“Desio bat dut” (Eñaut Elorrieta eta Aziza Brahim)

“Elkartasuna da herrien samurtasuna. Esan ezin den desio bat daukagu Sahararentzat, sutan bilduta. Piztu eta utzi hegan egiten, basamortua argi dezan”, dio Desioak Sutan ekimenaren twitter kontuko aurkezpenak.

Egitasmoa Zarautzen jaio zen orain bizpahiru urte, bertara udako oporrak igarotzera heldu ziren haur sahararrei babesa eta elkartasuna ageretzeko asmoarekin. Abuztuaren erdian, milaka bolari su eman eta hegan jarri zituten, “Saharan izarrak ikustean Euskal Herritik heltzen zaien elkartasuna sentitu dezaten”.

Horrela ba, bi urtez Zarauzko malekoia elkartasunez piztu zuten Desioak Sutan Sahararentzat izeneko ikuskizun ederrarekin. “Helburua ere iragarri genuen; su bola bakoitza euro batean saltzea eta euro hori Saharautz elkartera bideratzea, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan dituzten egitasmoak laguntzeko. Azken batean, beraz, elkartasuna, festa, parte-hartzea eta ikuskizuna uztartzen zituen ekimen berritzailea zen, su artifizialak beharrean benetako suak erabilita”. Eta ekimenak, herritarren zein bisitarien partaidetzarekin, aurreikuspen guztiak gainditu zituen.

Beraz, aurten Zarautzen ez ezik Euskal Herriko beste zenbait herritan ospatuko da ekimena. “Ideia eta proposamena hauxe da: abuztuaren 16an, urtero, gero eta herri gehiago batzea Desioak Sutan Sahararentzat ekimenera, eta egun horretan, ordu berean (22:00etan), Euskal Herria bihurtu dadila Sahararekiko elkartasun ikuskizun eder bezain parte-hartzailea, milaka su bola zeruratuz. Su bola bakoitza euro batean saldu, eta lortutako dirua Sahararen aldeko elkarteen bitartez errefuxiatuen kanpalekuetara helaraztea proposatzen dugu”.

"Desio bat dut" (Eñaut Elorrieta eta Aziza Brahim)Desioak Sutan Getarian (abuztuak 2), Aian (abuztuak 9), Zarautzen, Kuartangon eta Larrabetzun (abuztuak  16) eta Tolosan (abuztuak 21) ospatuko da aurten.

Ekimenak, gainera, “Desio bat dut” kantua aurkeztu du gaur bertan, Eñaut Elorrietak Gari Berasaluzeren hitzekin osatua eta Aziza Brahim-ekin batera kantatua. Bideoa Juanfe Garces-ek egin du.

 

DESIO BAT DUT

Desio bat dut.
Airean doa
sutan bilduta
zuretzat.
Piztu eta utzi hegan egiten
basamortua argi dezan.

Desio bat dut.
Gauean doa
milaka enaren antzera
habia aske eraiki dezan
maparik gabeko herrietan.

Desio bat dut.
Zeru ertzean
izar intifadak
begietan sutan.

Esan ezin den
desio bat dut
gaur gauean
Sahara, zuretzat

“Desio bat dut” Eñaut Elorrieta eta Aziza Brahim

desioak sutan, elkartasuna, Sahara

Zer duzu buruan ““Desio bat dut” (Eñaut Elorrieta eta Aziza Brahim)”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude