Kristau Eskolako irakasleak greban, hitzarmen duina berreskuratzeko

Erraldoia da, itunpeko eskolarik handiena: 90.000 ikasle biltzen dira Kristau Eskolak dituen 137 ikastetxeetan. Gaur, ez dute eskolarik izan. Sindikatu guztiek grebara deitu dute, eta, haien arabera,  %80k egin du lanuztea, 10.000 lagun inguruk. Kristau Eskolak greba gaitzetsi du, “ikasleen kalterako izango delako”. Langileei zinikoa iruditu zaie hori esatea, irakasleei lana behar bezala egitea zailtzen zainean, edo, adibidez, 40 ikasle baino gehiago gela berean pilatuta dituztenean.

Donostian, Gasteizen eta Bilbon milaka irakasle kalera atera dira hiru oinarrizko eskakizunekin:

  • Patronalek alde bakarrez urraturiko hitzarmena betetzea eta langileei zor dietena ordaintzea.

  • Hitzarmenaren negoziazioa aurreko hitzarmenetik abiatzea.

  • Lan-erreformaren aurrean ikastetxe bakoitzean EAEko hitzarmenaren edukia beteko dela bermatzea eta hurrengo hitzarmena sinatu bitartean honek balio izatea.

    irakasleak

(Irudian Gasteizko Egibide-ko langileak, Eusko Legebiltzarraren parean)

Bide beretik, Eusko Jaurlaritzari ere bitartekari lanak egiteko eskatu diete, gatazkari irtenbide bat aurkitu eta hezkuntza sistemari eta langileei beraiei egonkortasuna eskaintzeko.

Finean, Kristau Eskolak, lan erreforma probestuz, langileen lan baldintzak murriztea erabaki du. Argudiatzen dutenez, Eusko Jaurlaritzak itunpeko eskolen diru laguntzak eskola publikoen mailan jarri ezean, ezinezkoa izango zaie orain arteko baldintzei eustea. Lan hitzarmen propioa baztertuta, soldata jaitsierak eta lanorduen igoerak pairatuko dituzte irakasleek. Inoiz jasan duten murrizketarik latzena izango da.

Grebak fruiturik eman ezean, urriko eta azaroko azken asteetan kontzentrazioak, geldialdiak eta manifestazioak egingo dituztela ohartarazi dute sindikatuek. Dena den, protestetatik haratago, hezkuntzako sindikatuek epaitegietara eraman dute auzia.

Kristau Eskolako langileez gain, AICE elkarteko ikastetxeetakoak ere izan dira greban. Bien artean 113.000 ikasle dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude