Pierra Lhande pastorala eta aberrazioa
Ez nintzen bertan izan eta ezin kontatuko dut gauza handirik, baina aurrekari itzel bat ekarria du Uztailean Zalgize-Irurin jokatu den PIERRA LHANDE pastoralak: euskarara ekarria bazen ere, estraineko aldiz jokatu da frantsesez sortutako testu bat.
Harrituta nago nola ez duen honek hauts gehiagorik harrotu, batez ere pastoralzaleen artean eta nola ez dituen jokalariak eurak aztoratu, nola onartu duten halako zapua . Hala ere, eskertzekoa da Nora Arbelbidek Berrian argitaratutakoak, ederki adierazten du funtsa titulu beretik: frantsesez pentsatua.
Sorkuntzaz geniharduela, oroitzen naiz behin Saizarbitoriak esan ziguna: euskal idazle askok aurrez du buruan sortzen ari diren lan hori beste hizkuntza batzuetara izango dela itzulia eta horrek kalte handia ekar diezaiokee kalitateari.
Esan nahi dena ulertzeko, itzulia izango dela uste duzun nobela bat ari bazara idazten, nekez deituko dituzu zure protagonistak Agirregomezkorta edo Belaustegigoitia. Edo “trikitixa” idatzi ordeza, “eskusoinua” duzu jarriko. Zer esanik ez beste kontu batzuk aipatzeko orduan: “Joanes artzaina baino mardulagoa zen” idaztea ez zaizu burutik pasatu ere egingo. Eta abar, eta abar.
Hizkuntza batek berarekin daroa ondare oso bat, belaunaldietan bizi izandakoaren metaketa. Ez da komunikazio tresna soil bat, mundu berezi bat da hizkuntza bakoitza eta hortik “traduttore, tradittore” ospetsua.
Zerbait itzulia izan daitekeela aurrez pentsatzeak sorkuntza bera kaltetzen badu, pentsa zer ez ote duen kaltetuko beste hizkuntza batean sortutako zerbaitek. Oso fin ibilita ere, nekez ekar diezaioke Annick Renaud-Coulon andereak berezko mundurik pastoralari. Pierra Lhanderen sendiarena izandako etxea erosi zuen duela urte batzuk, baina ez dio horrek euskara zipitzik erakutsi, antza denez:«Hasi nintzen doi bat 1983an, baina hain da konplikatua… Egia da gogoa eman lezakeela, entzuten direlarik euskaraz mintzatzen… Egia da, orobat, eginahalak egin behar direla hizkuntza hau ez dadin gal. Gure aktoreetan ere anitz dira ez dutenak mintzo. Nire pastoralean biziki presente da gai hori, pastoral guztietan bezala, hizkuntza babesteko behar hori». Etc. etc.
Obraren itzultzaile, eskarmentu handiko pastoralgile bat hautatu zuten: Jean-Pierre Behokarai. Honek, ordea, utzi egin zion lanari %75 itzulita zeukanean. Antza, hitzez hitz itzul zezan eskatu zion egileak, besteak beste.
Egin dezagun historia apur bat honetaz guztiaz. Jean Louis Davantek idatzia zeukan Pierra Lhande pastorala 2007ko udan. Urtebete geroago eskaini zion Zalgize auzapez Arrosagaray jaunari, hain xuxen Renaud-Coulonen etxean eginiko afari batean. Eta horretan zen kontua, aukera zegoen urte batean Davantek idatitzako pastorala jokatzeko aukera zegoela…
Ederki ezagutzen zuen Davantek Lhande eta hari buruzko loriapena ere egina zeukan Biarritzen antolatutako ekitaldi batean. Areago, pastorala bera ere argitaratua du Euskaltzaindiak EUSKERA aldizkariaren separata batean 2008. urtean…
Urteak joan eta urteak etorri, azkenean “klerikalegi” agertzen ei da Lhande Davantek idatzitako pastoralean eta bazterrean utzi dute frantsesez idatzitakoa jokatzeko.
Jean Louis Davant minduta dago zeharo, ez du zaratarik sortu nahi, ez du bazterrak nahasten ibiltzen asmorik, baina telefonoz galdetuta esan dit gertatutakoa ez dela izan batere normala. Pastoral bat jokatu aurretik, batzarre bat egiten dela jendeak obra hau ala hura hauta dezan. Oraikoan ez dela izan halakorik… Eta hau eta hura.
Antza, erabakia hartuta zetorren eta eztabaidatu ere egin gabe edo hautatzeko ohitura saihestuta, frantsesezkoa irten da aurrera.
Zalgize-Iruriko jendea, non duzue burua eta, batez ere, non duzue bihotza? Ez ote zarete konturatu sortu duzuen aurrekari perbertsoaren larriaz?