Paradisu galdua?
Litekeena ote da zientziaren bidetik paradisuaren balizko mundura hurbiltzea? Biologiaren bidetik, zehatzago esanda? Kontakizun erlijiosoek lokatzetan jartzen dizkigu oinak; kontakizun biologikoak, ordea, bizitzan. Lokatza deiturikoa “berezko sorrerarekin” loturik dago; bizitza, berriz, eboluzioarekin. “Berezko sorreran” denetik gerta daiteke, magikoa eta neurriz kanpokoa ere bai. Eboluzioan, berriz, bizitzaren haria lege jakin batzuen arabera bilbatzen da. Ez da edozer gertatzen; aitzitik, gertaerak eboluzioaren legeen menpe ematen dira.
Nola imajina genezake paradisua eboluzioaren ikuspegitik? Paradisua, definizioz, homo sapiensi baino ez litzaioke egokituko, baina, azaleko ikuspegian, Kromagnon nahiz Neandhertal gizakiak, homo guztiak oro-har, paradisu berean zeuden.
Paradisuan gertatzen zen guztia ordena biologikoan barne kokatzen zen. Kultura mundua naturaren gelatxo bat baino ez zen artean. Paradisu hartan legea – debekuak eta beharrak – ez ziren ezagutzen. Ez zegoen legerik; hala bada, bekatua, zigorra eta kulpa ere ez ziren ezagunak. Bizitza biziraupen borroka latza zen, baina naturaren inozentziaz begiratuta, borroka hori guztiz naturala zen. Horregatik, bizitza gogorra zen,baina ez krudela; ankerra, baina ez injustua; iluna, baina ez misteriotsua. Paradisuan gauza asko gertatzen ziren, baina ez zegoen inolako dramarik. Pertsonaiak ere ez zeuden. Edo, nahiago baduzue, drama baten pertsonaiak baziren eta drama horren ekintzak eta hitzak errepikatzen zituzten, baina ez ziren horretaz jabetzen, drama horren idazlea guztiz ezkutaturik baitzegoen. Eszenatokia ere, natura osoa izanik, ez zen nabarmentzen.
Mintzodun adimentsuak ziren paradisuko gizakiak, baina haien mintzoa idazkera genetikoaren zolan lerratzen zen. Horregatik erreferentzia puntuak idazkera genetikoak markatutako puntuak ziren. Espazioa eta denbora “naturalak” ziren, haien egitura eta markoa sistema genetikoak sortuak baitziren. Ibai baten uraren antzera aurrera egiten zuten, ibaiaren zolak, hau da, sistema genetikoaren zolak, gidatzen zituelako. Baina, zentzu zehatzean, ez zuten helbururik, ezta berezko asmorik ere. Bertsolarien metafora erabiliz, ez zekiten artean “azken bertsoko” aingura botatzen.
Mintzodun adimentsuak ziren eta, beraz, tresna eta ohitura berriak aurkitzeko gai ziren. Asmatu ere asmatzen zuten, baina asmakuntzen erritmo mantsoak hau adierazten du: ausaz asmatzen zutela eta ez nahita . Asmakizun horiek gordetzen eta errepikatzen ziren, baina ez zuten asmatzeko grinarik.
Egokiera zer zen ere ez zekiten. Naturala ez den gertaera, hori da egokiera. Paradisuan gertatzen zen oro naturala zen. Espazio-denbora natural horretan ez zegoen lekurik ezta astirik ere norbaiti ezer berezirik egokitu zekiokeen. Izan ere, oroimenaren zola ere oroimen genetikoa zen; idazkera genetikoak sortu eta bilbatutako oroimena, alegia. Artean agertu gabe zeuden poetak, alegiazko mundua sortuko zuten poetak.
Naturaren mugen barnean, besteekin alderaturik, homo sapiensek ahalmen eta aukera gehiago zituzten. Haien adimena eta baliabideak oparoagoak ziren. Besteekin konparatuta aberatsak, pribilegiatuak senti zitezkeen, baina, funtsean, artaldeko animaliak ziren haiek ere. Artaldeko animaliak, hau da, idazkera genetikoak eratu eta bilbatutako animaliak.
Gizakiok – homo guztiak – mintzodun adimentsuak ziren baina artean ez zuten beraien burua ikusten naturatik kanpo, are gutxiago naturaren kontra. Homo guztien artean sapiensi baino ez zitzaion egokitu naturatik burua ateratzeko ahalmena. Beste gainontzeko gizakiek -Neanderthalek barne – ezin zuten paradisutik alde egin. Kondenatuta zeuden paradisuan betirako bizitzera (eta paradisua desagertuz gero, harekin batera desagertzera).
Zergatik alde egin zuten homo sapiensek paradisutik? Nahita ala behartuta alde egin zuten?
Lehenengo hipotesiaren arabera paradisutik aldentzea prozesu luze baten ondorioa litzateke. Prozesu hori duela 200.000 urte hasi eta duela 50/40.000 urte burutu zen. Prozesu horren bitartez lo zeuden gaitasunak gauzatzen joan ziren eta, azkenean, bere umotasunean agertu ziren. Traumarik gabeko umotze prozesua izan zitekeen. Aurretik idatzita zegoena bete egin zen.
Beste hipotesi bat ere badago, katastrofe bati loturikoa (Cuvierrek biologian “hondamendi teoria” sartu zuenetik, katastrofeak eboluzioaren bidelagun fidelak izan dira). Hondamendiren bat gertatu zen paradisutik aldentze hori argitzeko adinakoa? Hala izan balitz, aldentze horren aztarna tragiko batzuk argi litezke. Hondamendi teoriak homo sapiensek paradisua gogoz kontra utzi zutela erakutsiko liguke; eman zuten jauzi handia, gizadiaren sorrera ekarri zuen jauzia, beharturik eta gogoz kontra eman zutela. Laburtuz, gure arbasoek, ahalmenez zituzten gaitasun miragarriak, guztiz beharturik jarri zituzten indarrean, hain goxo eta lasai bizi ziren paradisuan.
Bi hipotesi horiek garrantzitsuena ezkutatuko dute agian. Benetako auzia ez dago hondamendi teoria edo pausoz pausokoa aukeratzean. Batean eta bestean erantzun behar dugun galdera, hau da: zein ahalmen berri agertu da gure espeziean? Ahalmen berriari esker paradisutik kanpo bizirik iraun ahal izan zuten gure arbasoek, baita geuk ere. Ahalmen hori jaso ez zuten paradisuko beste gizakiak desagertu ziren. Ahalmen berri horrek -zehaztuko dut apur bat gehiago – mintzoarekin zerikusi handia du, baina ez da mintzoa bera.