Gaur egungo hezkuntza sistema

Gaur egungo hezkuntza sistema –

Orain dela gutxi argazki bat ikusi nuen non honelako zerbait zegoen idatzita: “Nori ez diote inoiz azterketek negarrarazi egin edota behar baino gehiago estutu? Zer nolako hezkuntza sistema dugu non ikastea sufrimendu bat bihurtu daitekeen?”. Batek daki nork idatzi duen hau, baina egia galanta bota zuen. Gaur egungo hezkuntza sistema memorian dago oinarrituta. Alde batetik, guztiz beharrezkoa da eta betidanik ikasi dira, eta ikasiko dira, edukiak memoriaz. Baina guztioi gertatu zaigu noizbait zer edo zer memorizatu izana, azterketa egitea eta betiko ahaztearen sentsazioa edukitzea. Seguruenik eduki hauek buruaren zokoren batean geratzen dira pilatuta, edo behintzat hori espero dut, baina bide horretan galtzen den informazio guztia eta atzetik daramatzaten ikasketa ordu guztiak, ezertarako izan dira? Etorkizunari begira nota onak edukitzea ezinbestekoa da eta seguruenik ikasle gehienon bizitzak batxilergoko noten ostean hasiko dira. Hau dela eta beldur arrunt bat izaten da merkatu laboralera ateratzea ezer ez jakitearen sentsazioarekin. Txapa honekin esan nahi dudana da memoria ez dela gehien garatu behar den arloa eta beste gauza oso garrantzitsuak ere badaudela horretaz gain.

Besteak beste, sormena. Gure euskarako irakasleak gramatika azterketak kentzea erabaki zuen eta sormenari eta idazmenari eman zion garrantzia handiagoa. Horri esker, orain, idazlan hau idazten nabil eta ez subjuntiboa lantzen fitxa aspergarri batzuetan. Horrek ez du esan nahi, adibidez hizkuntzen kasuan, gramatika ondo landu behar ez denik. Baina bizitza osoa eman dugu euskara lantzen fitxetan eta bazen ordua gauzak dibertigarriagoak eta erabilgarriagoak egiteko! Praktikak bihurtzen du ikaslea maisu!

Azkenik, esan beharra dut, ahozkotasuna askoz gehiago landu behar den aspektu bat dela. Jende askok oso txarto pasatzen du jende aurrean hitz egitean eta normalean ikus-entzuleak betiko ikaskideak izanda! Berbaz, lotsak alde batera utzita eta asko praktikatuz hizkuntza maila asko hobetzen da.

Erortzen ikasten da oinez eta ez ukondoak mailan iltzaturik!

Gaur egungo hezkuntza sistema

Gaur egungo hezkuntza sistema Gaur egungo hezkuntza sistema