Perfektua zara

Perfektua zara –

Emaize sexologia zentroak Alea agerkarian.

“Zergatik gorputz mota bakarra lehenetsi? Zergatik senti dezakegu erakarpena estereotipo horietatik urrun dagoen norbaitekin?”

Perfektua zara
Argazkia: Pixabay

“Perfektua zara!”. “Zuek hori diozue, baina ez da egia”, begiak malkoz zipriztindurik erantzun die lagunei aurrean dudan neskatoak. “Nik besteak politak ikusten ditut, baina ni ez”, amore emanik besteak. “Ispiluan begiratzean gustuko ez ditudan gauzetan jartzen dut begirada, zaila da horra ez begiratzea”, dio jertse berdeko mutikoak. “Nik nazka sentitzen dut nire gorputza begiratzean”, gehitu du izkin bateko neskak umore tonua eman nahian. “Nik besteen komentario itsusiei kasurik ez egiten ikasi behar izan dut eta nire burua maitatzen hasi, bestela ezinezkoa da ondo egotea”, erantsi du hunkiturik atzeko ilarako mutilak.

Sexuen Heziketa saioan edertasun ereduak lantzen ari ginela sorturiko komentarioak dira hauek. Gure gorputzek ondo edo nahiko ondo behintzat funtzionatzen dute; bakoitza bere modura mugitzeko, sentitzeko eta besteak maitatzeko, besarkatzeko, musukatzeko edota laztantzeko balio digute. Hala, eskertuta egon beharko ginateke gorputza munduan egoteko, mundua arakatzeko eta besteekin harremanak izateko dugun tresnarik ederrena baita; askotan, ordea, ez dugu horrela sentitzen eta gorrotatzera irits gaitezke.

Ukazio hori hainbat iturrietatik etor daiteke, besteak beste, komunikabide ezberdinetan agertzen diren edertasun estereotipo estuetatik. Eta ez gazteentzako komunikabideetan soilik, helduontzako edukietan ere errepikatzen baita edertasun eredu zehatza. Baina ez genuke ahaztu beharko eredu horiek aldakorrak direla eta garai edota jendarte ezberdinetan, ezberdinak direla. Bi aukera ditugu:

Gure gorputza arropa bat balitz hartu eta modako kolore eta formen arabera aldatu urtaro horretara moldatzeko. Edo gure bizitzarako tresna nagusi bezala ezagutu, onartu eta zaindu, dauzkan aukera guztiak baliatuz.

Lehengoa aukeratuz gero, gaizki tratatua izango da, beti kanpora begira zoriontasun bila eta ezin lortu edo ordainsari altua ordainduz horretarako. Bigarrena landuz, gorputza moldatu ordez, gure begirada landu beharko genuke eta edertasuna, gure gustu eta desioak bezala, anitza dela ulertuko genuke. Guztiok ez dugu urdina gustuko, batek makarroiak eta besteak purea nahiago‚Ķ Zergatik orduan gorputz mota bakarra lehenetsi? Zergatik senti dezakegu erakarpena estereotipo horietatik urrun dagoen norbaitekin? Zergatik ez dugu gure gorputza jertse bat baino gehiago baloratzen?…

Gazteekin egindako saioa izan da artikulu honen iturburu, baina helduok hausnarketa egin dezagun ere, gu garelako gazte horien eredu, baita beraien heziketa eta ikus-entzunezko edukiak sortzen ditugunak ere. Gure hitz, esaldi, keinu eta dieta bakoitzarekin, mezuak transmititzen dizkiegu eta gutxitan dira gorputz anitzen aldekoak.

Maite dezagun gu garena!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, geure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Perfektua zara”-ri buruz

  • Ermenegildo 2020-12-15 13:38

    Sexologia masterretan ez da, antza, biologiarik ematen. Arraroa badirudi ere

  • Hasiera-hasieratik hasiko naiz.

    “Zergatik gorputz mota bakarra lehenetsi?”

    Nork dio, eta non, gorputz-mota bakarra lehenesten dela?

    Eta, egia balitz, zer? Ez al gara kapaz geure kasa pentsatzeko?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude