PNVren ainguratik aska gaitezen

PNVren ainguratik aska gaitezen –

Euskal Herri osorako estrategia bakarra aukeratzea ez da sekula lan xamurra izan. Azkeneko urteetan, gainera, aniztasuna handitu da eta iraganean oztopoak ziren hainbat faktore desagertu badira ere, oraindik ez da bide sendo bat aukeratu.

Egoera ez da erraza, Estatuekiko aldebikotasuna ezinezkoa da; eta bestalde, aldebakartasunari ekiteko indar-metaketa nahikorik ez dugula ematen du. Noraeza horretan oraindik ez dugu aurkitu ibilbide nagusi bat eskualde guztietako euskal herritarrentzat. Labirintotik atera nahian, proposamen berriak mahaigaineratzen ari dira.

Susmoa dut proposamen horietako batzuk irudikatzeko garaian pisu handia izan duela Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdeko herri batzuetan ematen ari den fenomeno berriak.

Demagun eskualde horietako bi familia alderatu nahi ditugula. Familia batek PNVri bozka ematen dio; besteak EHbilduri. Bi familia horiek, egun, ez dira hain ezberdinak: ingurua euskalduna dute, bietan berezko hiztun euskaldunak dira. Eskualdean langabezi-tasa txikia dute…

PNVren ainguratik aska gaitezen

Etxeko guztiek badute lana. Jeltzaleen aldeko bozka egiten dutenak mezetara joaten ez diren arren, oraindik euren burua katolikotzat dute, igandeetan hobeto janzten dira, auto ederra eta garestia erakusteko konplexurik ez dute, euren arrakasta erakutsi nahi dute. Kostaldean etxe bat erosi dute, batzuetan alokatzeko, besteetan uda han pasatzeko. Lurra zuten eta oso mailegu txikia eskatu behar izan zutelako, familiako guztiek dagoeneko herriko etxea ordainduta dute.

EHbilduri bozka ematen diotenak ere lanean ari dira. Seme-alabak koxkortu dira eta lau soldata iristen dira etxera. Jainkokeria gaindituta daukate eta bestelako balore-sisteman aritzen dira. Babes ofizialeko etxea egokitu zitzaien eta diru faltarik ez dute. Estetikoki ezin dute auto garestia erosi, baina furgoneta txukuna dute asteburuetarako. Kostaldean etxerik ez, aldiz, urtero Tailandia ala Vietnamera joaten dira oporretara.

Biek ala biek badute osaba-izeba bat Euskadiko Ezkerran ibilitako, “euskadiko” jatorra ordea, ez PSOEn sartu zen horietakoa. Biek ala biek herriko jaiak elkarrekin antolatzen dituzte, herri horietan alarde matxistek sortzen duten polarizazioa ez baitu eraginik, bi familietakoak herriko elkartean elkartzen dira sarritan.

Barkatuko didazue karikaturizazioa, baina nire ustez horrelako gertaerak ari dira ematen toki batzuetan eta horrek eragina izan du zenbait eragilek egin duten estrategia deseinuan.

Horren adierazleetako bat, esaterako, horietako herri batzuetan udal hauteskundeetan ezker/eskuin ezberdintzen ez dituzten herri-plataformak sortu izana.

Egoera idilikoa askoren ustez, eta noski, ulergarria da hamarkada luzeetan lubakiak egiten aritu ondoren horrela sentitzea. Zubiak eraikitzea eskertzekoa da, neronek ere oso gustura eta eroso ibiltzen naiz lan horretan, askoz atseginagoa egiten zait, haatik,….

Egoera idiliko horrek ez du irudikatzen benetan une honetan Euskal Herrian geratzen ari dena, ez arlo soziokulturalean, ez ekonomikoan, ezta politikoan ere. Euskal Herritar gehienak ez dira horrelako testu-inguruan bizi. Gehiengoa bost gunetan pilatu gara: Bilbo Handian; Gipuzkoako Iparekialdean; BAMn; Iruñerrian eta Gasteizen. Eta leku horietan panorama oso bestelakoa da: langabezi-tasa handiagoa da, aniztasuna konplexuagoa da, euskaldun aktiboak minorizatuta daude, poliziaren presentziak jarraitzen du itogarria izaten, etxe-bizitzak garestiak dira, ingurumena kutsatuta dago, terzirazio prozesu azkarra suertatu da, pobrezia poltsak sortzen ari dira, etorri berriak baztertzen ari gara…

Leku horietan jeltzaleek ez dute berdin jokatzen, eta jeltzaleak oso iaioak dira, zenbakiak egiten trebeak dira-eta. Jakin badakite zein politika egin behar den mendebaldeko hiru herrialdeetan hegemoniari eutsi ahal izateko, eta egun ere jakin badakite noren bozkei esker ari dira gobernuetan.

Egungo PNVren botoemaile gehienak ez dira herri txiki eta euskaldunetan bizi. PNVren boto emaile gehienak aipatutako bost gune horietako hirutan pilatzen dira, mendebaldekoetan, alegia. Gehien-gehienak ez dira euskaldun aktiboak, izan ere, gehientsuenak erdaldun elebakarrak dira, “vasco” izateko premia dutenak, baina euskalduna eta euskal herritar izateak eskatzen duen lana eta konpromisoa hartu gabe. Oporraldia Espinosa de los Monterosen; Ezkarain, Landetan eta Castron igarotzen dute, Bakaiku eta Ezpeleta ezin dituzte mapan kokatu eta Erkorekak bezala, Kanbo “Euskaditik” at dagoela esaten dute.

PNVk badaki, eta aspalditik horientzat hitz egiten du, horientzat hauspotu du ETB2. Benetako militantziarako horien laguntzarik ez duenez, Aberri Eguna Plaza Berriko eremuaren erdia baino ez du betetzen. Horien beldur PSOErekin gobernatzen du, horien beldur PPren aliatua da eta horien beldur EHBildu du arerio.

.

Ereduen talka

Leku horietan Ezker Soberanistaren eta jeltzaleen ereduek talka egiten dute. Batzuk ekiditen saiatzen ari direna, baina PNVren zuzendaritzakoek argi duten talka. Azken muturreraino eramateko prestutasuna dutelarik, epaitegien, prentsaren eta edonoren laguntzaz. Euren “gotorlekuetako” batetik (Aldundi bat esaterako) “botatzea” lortzen duen orori larrutik ordainaraziko diote, galde diezaiegun adibidez Ainhoa Intxaurrandieta edota Iñaki Errazkini

Ezker Soberanista mendebaldeko hiru herrialdeetan PNVk duen hegemonia ahula zalantzan jartzeko gai izan zitekeela erakutsi zuen unetik, jeltzaleen estolderia osoa martxan jarri zen. Batzuei egokitu zitzaien ohiko keinuak egitea, garai bateko PNVren balizko bi arimak bizirik baleude irudikatzea. Haatik, PNVren benetako ildoa politikoa bakarra da, “real politik”. Europako eskuineko alderdi politiko guztiek aukeratu duten jokabide bera bereganatu du PNVk, erakunde publikoak eta diru-publikoa “Merkatuen” esanetara jartzea eta ezker eraldatzailearen alternatiben aurka sutsuki borrokatzea.

Testu-inguruak estutu zituen jeltzaleak. Nazioarteko testu-inguruak, zein Euskal Herrian ematen ari ziren aldaketek, PNVk hautu egitera behartu zuen, eta hautua ondorio guztiekin egin du. PNVek alderdi erregionalista izatea erabaki du eta erregionalismoaren aliatu naturalak aukeratu ditu. Tokian tokiko gobernuetan PSOE; arlo estrategikoetan PP.

