltza erabiliz, “horiek denak hemendik bidaliz gero, perfekto“. Ustelkeria omen da nagusi Montenegron eta Errusiako mafia herrialdea bereganatzen ari da, batik bat, kosta adriatikoa. “Hau garbigailu bat bezala da, zuk ekarri diru zikina eta hemen inbertituz zurituko da“. Backok ez du sinesten politikoetan eta horregatik ez du inoiz bozarik eman. Denak berdinak iruditzen zaizkio, gobernukoak ala oposiziokoak izan. Denak ustelak.
Bidaiarientzat lasaia da, ez da arriskurik baina krimen antolatua existitzen da eta Sizialiako metodo berak erabiltzen omen dituzte. Lehen Italiako mafiak ziren eta Europar Batasunak “aski da!“ esan zuenean, Errusiarrak iritsi ziren. Beraien asuntotan ez sartzea omen da arazorik ez izateko irtenbiderik onena.
Gerrari buruz galdetu diodanean, esan dit Balkanetako Gerrak ez direla amaitu, gorrotoak eta nazionalismo sutsuak hori dirautela. “Europar Batasunaren presioaz denak demokratak bailiran aktuatzen ari dira, baina 20 urte baino lehenago berriro gerra piztuko da“, dio. Inor ez dago gustora bake akordioen emaitzekin. Ez da baikorra, berba egiteko moduak eta tonuak salatzen dute.
Zigarro bat pizten du bestearen atzetik, horrek lasaituko egingo balu bezala. Hitz egiteko gogoz dago. Eta nik utzi egiten diot, segitzeko esanez. Gustora dago dena kontatzen eta niri arras interesgarria iruditzen ari zait kontatzen didan oro.
Montenegroko historiari eutsi dio. Harro dago montenegroarra izateaz. Hitzetan nabari da. “Gu ez gaitu inork konkistatu, ezta inperio otomandarrak ere”, eta mapa batean erakusten dit herrialde hau askea izan zela turkiarrek zonalde hori okupatu zuten 500 urteetan. Gaur egungo Suitza moduan geratu zen, “for trading”, dio, negozioak egiteko.
Bukatzeko ardo montenegroarra atera dit. Beltza. Eta botila txikia bion artean konpartitu dugu. Horrela bertako ardo ederra dastatuz amaitu dugu gaua, ez antolatu, ez ordaindu daitekeen aparteko giro epel batean.
Gauza batekin ez nago ados, Backok dioenean “EBren presioa dela eta demokrata bezala aktuatzen dituzte, baian 20 urte aurretik guda berriz hasiko da”. Prezeski EB izan zen guda gehien sustatu zuenetako bat (Kroazia eta Eslovenia lagunduz serbiarren aurka). EBri ez zitzaion Jugoslavia interesatzen.
Beste alde batetik mafia oso sartua dagoela ados, ez da Montenegro baino gobernu mafiosorik Balkan osoetan. Milo Djukanovic Balakanetako politikorik arrakastatsuena izna zen herrialde bat bere jabetzakoa bihurtzen. Eta Milo hori, “antiserbiarra” zenez oso txalotua izan zen Mendebaldean,e ta baita Euskal Herrian “Independentista” zelako (batzuetan hain erraz sartzen digute ziria euskaldunoi…)
Bestalde egia da Montenegro ez zuela inork konkistatu (nahiz eta otomandarrei tributoak ordaindu behar izan zizkien urte batzuez). Horrek, egia da, halako harrotasun bat piztu du: “serbiarren artean serbiarrenak” “hiperserbiarrak” omen ziren montenegroarrak.
Agur bero bat!!
P.D: Ez dakit zergatik “Montenegro” diogun euskaraz eta ez “Mendibeltza”
Aupa Draza:
Ados guztiz Europar Batasuna izan zela gehien butzatu zuena gerra Balkanetan. Nik gauza batzuetan kontra egin nion, baina nire asmoa bera entzutea eta tarte bat konpartitzea zen, ez nuen eztabaidan sartu nahi, eta ezin det kronikatxo horretan jarri han hitz egin genuen guztia. Baina ados nago Europako “demokraziak” izan zirela han gertautakoaren errudun nagusia.
Oh.-izenaren inguruan, nik bere izen naturala mantendu eta euskaraz Crna Gora deituko nioke, ez nioke Mendi Beltza deituko, berea ez den beste hizkuntzatan mantentzen baita Monetnegro, izan inglesez, italieraz, edo beste hizkuntzetan. Nik tokien izena tokiko erara deituko nioke.
Beno, errusierraz “Txernaia Gora” esaten da (“Mendi Beltza” errusieraz), albanieraz (hizkuntz aofiziala Montenegron) “Mali i Zi” eta grezieraz “Mavrovunio”, guztietan, euren hizkuntza erabiliz.