Martutene: A personal reading journal (eta 3)

Martutene-3(152. orr.) Journal maitea: maitemindu egin naiz. Gutxien espero nuenean. Eta gutxien espero nuenarekin. Juliarekin. Eta ez diot hori Julia gutxien erakartzen ninduena zelako, hemengo emaztekien artean. Ez, lehen unetik ikusi nion zerbait berezi, onerako, besteen aldean.

Baina, aldi berean, oso urruna zen nirekin. Oso hotza. Inolako interes ezkutu edo asmo bikoitzik gabe. Esan nahi dut: bere urruntasunean zintzo ari zen jokatzen. Nirekin. Besteekin ere urruna da, baina ez hainbeste, eta hain zintzoa ere ez.

Horregatik ustekabe handia izan da gaur arratsaldean bere etxera gonbidatzea, eta han izan dugun solasaldia. Zoragarria. Aski laburra izan da, eta ez dugu aparteko ezertaz hitz egin. Hemen seinalatzea merezi duen ezer. Hitz egiteko giroa izan da, eta modua, begirunez, begietara. Isiluneei ere hitza emanez. Martutenera iritsi naizenetik ahaztua nuen sentsazioa.

Badakit ezin dudala ilusiorik egin. Ez Juliaren aldetik ez neure aldetik. Batetik bai, pentsa nezake Zigor eta Martin bezalako bi gizon hain ezberdinekin maitemindu baldin bada Julia, zergatik ez nirekin ere… Baina inpresioa dut bi haiekin maitemindu zen Julia ez dela oraingoa. Iraganekoa. Eta neu bai oraingoa naiz, ez Julia maiteminari irekita zegoen garaikoa –eta orduan ere ez dut uste aukera handirik izango nuenik-.

Bestaldetik, argi dago neure maitemina ere ez dela sobera fidagarria. Gehiago dela Martutenera iritsi naizenetik nengoen –eta oraindik nagoen- egoera miserablean erdikusi dudan argi izpia. Kontraste hutsez idealizatua. Segur aski bihar goizean iluna ez da hain iluna izango, ezta argia hain argitsua ere.

 Dena den, biharko eguna iristeko irrikan nago. Arratsaldea, ospitalean, terriblea izan da. Amesgaiztoa –zer pentsatuko ote du Lynnek?-. Eta gaua ez dator xamurragoa. Iñakiren etxean pasa behar dut. Ze nolako tentsio uneak, Iñaki, Rosa eta hiruron artean! Zorionez nor bere gelara erretiratu gara. Honezkero lotan egongo dira, espero dut. Zoaz komunera, isil-isilik, ea hortzetako eskuila bat topatzen duzun, tiraderaren batean.

 

(172. orr.) Banekien, ez nuela inolako aukerarik. Ebidentzia horren kontra errebelatzen banintzen ere. Dagoeneko ez dut errebelatzeko aukerarik ere: kristal gotor bat dago Julia eta bion artean. Hemengo guztiengandik bereizten nauen kristalezko hesi bera. Arrain ontzi batena irudi. Barrutik ez dakite, ezta jakin nahi ere, hemen inor dagoen edo ez. Berdin zaie. Elkarrengandik bereiztea baino ez dute burutan –neska amerikarra kenduta, berak ez du nabarmendu beharrik, ezberdina dela-. Besteen bazka ez bihurtzea.

Tira, dagoeneko hurbil, 176. orrialdean (Egunero hasten delako nobelaren orrialde kopurua) dago azken muga. Azken begiradatxoa bota, zakua hartu eta, isil-isilik, etxera.

 

Martutene-4(176. orr.) “In te good sense” (sic). Deskuidua izan da akatsa? Ez dut uste, dena dago hemen ezinago zaindua. Nahita utzia da, beraz? Bigarren zentzu batez? Nitaz irri egin nahian… Agian aspalditik ari dira holako txantxak egiten, eta ni konturatu gabe.

 

(184. orr.) Barruko norbaitek badaki hemen nagoela. Metxero bat utzi dit, ohar batekin: “Burn it!” Ez dakit nor izan den, ezta zer erre behar den ere. Edonor izan daiteke, neska amerikarra izan ezik –Lynnek ez du nirekin ezer, eta momentuz ez du zertan erre nahi ezer, nik uste-. Julia, Martin, Harri, Iñaki, Rosa… Nor? Erre, zer? Journal hau? Montauk liburua? Karpeta urdina? Fotokopiak?… Nahiago dut pentsatu Julia izan dela. Eta bera izan ez balitz ere, berdin zait. Ziur nago berak Martinen nobela erretzea eskatuko zidala. 

Martutene: A personal reading journal (eta 3)

Egunero hasten delako, martutene

2 pentsamendu “Martutene: A personal reading journal (eta 3)”-ri buruz

  • Ene bizitza jada ez honen laburrean, ez dut sekula kausitu liburu bati buruzko iruzkin hain landu bezain pribatu eta sentiturik. Egia esan, Kugema, idatzi duzunaren laurdena ere ez dizut ulertu, baina zinez gozatu dut zurekin bai baitakit diozuna dela inspiratu, benetako eta gozagarri. Areago, daitort sekulako pena eman didala azken sarrera honen idazpurutiko “eta” horrek. Segiko nukeen gustura zure behelaino artean neu ere noraezean galdurik. Zinez. Baina finitu duzu, antza. Domaia da.

  • Esker mila. Abentura honetan bi kezka nagusi izan ditut, besteak beste: Martuteneko bakardadearen zama, eta nire journal pertsonal hau esku ezegokietan eroriko ote zen. Bietan ere lasaigarria izan zara, Konatxe. Beti arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude