¿Pero es que tú no sabes castellano o qué? (Zuk ez dakizu gaztelaniaz, ala?)
Nire ilobak -11 urte- bi aldiz entzun du esaldi hori azkeneko hilabeteotan.
Lehenengoa, udako barnetegi batean. Testuingurua: barnetegi horretara heldu berritan, lagunik gabe, taldekide guztiak euskaldunak. Mutila hasi da euskaraz hitz egiten kide berriekin eta lehenengo erantzunak euskaraz jaso arren, lagunak berehala pasatu dira gaztelaniara. Goiz horretan bertan, beste elkarrizketa bat hasi nahian, taldekide batek hauxe esan dio besteen aurrean: ¿pero es que tú no sabes castellano, o qué?Jarraipena imajinatu ahal dugu: hortik aurrera berak ere gaztelaniaz.
Bigarren aldiz institutuko lehenengo mailan (D ereduan) entzun du. Testuinguru ia berbera: institutuko lehenengo egunean, kide berriekin harremanetan hasteko, lehenengo ahaleginak euskaraz egin ditu. Erantzunak euskaraz jaso ditu baina laster dena gaztelaniaz hitz egin da taldean. Bera euskaraz saiatu da berriro, baina handik gutxira, kide batek hau esan dio: ¿es que tú no sabes castellano? Ondorioa berbera izan da: hortik aurrera harremanak zuzenean gaztelaniaz. Eta halaxe da: ilobak azaldu duenez, ehunka ikasle dauden ikastetxe horretako patioan ez du hitz bat ere euskaraz entzuten; euskara ikastetxean lan egiteko hizkuntza (baino ez) da.
Ondo begiratuta, zelako esaldi indartsua bere soiltasunean. Zenbat gauza adierazten duen. Besteak beste gazte horien artean ohikoa eta naturala gaztelaniaz hitz egitea dela –euskaraz jakin arren– baita testuinguru horietan ere; bestela jokatzen baduzu, negatiboki nabarmentzen ari zara. Eta ez baduzu dagokizuna egiten, zure berdinkideek egin beharrekoa gogoraraziko dizute. Sorpresa ere adierazten du galderak: nola da posible euskaraz egitea gaztelaniaz jakinda? Labur esanda: hezkuntza sisteman euskara ikas/irakastean inbertitutako esfortzua hezkuntza sisteman bertan gelditzen da; gazte horiek ez dute geletako hormetatik ateratzen.
Ilobak bere amari kontatu dionean, amak ez du jakin zer esan. Iruditu zaio semea ia baimena eskatzen ari zitzaiola. Edo absoluzioa. Gaztetxoak etxeko diskurtso ideologiko-filosofikoa ezagutzen du eta barneratuta dauka, baina nerabe baten helburu/ardura nagusia kideekin bat etortzea da, “enkajatzea” da. Amak pentsatu du mutilak ez duela aukera handirik.
(Ziur asko lagun minak egingo ditu institutuan eta euskararen aldeko jaietara joateko elkartuko dira. Diskurtsoa VS Bizitza: betiko dikotomia).
Zer esango dut euskararen egoera soziolinguistikoari buruz dagoeneko esanda ez dagoena? Neuk ez daukat hitz berririk.
(Ze frustrazio. Ze pena. Ze kezka).
Lantu jotzen ari da Amelia? Negarrez?…
Ala jende askok ezkutatu nahi duen errealitatea aazalerazten?
Euskal Herriko herririk gehienetako errealitatea da hori Ikastoletan eta D ereduan. Hori da “euskaldunen” belaunaldi berria, bertan dagoena, helduek (euskaltzaleek) euskara euren bizkar utzi dugularik, euskara normalizatu beharko dutenak… Baina nola normalizatu ezohikoa, arrotza, bitxia, deserosoa eta kamutsa dena?
Zergatik erabili helduek gero eta gutxiago erabiltzen dutena?
Euskara salbatuta omen dago sailburuaren esanetan. Euskara “inposatzen” ari omen gara españolisten esanetan.
PP eta PSOE “euskaltzaleekin” sinatu du EAJ-k datozen urteetako hizkuntz politikarako plana.