Lerroketa honek mozorrorik gabe irudikatzera behartu du PNV. Ibarretxek zabaldu zuen bidea, behin betiko itxita egongo dela bermatzeko eta Indar sistemikoen klubean onartua izateko, ordain-sari guztiak ordaindu ditu: Catalunyako Errepublika aldarrikapena oztopatzeko ahalegina egin; PSOE eta PPren orbitan ari diren enpresak jeltzaleen orbitan dauden enpresekin elkarlanean aritzea; pentsiodunen “iraultza” baretzeko PPri laguntza eskaintzea, AHTtik xurgatu dezaketena ez galtzeko mota guztietako hitzarmenak sinatzea, jubilizazio sistemaren puxka bat pribatizatzeko saiakera egitea; osasun eskubidea murriztea, Euskal Gehiengo Sindikalaren etsai amorratua izatea….

PNVek hautua egin du eta horrek ez du bueltarik. Ez du bueltarik Ezker Soberanistak sozialki, estrategikoki eta politikoki PNVri irabazi arte. PNVri irabazteko metodoa ez da balizko komuneko esparru baten bila aritzea, euren ereduaren aurkako alternatiba gauzagarria dugula egiaztatzea baizik. Antagonismoa areagotzea eta sektore berriak erakartzea ezkerreko soberanismo eta independentismora.

Baloiak Euskal Herriko eskualde guztietan jokatu ahal izateko modukoa izan behar du. Eremu horretan Ezker Soberanista handiago da euskal erregionalismo eskuindarra baino. PNVrik gabeko indargune eta botereguneak behar ditugu, PNVren aingurarik gabeko etorkizun posibleak, erakargarriak eta eraikitzaileak sortzeko gai izan behar gara, eta bide horri oraintxe heldu behar diogu. Ildo horretan, Unai Apaolazak esan berri duena nirea egiten dut: “Independentismoak ez du jendarte kontserbatzaile bat behar, berandu baino lehen, indarrean dagoen legedia ez errespetatzeko gaitasuna izango duen jendartea sortu behar baitu”.

Pepe Mujika zenak zioen moduan: “ezinezkoa da, lan gehiago egitea eskatzen digun hori”.

aska gaitezen PNVren ainguratik aska gaitezen PNVren ainguratik aska gaitezen

Donostiarra Pasaiaratua.

27 pentsamendu “PNVren ainguratik aska gaitezen”-ri buruz

  • Azken portu 2018-05-01 11:15

    Hau bezalako azaleko analisi EAJfobikoek explikatzen dute zergatik dagoen ainguratua euskal independentismoa. Estrategia sektarioekin ez goaz inora. Ezkertiar soberanistok lau katu besterik ez zarete (independentistok orohar bost katu besterik ez garelako) eta zuek bakarrik ezin duzue inongo gurditik tira egin. Eskuin-ezker dikotomia gainditu beharrean, salbatzaile moduan agertuz, batailatxo antzuetan xahutzen ari zarete zuen potentzialitate osoa, sinergia eraginkorrak bilatu beharrean.

  • Patxi Azparren 2018-05-01 11:27

    “Azken Portu”. Egungo PNVek ez du gaitasunik independentismoan sinergiarik sortzeko, independentismotik at kokatuta baitago (besteak beste) ; entropia suntsitzailea proposatzen du.

  • Ezker Abertzalearen sektarismo eta dogmatismoak ez du mugarik eta orain Eta desagertu dela ere ez zarete zm bat ere aldatzeko kapaz

  • Patxi Azparren 2018-05-01 11:43

    Jon, hain zuzen ere zorionez ETA desagertu delako, ezkerreko independentismoaren eta soberanismoaren estrategia bateratua posiblea da. Indarrean dagoen dogma nagusienetariko bat neoliberalismoa da. Dogmaz aritzeko gogoz egonez gero, hor duzu jorra daitekeen gai bat.

  • quosque tandem, Azparren?

    Noiz arte egon behar zarete ezker abertzalekook EAJ itxuragabeki deskalifikatzen?

    Hemen esaten dituzunak 70, 80, 90 eta 2000 hamarkadetako zuen idazkietan sarri aipatuak ikusi ditut: EAJkoak ez dira uste bezalakoak baizik eta horrela eta halakoak.

    Badakizu zein herrietan du Bilduk botorik gehien? Badakizu zenbat kotxazo, bigarren-hirugarren etxebizitza, lantegi ikaragarri apainak eta horrelakoak dituzten Bilduko hainbat kazike eta akolito?

    Badakizu zenbat kastillano elebakarrek Bilduren filak potoltzen dituzten eta Ezpeleta hitz arrotza zaien?

    Azparren jauna, badakit zuek ezker abertzaleko mediatikoek etengabe ari zaretela Euskal Herriko eta EAJko imajin estereotipatu bat saldu nahirik: oso gaztean entzuten nuen “EAJkoak zaharrak dira, burgesak…” Oraindik horrekin? Eta zergatik? EAJk, aspaldi proiektu bat duela eta gauzatu duena gainera duelako zuen teoria abismaletara lerratzen ez delako.

    Ni independentziaren aldekoa naiz baina helburu horrek ez nau zuekiko itsutzen: jakin baitakit ezker abertzaleak gogorkeriz eta irainez tratatu dituela EAJko kideak, kotxazoa eduki ala baserritar txiroak izan. Zue gorroto ideologikoak erro sakonak ditu. Eta anaitasunik ez dago pozoin horrekin.

  • Patxi Azparren 2018-05-01 11:56

    bentazar jauna, estereotipo guztiak aldatu dira, etxe guztietan, XXI.mendeko Euskal Herria erabat aldatu delako. Artikuluaren pasartean egin dudan “karikaturak” hain zuen ere, hori adierazten du, etxe guztietan burgesiaren balore kontserbadoreak nagusitzen ari direla eta horrek mugatzen gaituela, ausardia eta aldaketak behar diren garaietan.

    Bestalde, karikaturaren pasadizoa alde batera utzita, EAJren proiektua egon badago, eta datuek ondo adierazten digute, artikuluaren beste pasarteetan adierazten dira. PNVek 78 erregimenari eutsi nahi dioten eragileen aliatua da. ez naiz fobiaz ala filiaz ari, gertaera objektiboaz baino.

  • Azparren jauna, “burgesiaren balore kontserbadore”etaz hitzegitea anakronismo itzel bat da eta hizkèra eta soziologia zaharkitu bat erabiltzea.

    EAJk euskal erakundeak sortu zituen beste alderdi batzuekin batera eta horixe dira Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak. Horrek esan nahi du, hiru probintziei dagokionez, frankismoaren estatu moldea erabat desegin zela. Beste erregimen bati hasera eman zion EAJk eta ez zen Espainiakoaren berdina.

    Ez naiz batere harritzen, Azparren, podemita-espainolen hizkera zuk hartzea. Bai, zuek estatuaren kontrako gurutzada espainol bat egiteko prest zarete, 77an haustura demokratiko ustezko baten aitzakiz gure burujabetza errefusatu zenutenean bezala, sekula baino hildako gehiago ETAk eraginez. Jarraitu zuen lagun podemiten bidea beraiekin batera. Ea iraultza egin dezakezuen Espainian, hemen jai duzute-ta.

  • Patxi Azparren 2018-05-01 12:24

    1937ko Eusko Jaurlaritza sustatu zuen EAJ eta egungo PNV erregionalista izen bera duten bi erakunde ezberdinak dira. Frankismoari aurre egin zion PSOE egungo PSOE ez den bezalaxe.

    Eusko Jaurlaritzaren sorrera eta Foru Aldundiena juridikoki eta historikoki erabat ezberdinak dira, ezin dituzu parekatu.

    Españolek euren erregimen aldaketa egin beharko dute, ni beste nazio bateko kidea naiz. Elkartasuna internazionalista , bai noski, baina beraiei dagokie 78erregimena aldatzea.

    Españako egitura juridikoari andamiaje jartzeko ahaleginetan dabilena PNV da.

    77an 9 urte nituen, batek daki zer egingo nuen ordurako heldua izan banintz; orain berriz, badakit zer egin behar dudan: Euskal Errepublikaren aldeko lanari ekin.

  • Azparren jauna:

    37ko EAJko zuzendarien gehiengo absolutoak, Irujo, Leizaolak, Ajuriagerrak, Jauregik eta abarrek, 1977ko EAJko sustatu eta bere ildoa onartu zuten. Esan duzuna gezur boribil bat da eta zuk badakizu. EAJk jarraikortasunaren bidetik 37ko estatutoa baino hobea izan zen 79ko estatutoa lortu zuen. Francok desegin zituen kontzertu ekonomikoak berrezarri zituen. Eta gainera lehendik ez ziren foru aldundiak. EAJk bere egitasmo primarioa gauzatu zuen. Hori da egia.

    EAJk estatuarekin negoziatu nahi du eta negoziatzen jakiten du eta gauzak lortzen ditu euskaldunentzako. Ezker abertzaleak nahiko luke estatuarekin negoziatu baina ezin du. Hortxe dago koska.

    Euskal Errepublikaren aldarrikapena zorurik eta giharrik gabeko aldarrikapen bat da ezker abertzalekoen aho frakasatuetan. 35 urte eta gero hau.

  • Patxi Azparren 2018-05-01 13:06

    Testu-inguruak oso ezberdinak dira: 37koa; 79ko eta egungoa. 37an faszismoaren aurkako gerra bat zegoen; 79an Franco hildakoan, ikusteke zegoen bilakaera; LOAPA egitean (besteak beste) egiaztatu zen nazionalismo espainiarraren trikimailua; Gernikako Estatutuaren alde lerrotu ziren eragile askok eta mila eta milaka herritarrek prozesu hori amaitutzat eman zuten, iragan den mendearen 9.hamarkadan . Hortaz iritzi politiko gisa guztiz zilegia da esatea garai bateko EAJ eta egungoa erakunde ezberdinak direla esatea.

    Aldundiak berreskuratu izana ez dator 78ko erregimenarekin batera sortu zen konstituziotik, eskubide aurrekonstituzionaletatik datorren egitura juridiko historiko eta konplexu baten bilakaera batetik baizik.

  • 37ko jaurlaritzaren ondorengoak, Leizaolak, zilegitasuna transmititu zion Karlos Garaikoetxeari 79an. EAJren zuzendaritzak jarraikortasunaren bidetik gauzatu nahi izan zituen hiru probintzien erakunde berriak. Gaur egun gure burujabetza puska horretan oinarritzen da eta ezker abertzalearen estatutoaren kontrako joera minoria baten portaera da, zuk ondo dakizun bezala. Euskal Erkidegoak exitoa du eta herriaren gehiena bere alde dago. EAJk 37koari jarraitu eta gauzatu du.

    Eta foru aldundiak berreskuratu zituen ere EAJk beste alderdi batzuekin batera. Ezker abertzalea itzulerarik gabeko bidetan abiatzen zen bitartean.

  • Oso ona Patxi,
    sumatzen ari naiz, poliki-poliki sortzen ari dela bertako ezkerra zabaldu nahi duen indar bat. Zaila dirudi euskalduntasuna mantendu eta hirigune handietara iristea, baina ene ustez, sekula izan dugun aukerarik onenaren aurrean gaude. Beraz, beldurrik barik, saia gaitezen etorkin, etorkinen alaba-semeak e.a. gurera ekartzen, edo, beste era batera esanda, saia gaitezen euren izatetatik hurbilago egoten.
    Txiringitoetatik zaunka ari zaizkigu, ondo goazen seinale!!

  • “Sekulan izan dugun aukerarik onena”! Ene Zet, zenbat aldiz errepikatu du ezker abertzaleak promesa ezin hutsalago hori? Jarraitu, jarraitu amildegiaren bidetik txilibitoen bozinen artean…

  • zaunka txiringitotik
    tik
    tik
    tik
    tik
    .
    .
    .
    .
    .
    …tik

  • ganbaratxotik 2018-05-01 20:12

    Jaurlaritza, Aldundiak, Euskera, Demokrazia,..eta atzo jubilatuei igoera baita ere, denak EAJk ekarri ditu. Aurrerabide guzti-guztiak Alderdiari esker. EAJrik gabe akabo Euskal Herria. Baita zera ere! EAJ bere aletxoa edota alea jarri du. Nork ukatuko du hori? Baita Ezker Abertzaleak bere aletxoa edo alea, nahiz eta batzuek ukatu. Baina bultzadarik handiena,ezinbestekoa, beti bezela, Herriak egin du, jendeak. Kalean, lantegietan, euskaltegietan, erakundeetan, ikastoletan, elkarteetan, kooperatibetan,…jubilatuek atzo, emakumeek herenegun, langileek gaur, gazteek bihar, euskaltzaleek etzi eta independentistek etzidamu.
    Denak gara beharrezko, eta inor ez da ezinbesteko, ezta EAJ ere.

