“Pepis Andereñoren” autonomia

“Pepis Andereñoren” autonomia –

Eguberriak hurbiltzen ari diren honetan, ume garaietako iragarki sorta batekin gogoratu naiz. “Pepis Andereñoren” jostailu sorta, alegia. Baziren , esaterako: “Cocinita de la señorita Pepis; “Peluquería de la señorita Pepis”; “Tienda de la señorita Pepis”. Arreba zaharragoa dudanez, ni ere gustura jolasten nintzen, biziki dibertigarria baitzen helduen jardunak antzeztea plastikozko mundutxo hartan.

Garai berean ere, gurasoek Estatutuaren aldeko manifestazio batera eraman ninduten, izan ere, helduekin manifestazioetara joatea edota mahai inguruan politikaz hitz egitea oso ohikoa zen. Donostiako Atotxako RENFEren tren geltokia azpitik egin berria zen pasabidea zeharkatuz, Erdialdera abiatu ginen. Manifestazioaren leloetako bat ondo gogoratzen dut: “Estatutu honekin, presoak kalera”.

Aitaren osabak Manuel de Irujoren lagun eta laguntzaile ziren eta erreferente indartsu horrek eragina izan zuen etxekoen hautu politikoan. Estatuaren alde bozkatu zuten, nafar bat lehendakaritzan ikustea atsegin handiz hartu zutelarik. Nafarroako armarria Jaurlaritzaren hasierako zigilu ofizialean dotore kokatuta zegoen, beste garaia zen.

Bestalako garaia zen ere Jaurlaritzaren hasierako urteena. Dena, gehiena, egiteke zegoen, eta abiadura bizian erakunde andana sortu ziren. Abiadura horretan jarraituz gero, jende askok Euskal Herri askea eta batua berehala iritsiko zela irudikatu zuen.

Haatik, laster Francoren erregimenarekiko hausturarik ez zela emango egiaztatzen hasi zen. Arin, 1982an, LOAPA iritsi zen; Arzallusek Espaniako Konstituzioa onartu zuen; Guardia Zibila eta Espaniako polizia ez ziren joango; gaztelerak derrigorrezko hizkuntza izaten jarraitu zuen, Estatuaren garapena eten egin zen, Nafarroa eta mendebaldeko hiru herrialdeen arteko harremanak oztopatu ziren. Eta hau guztia gutxi balitz, PSOE gobernura iritsi zen UCD egitera ausartu ez zen guztia egiteko prest. PSOEk euskalherritarron borondatean aurka NATOn sartu gintuen; industria birrindu zuen, pribatizazio prozesu basati bati ekin zion, Estatu-krimena erabili zuen…

Zoritxarrez ere, ETA ez zen ohartu gure askatasuna giza eskubideen defentsa sutsutik baino ez dela lortuko, eta bere borrokari luzapen dramatiko, antzua eta mingarria eman zion.

PNV-PSOE akordioa, hitzarmen estrategiko bilakatu zen eta hainbestetan entzun ohi zen esaldi ezagun bat “Franco lo dejó todo atado y bien atado” baieztatu zen. Gernikako Estatutua eta Nafarroa Garaiko Foru Hobekuntzak ez ziren transizio epe baterako tresnak, ez ziren Euskal Estatua bideratuko zituzten behin behineko egitura juridikoak, iruzur handi baten adierazgarria baizik.

Poliki-poliki agerian geratu zen, autonomia estatus horrek eskumen mugatuak zituen. Biak ala biak, Nafarroa Garaian eta EAE izen itsusiaz ezagutzen den lurraldeetan, erakunde autonomikoen eskumenak mugatuta geratu ziren. Estatutuetan aitortzen ziren eskumenetan (hezkuntza, polizia, azpiegitura, finanziazioa, justizian, kulturan…) eta batik bat, erakunde politiko bati Estatu izaera eman diezaioketen esparruetan.

“Lotuta eta ederki lotuta ere”. Gai estrategiko guztietan: mugak, naziotasuna, energia, moneta, eredu ekonomikoa, langileon eskubideak, desmilitarizazioa, hizkuntza, erabaki eskubidea, eskubide zibil eta politikoetan, nazioarteko ordezkaritzan, Arratza kuotetan, Gizarte Segurantza… guzti-guztietan eskumena, monopolioa, Espainiar Estatuarena da. Urte batzuk iragan behar izan ziren, baina azkenean, sortutako marko autonomikoaren iruzurra begi bistan geratu zen.

Ez zen egia sarritan entzun behar izan dugun leloa “Europako autonomia zabalena da”, ez da inoiz egia izan. Hegoaldeko bi marko autonomikoak Catalunyan ikusi ahal izan dugun bezala, buro-faxez ezaba daitezkeen bi “Carta Otorgada” besterik ez dira. "Pepis Andereñoren" autonomiaAutonomia estatusa, “PEPIS ANDEREÑOREN” autonomiak dira, jostailu horiek ordezkatzen zuten gezurrezko mundutxo horien pareko antzeztokia.

ELAk duela 20 urte ohikatu zuen “Estatua hilda”. Aste honetan ere berretsi du “Autonomiarik ez dago” esatean. Azkeneko 40 urte hauetan lerroketa politikoak aldatu dira, azkeneko lau hamarkadaotan belaunaldi berriak jaio dira. XXI. mendeko euskalherritarrok gure etorkizunaren jabe izan behar dugu. Menepekotasun juridikoari bukaera emateko unea iritsi da. “Spain Off” esateko garaia da; eten egiteko tenorea heldu da, deskoexionari ekiteko beharrean gaude.

Txikitan, plastikozko jostailu horiek gure heldutasunean egin beharrekoen aurrerapena ziren. Eta orain, ume garaia iragandakoan, herri honek ez du zaintzalerik behar. Plastikozko erakundeak, errepublika burujabe baten erakunde bihurtu behar ditugu. Euskal Errepublikaren herritarra “izan NAHI DUT” esatetik, Euskal Errepublikako herrikidea NAIZ esatera iragan behar dugu. Herritar aske eta ahaldundu gisa bizitzen eta jarduten hasi behar dugu. Catalunyako lagunek bide bat erakutsi digute, guk geurea egin beharko dugu, baina lehenbailehen euren ahaleginarekin bat egiteko beharra dago, arerioa duela 40 urte genuen aurkari bera delako, inperialismo espainiarra, Franco 2.0 erregimen arrazista.

Euskal Errepublikako herrikide gisa jokatzera prest gauden lagun guztion jarduna koordinatuko duen bilgune baten beharra dugu, jolas garaia bukatu baita, gure herriaren bizi-iraupena eta sistema ekonomiko demokratikoa, bideragarria eta justua jokoan daude eta.

“Pepis Andereñoren” autonomia

Donostiarra Pasaiaratua.

2 pentsamendu ““Pepis Andereñoren” autonomia”-ri buruz

  • Patxi Azparren 2017-11-13 09:12

    Hau kasualitatea! artikulua egin eta telebistan “Señoritas Pepis ” jostailu baten iragarki bat ikusi dut. Duela 38 bat urteko jostailua zela uste nuen eta hara non, politikan bezala, duela 38 urteko jarrera batzuk ere errepikatzen ari dira jostailuetan.

  • Nik uste dut estatutoa eta ezereza jartzen baditugu bakoitza balantza batean argi dagoela zeinek du pisurik gehienn.
    Batez ere azken 35 urte hauetan ezker abertzaleak sutsuki bultzatutako borroka politiko-militarrak izan duen emaitza miragarria kontuan hartuta.
    Nik ulertzen dut ezker abertzaleari bizia doakiola estatutoa gutxietsi behar horretan. Besteek lortu zuten, beraien ezpaitan eta beraiek ez dute ezer lortu. Hori da panorama beraientzat panorama tristea.
    Beti aritu zaizkigu señorita pepisen independentziaren matrakarekin. Eta badakigu nora iritsi diren.
    Dena den, Patxi, askorentzat euskal errepublika eta bestelako hitz potoloz ahoa betetzea edota papera marraztearekin oso ondo zabiltzate.
    Eta Kataluniako eredu miragarria ikusi eta gero, “ezker abertzalea off” esan beharko lukete hainbeste abertzale ezkertiar zintzo: bide horretatik off eta ezer lortzea baita arazoa.