Zer gustu txarreko txantxa da hau?
Hemen lantu jotzen ez. Hemen batzuk adarra jotzen ari zaizkigu… Eta gehienak beste norabait begira.
Aizue, Errege biluzik dago! esan zuen haur inpertinenteak.
Eskerrik asko, Amelia.
Testutik atera daitekeen ondorioetako bat: euskararen ezagutza “orokortzea”, bestelako baldintzak aldatu barik, ez da bideragarria, ez eta egokiena ere, ziurrenik. Guraso asko eta askori, euren seme-alabek euskaldun izateko eskubidea dutela esatea, alferriko ariketa da, bost axola zaie. Bistakoa da hori, haur eta gazte euskaldundu askoren jokabideak ikusirik (etxean zer ikusi…). Beste alor batzuetan eragin behar da lehenik, eta apostu politiko sendo eta garbirik gabe, ezinezkoa da hori egun eta hemen.
¿pero es que tu no sabes castellano, o qué? galderari EHko euskaldun bati irribarrez ematea dagokion erantzuna zehazki da: “si se ESPAINOL, baina normalean ez dut espainolez egiten euskalduna naizelako”.
Izan ere, deserosoa da euskara egiten duen norbait, ez baita hizkuntza asuntoa bakarrik – hizkuntza ez da sekula hizkuntza bakarrik- ezta nerabeen artean ere. Egin proba D ereduko ikasle erdalzaleen artean “castellano” delako hizkuntzari “espainol” deitzen eta ikusiko duzue zer nolako aztoramena sortzen den eta zeinen erreakzio bitxiak topatzen diren. Oso da mamitsua eta interesgarria.
Honekin ez naiz ari esaten inolaz ere Ameliaren ilobak erantzun hau eman behar duenik ez erantzun hau emanda ezer konponduko duenik. Ez da hamaika urteko nerabe batek borrokatu beharreko kontua hori baizik eta kolektiboki landu beharreko zerbait.
Diskurtsoa aipatzen du Amaliak: hein handi batean, ¿no sabes castellano o que? galdera azken hogeita hamar urteotan burutu den espainolaren normalizazioaren aldeko diskurkortsoa sozializatzeko lan nekaezinaren emaitza da (“salba dezagun erdaldun bakarra inposiziotik! ezaguna”), oso aintzakotzat hartzekoa, EAEn alderdi politiko abertzaleak gehiengoa izan direla kontuan hartuz gero. Kasu honetan, berez, diskurtsoa vs bizitza ez, baizik eta espainolaren aldeko diskurtsoa eta bizitza.
Espainolaren normalizazioaren diskurtso hau, berriz, osatu da Amaliak aipatzen duen diskurtso ideologiko-filosofiko zehatz baten aurkako lanarekin desideologiaren eta despolitizazioaren izenean. Hala, Amaliak aipatzen duen diskurtsoa eremu pribatura -familiara- zokoratu da, eta publikoki, berriz, tabu bihurtu.
“si se ESPAINOL, baina normalean ez dut espainolez egiten euskalduna naizelako” erantzuna hainbat euskaldunentzat bortitza da, ia fanatiko batena. Eta, halere, benetan da neurriz kanpoko? ala erantzuna jasotzen daukanak dauka konpondu beharreko arazoren bat? Izan ere “Espainolez badakit, baina normalean alemanez egiten dut alemana naizelako”; “espainolez badakit, baina normalean alemanez egiten dut frantsesa naizelako” etabarrek inor asaldatzen ez baldin badu, zer egin du abertzaletasunak gaizki esaldi berbera Euskal Herrian euskaraz dakien norbaitentzat pentsaezina (tabu) izan dadin eta, “¿pero tu que…” bezalako bat, aldiz, natural irtetzen den gogoeta.
Amaitzeko. Arazoa larria da, baina ez dut uste konponbide hain zaila duenik. Proposamen xume bat: sar ditzagun Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarainoko eskola curriculuneam, kulturaniztasuna dela-eta, hizkuntzen arteko bizikidetza eta asertibotasuna lantzen dituen gaia, zeharo lotua Euskal Herriko eguneroko errealitatearekin. Jo dezagun, hastean ordu bat edota, nahi izanez gero, baita gutxiago ere, hilabetean pare bat ordu.