  • Ene Ganbaratxo,

    Ezker abertzalearen aletxoa 825 erahildakoz osatua dago eta baita gure herri eta kaleetan sortu duen mehatxuz, irain gorriz eta zigorraz ere beste alderdiei eta bereziki gure herri gaixoari larriki egindakoa. Gure herriaren tinkotasunik gabe, noski, ETAk ez lituzke bere armak bertan behera utziko. Eta gure herria izan da horrenbeste gauzen eragile, dudarik ez dago. Horregatik EAJ herriaren zerbitzari izan da eta horretan du ohore.

  • Orain ez dago aitzakiarik. Aleak saski batean ala bestean jarri behar dira. Urkulluk eta Ortuzarrek PPek eskatu duen otarrean ipintzea erabaki dute.

  • Arabako periferia 2018-05-02 09:38

    EH-n dagoeneko ez dago ezker abertzalerik, ezta ezker independentistarik ere, orain ezker “soberanista” omen dugu gurean, besteen “erregionalismoa” kritikatzen duena “soberanismo” hori zertan datzan azaltzen ez dakien bitartean. Elikadura-subirautza, subirautza energetikoa, gure gorputzen subirauak izan nahi omen dugu, baina euskaltasuna, euskal estatua, independentzia eta EUSKAL langileria euskotar eta euskalduna inolaz ere aipatu gabe. Podemos euskaltzale bat bihurtzen ari da ezker “soberanista”, espainiar errepublikaren ikurraren alboan agertzeaz kezkaturik, EAE-n euskal ikurrak eta nortasuna albo batera uzten den bitartean (ez Nafarroan, ordea, edo ez EAE-n neurri berean bederen).

    Ezker soberanista horrek besteen proiektua eta ahulguneak kritikatzen jakin badaki, kontua da bere proiektua azaltzen jakin ez, eta ahulguneak aztertu, aitortu eta zuzentzeko gaitasunik ere ez.

    Euskal Herria asimilazio prozesu batean murgilduta daga, amildegira erortzeko arrisku larrian. Euskal abertzale independentistok esnatu beharra dugu, erakunde eta alderdi sasi-abertzale eta sasi-independentista hauei itxaron gabe, momentuz horiekin EH-k jai du eta.

  • ganbaratxotik 2018-05-02 12:30

    Noski, EAJ izan da herriaren zerbitzari bakarra. Beste danak etsaiak, hiltzaileak eta lapurrak.
    Nahikoa ez al da honezkero? Oso susmagarria benetan Bentazar horrelako herra, amorrua eta gorrotoa batzuekiko eta horren adeitasun eta ixiltasun zaratatsua besteen urraketa eta ustelkeriekiko, PPrenekiko hain zuzen. Aitzakia hutsak Ezker Abertzaleari interlokutoretza ez aitortzeko. Abertzaleen arteko auzolana, elkarlana urrutiratzeko. Eskuin abertzaleari, bere alternatiba naturala ikusiezin egiteko. Espainiako eskuin antieuskaldunarekin bat egin behar bada, aurrera. Abertzaletasun instituzionalak zein zentzu luke instituziorik gabe? Erakundeetatik kanpo hotz handia sentitzen du Alderdiak, bertigoa. Hortxe dago gakoa. Euskal Herriaren patrimonializazioan. Beldurra. Beldurra besteren batek gauzak beste modura egingo ote dituen eta herriak, jendeak hegemonia emango ote dion. Hegemonia aldatuko ote den. Aldatuko da, nahiz eta batzuk bere burua ezinbestekotzat jotzen duten. Mesedegarri izango da denontzako baita EAJrentzako ere luzera begira.

  • Euskal herritar euskaldun bat 2018-05-02 12:38

    Ni nazkatuta nago PNVz, baita ezker abertzaleaz ere, nik nahi dudana da benetako alderdi abertzalea, euskaldun eta euskaltzalea, ez duena inolako arazorik edo lotsarik izango bere proiektua aurkezteko eta gauzatzeko. Erreferentzia bakartzat Euskal Herria izango duena eta barne- zein kanpo-hizkuntza euskara baino ez duena izango, erdarei inolako zirrikiturik zabaldu gabe (ez barne- ezta kanpo-mailan ere). Bere lehentasunak euskal herritarrak eta horien beharrak izango direna (oinarrizkoak, kulturalak, etab) eta ez beste inolakoak. Hezkuntza sistema propio eta euskalduna % 100ean baino ez duena onartuko eta, noski, hori ezarriko duena boterera heltzean. Gauza bera euskal herri administrazio guztiekin. Gure ikurrak baino ez dituena erabiliko eta defendatuko, beste ikur arrotz guztiei bizkarra emanez.
    Funtsean, gurea den alderdi edo mugimendua, Euskal Herrikoa, Euskal Herriaren independentzia lortzeko prest dagoena eta horretara bideratuko duena bere jarduna. Gure Herriaren independentzia politikoa ez ezik, ekonomikoa, kulturala, soziala, etab. ere lortzera ere bidean jarriko gaituena. Eta noski hori guztia Bidasoa ibaiaren alde bietan egingo duena, alegia, Euskal Herri osoa aintzat hartuko duena, inolako zati edo lurralderik ahaztu gabe, inolako euskal herritar ahaztu barik. Ea noiz daukagun horrelakorik gure Herrian; nire bozka bermatuta izango dute.

  • Euskal Errepublika eraikitzen hasteko alderdiak ez dira aski. Gutxiago partehartze politiko bozka ematera mugatzen bada. Alderdiak; sindikatuak eta herri mugimenduak behar dira eta bakoitzak bere ezberdintasunetik estrategia bateratua adosteko ahalegina egin beharko luke. Aniztasunari eutsi eta estrategia bateratuan aritzea bateragarriak dira.

  • Errege Magoei gutuna eso hobeto esanda “brindis al sol”. Ongi dago hori baina nola eviten da.

  • Gutunik ez, ez Errege Magoei, ezta Olentzerori ere. Denon ardura da. Lanerako gonbidapena zein konpromisoa.

  • Luis Mendizabal 2018-05-03 18:28

    Ederki kontatuta Euskalherrian eta abertzale artean zein gizarte eta botere politiko mota daukagun ETAren bukaera egunean. Nere iritziz, borroka harmatuak, bere 60 urtetan, badu zer ikusirik utzi digun gizarte zatikatu eta pasota honekin. Zein ondo etorri zaie ETAren aitzakia ez Espainiako boterei bakarrik, hemengoei ere bai ¡
    (Zatiketaren froga, bertan sortutako eztabaida. Antzua, ia beti bezala.
    “Euskal herritar euskaldun ” batek esaten duenakin ados.

  • Luis. talde ezberdinak egoteak ez du inolako arazorik sortzen. aitzitik independentismoak garaile izateko, jendartearen sektore zabaletara iristeko gaitasuna izan behar du. Mota askotako talde independentista egoteak “heldutasuna” adierazte du. Nazio guztiak anitzak baitira. Independentismoan korronte ideologiko bakarra balego ez genuke ezer lortuko. Erakunde eta talde asko egon daitezke, gakoa estrategia bateratua adostea da. Catalunyan hiru eragile handi daude. Junts per Catalunya; ERC; CUP; Omniun, ANC. Euskal Herrian , beste eragile multzo handia dugu gainera: Gehiengo Sindikala. Euskal Herrian gertatu dena zera da PNVek Duran I LLeidaren Unió alderdiaren kokapena aukeratu duela eta hortaz, egungo PNV ezin dugula zenbatu indar independentisten multzoan.