Pello Coudroy, dantza, musika eta sukaldaritza
Pello Coudroy, dantza, musika eta sukaldaritza –
Herri guztietan badira arrunt ezagunak izaten diren lagunak, ainitzetan herri horren ibilbidean guztiz sustraiturik daudelako, eta bertako paisaiaren zati direlako. Horietako bat dugu Pello Coudroy “Urritzaga” Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteko sukaldari nagusia. Baina nor dugu Pello Coudroy? Ikus dezagun segidan.
Pello Coudroy Darruzpe 1939ko uztailaren 2an sortu zen Lapurdiko hiriburuan, Baionan alegia. Haren aita André Coudroy zen Landesetakoa, Akize aldekoa; eta ama, berriz, Jeanne Darruzpe azkaindarra. André bizibidez agente inmobiliarioa zen eta asegurantza bat zuen Baionan. Esposatu zirelarik Baionan finkatu zuten haien bizitokia eta bertan sortu zitzaizkien lehen bost seme-alabak: Maite, Maielen, Maia, Pello eta Ganix. Bi ttikienak, Panpo eta Xabier izenekoak, Donibane Lohizunen sortu ziren. Andrék bere burua euskaldundu zuen emaztearen familiarekin alde batetik, eta Aita Eiheramendik bere burua euskalduntzeko egin metodoarekin bestetik. Apaiz honi Apez Ttikia deitzen zioten, biziki ttikia baitzen. Munduko apez ttikiena ere erraiten zioten. Aita euskalduna omen zuen, baina beti etxetik kanpo lanean zebilena, eta ama erdalduna. Hori dela eta, umetan ez zuen euskaraz ikasi. Gazte zelarik eta bere burua euskaldundu nahian, metodo ttiki bat egin zuen, eta horren bidez euskaldun bilakatu zen. Metodo hori bera izan zen André Coudroyk bere burua euskalduntzeko erabili zuena. Handik aitzina André izatetik Anddes izatera igaro zen, horrela baitzen familiakoek eta adiskideek ematen zioten izena.
Baionatik Donibane Lohizunera aldatu ziren bizitokiz, eta coudroytar gazteak bertako Begiraleak elkartean ibili ziren dantzari. Pello dantzari fina zenez, Begiraleak taldean ibiltzeaz gain Filipe Oihanburuk zuzentzen zuen Etorki dantza talde profesionalera pasatu zen, eta orduz geroztik hor ibili zen 40 urtez dantzari. Etorki dantza taldeak Pelloren bizitza bideratu zuen nolabait, eta horrela 52 egunez Afrikan ibili zen dantza-dantzari, kontinente osoa zeharkatuz. Handik zenbait urtetara gauza bera egin zuten Ameriketan, lau hilabeteko bidaia eginez: Rio Janeiro, Montevideo, Buenos Aires, Rosario, Mar de Plata, Txile, Bolivia, Peru… eta leku guzti-guztietan arrakasta itzela atzeman zuten. Bidaia bukatzean, Pello Missouri aldera joan zen, bertan bizi baitzen Maia arreba, eta han gelditu zen ingelesa ongi menderatu arte. Auto-stopez Kaliforniako San Frantziskoraino joan zen gero, eta handik Euskal Herrirako itzul bidaia burutu zuen.
Euskal Herrian zegoela, aitak Donibane Lohizunen ezarrita zuen asegurantzaren bulego berrian aritu zen lanean hasieran, geroxeago Baionan zuten bulego zaharrean, eta azkenean, Xemark Ospital adiskideak Donibane Lohizunen zuen bidaia agentzian; eta hor egin zuen lan erretreta hartu zuen arte.
Bitartean Begiraleak elkartean aritu zen luzaz dantza irakasle eta gero, Pierrot Gil zuzendaria izan zen garaietan, sukaldari aritu zen, elkartearen izenean, Euskal Herriko luze-zabalean egiten ziren marmitako txapelketetan parte hartuz. Orduz geroztik eta gaur arte, sukaldaritzan buru-belarri aritu da.
Larunbatetan 30 bat lagun biltzen dira elkartean, eta bost bat lagunek Pelloren gidaritzapean, euskal sukaldaritzako zenbait plater prestatzen dituzte. Gainerakoek behatzen dute nola egiten diren, eta mahaia jartzen laguntzen dute. Gero elkarrekin afaltzen dute eta ondoren, ohiko euskal kantuen tenorea izaten da.
2010ean, “Lapurdiko sukaldaritza” izeneko liburu ederra kaleratu zuen Hiria argitaletxearen bitartez. Liburu horretan Begiraleak elkartean ainitzetan landu dituen 50 errezeta irakur daitezke. Gehien-gehienak Lapurdiko itsas-hegian ohikoak edota ospetsuak diren errezetak ditugu, baina badira Pello Coudroy-k sortutako berriak ere. Lapurdiko sukaldaritza ezagutu nahi duen edozeinentzat behar-beharrezko liburua da hau. Ikus dezagun zein diren errezeta horiek:
A) Sarrerak: 1.- Eltzekoa, 2.- Eltzekaria, 3.- Hetsilarrak donibandar erara eta 4.- Piperrada.
B) Arrainak: 5.- Arrain saltsa, 6.- Atuna ziburutar erara, 7.- Bakailua azkaindar erara, 8.- Bakailua Baionako erara, 9.- Bakailua Begiraleak-en erara, 10.- Bakailua bizkaitar erara, 11.- Bakailua irrisarekin, 12.- Bakailua koxkera erara, 13.- Bakailua pikillo-piperrekin Begiraleak-en erara, 14.- Bakailua pil-pil erara, 15.- Bakailua probentzar erara, 16.- Berdel gantxigorrak, 17.- Bixigua donostiar erara, 18.- Bixigu gatzatua, 19.- Irrisa Begiraleak-en erara, 20.- Legatza saltsa berdean, 21.- Lupina gatzatua saltsa txurian, 22.- Marmitakoa Begiraleak-en erara, 23.- Ttoroa Begiraleak-en erara, 24.- Urraburua donostiar erara, 25.- Urraburu gatzatua, 26.- Txipiroiak Begiraleak-en erara, 27.- Txipiroiak tinta beltzean, 28.- Txirlak euskal erara,
29.- Zanburiña, 30.- Zapoa Begiraleak-en erara eta 31.- Zurrukutuna.
C) Haragiak: 32.- Ahatea laranjan Begiraleak-en erara, 33.- Axuria edo bildotsa ardo txurian, 34.- Azkaingo axoa, 35.- Barekurkuiluak Begiraleak-en erara, 36.- Bildotsa txilindronean Begiraleak-en erara, 37.- Giltzurruna, 38.- Kexiloako oilaskoa, 39.- Oilarra arno beltzean, 40.- Oilasko gatzatua, 41.- Oilaskoa saltsan euskal erara, 42.- Tripakiak eta 43.- Usoa saltsan Begiraleak-en erara.
D) Bestelakoak: 44.- Irrisa euskal erara eta 45.- Patatak errioxar erara.
E) Azken-burukoak edo desertak: 46.- Amatxiren pastiza, 47.- Koka edo esne opilak, 48.- Euskal pastiza eta 49.- Taloa.
F) Edariak: 50.- Sangria Begiraleak-en erara.
Liburuaren bukaera aldean bada hiztegi ttipi bat Lapurdiko hitz bereziak euskara batuarekin, frantsesarekin eta espainolarekin alderatzen dituena eta liburuaren ulergarritasuna izugarri errazten duena.
Baina Pellok euskal dantza eta euskal sukaldaritza maitatzeaz gain, badu beste zaletasun handi bat: musika. Jesus Zubeldiarekin txistua jotzen ikasi zuen eta musika zaletasun horri jarraiki, musika-tresna bilduma ederra egin zuen. Bidaia agentziarekin batera kontinente guztiak zeharkatzeko eta ezagutzeko aukera ezin hobea ukan zuen, eta ezagutu zituen lurralde horietan bertako musika-tresnak erosi zituen. Horrela osatu zuen bere bilduma bikaina. Gaur musika-tresna horiek Begiraleak elkarteak Dukontenian duen egoitzako geletako batean erakusgai daude, denon gozamenerako.
Gaur egun, Pello Azkainen bizi da, Maia arrebarekin batera, amaren sortetxea zen Hiriartenia izeneko etxean. Andde aitak, 1957. urtean Golf Ttikia izenekoa zabaldu zuen, eta udaretan zabaldu izan dute orduz geroztik. Pellok negozio familiarra kudeatu du 2011. urtera arte. Ordutik bada beste pertsona bat hori kudeatzen duena; urteek ez dute barkatzen eta Pelloren osasunak bestelako bizimodu lasaia eskatzen baitio. Hala eta guztiz ere, Begiraleak elkartean jarraitzen du sukaldari nagusi gisa, ahal duen saltsa guztietan lagunduz. Miresgarria da bere umorea eta bere kemena. Adiskideek, adarra jo nahian, Lepo Xuxen deitu izan diote, Coudroy deituratik nolabaiteko itzulpena eginez. Baina, abizen hori ez da frantsesa, landestarra baizik, eta Urritzaga da dagokion euskarazko itzulpen zuzena. Horixe izan da izengoiti bezala Pellok beti erabili izan duena.
Begiraleak elkartean, Donibane Lohizunen, Azkainen… gizon ezagutua da, atsegina, goxoa, gisakoa, euskalduna, hitz errazekoa. Herri guztietan, eskualde guztietan, elkarte guztietan,… bada beti iraganeko oihartzun bizidun bat orainean eragin handia izaten duena, oraina nolabait bideratzen duena, eta iragan aberats horretan sustraiturik daukagu Pello Coudroy. Iragana den arren, oraina ere bada, eta baita geroaren mezularia ere. Beraz, milesker Pello Coudroy, zure bizitza osoan euskal dantzari eta euskal sukaldaritzari eman diezun guzti-guztiagatik.