Landu eta eztabaida ikasleen artean hizkuntza ezberdinen arteko bizikidetza zertan den, konparti bitez iritziak, arazoak, konponbideak. Egin bedi gazteek gaur gaurko bizi bai baina berbalizatu eta antolatu ezin dutena berbalizatu eta antolatzeko modua. Lagun bekiegu hezten gizarte elebidun/eleanitzaren konplexutasunean.
Betiere, esan bezala, asertibotasunetik, eguneroko bizitzan gainerako kontuetarako balio duen gauza da-eta, gainera. Asertibotasun horrek lagunduko luke bai “pero es que tu..” bezalako galderak erantzuten, bai, GARRANTZITSUAGOA dena, erantzuna onartzen.
Zalantzarik ez dut harritu eta poztuko gintuzketen gauzak ikusiko genituzkeela, eta emaitza ikusgarriak hamar urteren bueltan. Denbora eta diru gutxi eskatzen duen zerbait da, borondate kontua, hortaz.
Artikuluak aipatzen duna, tristea bezain egia da, D ereduan Euskarari ematen zaion tratua iraingarria da oso, irakasletik hasita ta gurasokin bukatuta, umeak ez dute errurik, ikusten dutena egiten dutelako.
Ez da bakarrik gurasoak Euskara jakin nahi ez izatea umeekin hitzegiteko (hau ez dakitenen gehiengoa egiten du), edo guraso Euskaltzaile askok gazteleraz aritzea, edo klaseetan askotan gaxteleraz egiterakoan gehienez “Euskaraz egin” entzuten dutela besterik ez… Dena da, telebista, jende ospetxua, dibertitzeko duten eskaintza, albisteak irakurtzerakoan, irratia entzuterakoan…
Ta gero gurasoei Euskararen aurkako barrabasakeriak entzun behar dituzte umeak ere.
Ta umeak ikusten duna egiten du, duela 25 urte, B ereduak, orain D eredua baino gehio Euskalduntzen zun.
Orain dela aste batzuetako pasadizoa: kirol denda ezagun bateko psasilloetan alderrai nenbilen, bilatzen ari nintzena topatu ezinik. Halako batean norbait entzun nuen euskaraz ondoko pasilloan, ahoz gora, telefonoz antza, eta bi datu harrigarri: gizonezkoa zen, gizon ondo heldua, eta barra-barra ari zen euskaraz, bikain, gainera. Pasilloan sartu nintzeanan, bakarrik zegoela ikusi nuen, telefonoz, baina inguruan ume txikirik gabe. Euskalgintzan lan egiten dudanez, horrelakoak egunerokoak ditut, baina testuinguru hartatik kanpo, erabat ezohikoa iruditu zitzaidan. Kontua da ahotsa oso ezaguna egin zitzaidala berehala; gainera, zerabilen gaia ez zen makala: bezperan Donostiako banderan gertatutakoak, bai eta telefonoz bestaldekoari esklusiba eman ere: Bermeoak auzitegietara jotzeko asmoa zeukan. Erlojuari begiratu nion: 13:40, gutxi gorabehera. Total, Manu Maritxalar zen Euskadi Irratirako zuzenean. “Banengoen, ba!”, pentsatzen urrudu nintzen ingurutik nire bilaketan jarraitzeko.
Euskaraz bizi izan ez den tokietan, euskaraz hitz egiten hastea normal, ez da bat ere erraza.
.
Uste zen (genuen, zenuten), euskaraz jakitea aski zen.
(– Baina erdaraz guztiz jakiten segitzen da. Eta gainera txirotzea litzateke osterantzekoa.)
Uste zen (genuen, zenuten), euskaraz bizi nahi izatea aski zen.
(– Baina erdaraz ere bizitzen segitzen da nahi-eta-ez. Eta gainera neuri ere ez zait inkonpatible iruditzen.)
Uste zen (genuen, zenuten), euskaraz komunikatzeko lagunak eta giroa aski zen.
(– Baina ez dago eteterik beste lotura guztiak, erdara bitartezkoak. Eta gainera motzera deshaztea litzateke holakorik burutzea. )
.
Uste zen hori dena, asmo onez uste ukan. Baina hori dena ez zen aski sakona.
.
Behar zen sinetsi.
.
Sinesten ez duenak sines dezan, behar da aldatu, kanbiatu, komentzitu. Baina ez da aski aldatzea, kanbiatzea, komentzitzea.
.
Sinestekoz, behar da konbertitu.
.
Erraza dea gizarte puska ederra konbertitzea?
Euskaraz berba egiten duten pertsonek harro egon behar dute euskaraz berba egiten dutelako. Kasu honetan erraza da erantzuna: Eta zuk, ez dakizu euskaraz, ala? Horrek segurtasuna emango dio zeure buruari eta aldi berean beste pertsonei zer pentsatsekoa emango dio, nahitaez.
Euskara moda bihurtzen bada eta beharrezkoa dela gizarteratzen badugu aurrera egingo du erabilpenean deritzot.
Ondo eta ados, baina norberaren militantziak bakarrik erasoa moteltzeko baino ez du balio. Halaxe gertatu izan da beti eta horregatik euskara ez zen desagertu orain dela 100, 200… urte. Erantzun bakarra norberaren militantzia baino ez bada, euskara ez da bihar, etzi… desagertuko, baina azkenean desagertu egingo da, ia deribada baten moduan bada ere: ia infinitaraino. Gehiago behar da.
Eta zuk, ez dakizu euskaraz, ala?
Aurrera Euskara.
Estatu kolonizatzaileen eraso etengabeak (XV. mendetik dokumentatuta) ekarri gaitu egoera honetara. Norbanakoen jardun boluntarista ezinbestekoa bai, baina ez da nahikoa Estatuen eta haien laguntzaileen (Urkullu jauna, hau irakurtzen ari zara?) ekinari aurre egiteko.
Euskaldunok antolatu beste aukerarik ez dugu, gure hurrengo belaunaldiek ere euskaldun izan nahiko badute. Antolatu eta koherentziaz jokatu etxetik hasita, eta presioa egin, koherentzia exijituz Bilduri eta errespetua exijituz EAJri, zein bide hartu duen ikusirik.
Ekimen politiko ez partidista ezinbestekoa da. Lidergo politikoa behar-beharrezkoa dugu.
Onkeriak ez garamatza inora.
Esan gabe doa, PP, UPyD, PSOE eta enparauei hortzak erakusti behar zaizkie, beste aukerarik ez baidigute ematen.
Hori da, ba, arazoa: gaztelaniaz ondoegi dakitela, euskaraz baino askoz hobeto. Eta bitartean… “I am basque” (Kendu paretik, oka egitera noa-ta…)
A, B eta D ereduak ezabatu. Eredu bakarra: NABAR EREDUA. Eskolaurrea eta Lehen Hezkuntzako ikasketa guztiak Euskaraz burutzen direna. Bigarren hezkuntza %50 euskaraz %50 angalaraz. Eta batxilergoa %50 euskaraz eta %50 Angalaraz. Horiez gain frantziera, espainiera eta alemaniera ikasi beharko lirateke bigarren hezkuntzan eta batxilergoan Zehar.
Nabarroan: Literatura bersione originalean edo euskaraz. Telebistan zein kinematan filmak bersione originalean, Euskaraz azpititulatuak. Karriketako errotuluak euskaraz. Erositako produktuen zorroetako testu oro euskaraz. Iragarkiak Euskaraz. Softwarea angalaraz edo euskaraz. Eta abar.
Kolonial sindromea deuseztatu behar dugu, eta ikastoletatik igarotzen den jendeari Nabar Konszientia irakatsi, ez Daitezen irten, oraingo moduan, Espainiar zen Frantziar kolonial konszientiarekin. (Ai lof Espein! An yu?)
Euskal Unibersidadeetan euskaraz eta angalaraz ikasi behar litzake. Prestigio international bat ukan beharko lukete. Proffesional euskaldunak sortu. NaU: Nabar universitatea/Navarrese University.
Niri esaldi hori ez, baina antzeko bat bota zidaten hamalau urte nituelarik: “¡Habla castellano que ya no estamos en clase!”