Patxi Idiakez Indoren afera
Patxi Idiakez Indoren afera –
1932ko otsailaren 15ean, Patxi Idiakez abertzale getariarrak, bere anaia defenditu nahian, Ziriako Gatxaga errepublikazalea hil zuen. 1933ko otsailean epaitu zuten. Epaiketa espainol hutsez egin zuten, Idiakezek eta lekuko ainitzek (bederatzitik bostek) ulertzen ez zuten mintzairaz. Azkenean, hogeita bat urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri zioten. Denbora batez Donostiako Ondarreta presondegian atxilo izan bazuten ere, gero Santanderrera, Santoñako presondegira eraman zuten, bere herritik urrun. Afera honek Hego Euskal Herria astindu zuen, euskararen ukazioa garbi agertzen zuelakoan, eta abertzaleek sutsuki defenditu zituzten bai Idiakez eta bai euskara.
Frantzisko edo Patxi Idiakez Indo Gipuzkoako Getarian sortu zen 1909. urtean, eta hogeita bat urte zituen, hogeita hemezortzi urteko Gatxaga arrantzale mutrikuarra zurgintzako gubia batez hil zuenean. Hilketa honek sekulako kalapita sortu zuen Gipuzkoako gizartean, eta gobernuak Getariako batzokia itxiarazi zuen. Prentsa abertzaleak Idiakezen alde jardun zuen beti eta Euzko Alderdi Jeltzaleak getariarraren defentsa sutsua prestatu zuen, epaiketan gertatutakoa berriro azter zezaten. Aldeko mitinak antolatu zituzten nonahi, askotan debekatuak izan zirenak, eta Hego Euskal Herriko udalerri asko koordinatu ziren eta dirua bildu zuten epaiketa berri bat ordaindu ahal izateko. Azkenik, Horm, Areiltza eta Leizaola senatari jeltzaleek epaiketaren zuzenketa lortu zuten, eta Idiakezek mutrikuarra Xixilio anaia defenditzearren egin zuela kontuan harturik, kartzelako zigorra zortzi urtetara jaitsi zioten.
Hala eta guztiz ere, abertzaleak ez ziren ados gelditu eta ez zuten inoiz Patxi Idiakez bakarrik utzi. Horrela, 1934an Espainiako gobernuak izenpetu zuen amnistia legeak Idiakez bete-betean harrapatu zuen. Urte bereko irailaren 22an, Donostiako epaitegian epaiketa berriz aztertu zuten, gaztelania ongi ulertzen zuten lekukoak jarriz, eta bertan Idiakezek Gatxaga, anaiaren bizia salbatu nahian, hil zuela ikusirik, getariarra libre uztea deliberatu zuten.
Hiru urte beranduago, faxisten altxamenduari aurre egin nahian, Patxi Idiakez Amaiur batailoian sartu zen, eta hortxe borrokatu zen, 1937ko abuztuaren 24an, euskal armada Santoñan errenditu zen arte. Beste gudari ainitzekin batera Santoñako presondegian sartu zuten, hainbat urte berantago atera zuten arte. 1989an zendu zen. Hauxe da euskarak izan duen (eta tamalez, gaur oraindik duen) ukazio bortitz eta luzearen adibide samina.