W. Eugene Smith argazkilariari eginiko elkarrizketaren zati bat

1950. hamarkadaren erdialderako, W.Eugen Smith argazkilariak bere burua LIFE Magazine aldizkariko argazkilari nagusi bezala kokatzea lortu zuen  “Country Doctor,” “Spanish Village” eta “Nurse Midwife” ensaioak argitaratuz. 1955 urtean LIFE utzi eta Magnum argazki agentziarekin bat egin zuen, eta ‘documentation of Pittsburgh’  lan sakona hastea deliberatu.

Orain gutxi, American Society of Media Photographers elkarteak, Philippe Halsmann erretratista handi eta elkarteko lehen lehendakari izandakoak zuzenduta Smith jaunari eginiko elkarrizketa baten transkripzioa eskuratu zuen. Itxura denez, elkarrizketa 1956. urtean New Yorken egindako American Society of Media Photographers elkartearen bilkura batean egin zen, dataren zehaztasunean dudak badira ere.

Sarrera hau, elkarrizketa topatu eta irakurri dudan LENS blogetik hartu dut; osorik hemen duzue, irakurri nahi duenarentzat. Elkarrizketan gai ezberdinak jorratu zituzten, baina nik hona argazki konkretu baten inguruan egindako galdera eta erantzunak ekarri nahi izan ditut.

Galdera: Gogoan dauzkat, bereziki, Espainiako hilbeila batean,hildako gizonaren aurpegiari so dagoen jendeari eginiko argazkiak -zenbat argazki atera zenituen?

Erantzuna: Bi, eta beste bat atontzeko. Ez nuen trabarik egin nahi.

G: Piero Saporiti, Espainiako TIME-LIFEeko korrespontsalak, behin aipatu zidan, olio lanparak erabili zenituela.

E: Saporotik oso memoria ona dauka, imajinazioz betetakoa! Eskura nuen argi bakarra erabili nuen. Flash bakar bat erabili nuen, kandela baten lekuan.

G: Min sakonean zegoen jendeari flash argiak jarri zenizkien begietan, beraien minean traba eginez. Zure intrusio hori zerk justifikatzen du?

E: Uste dut aurreko egunean gaixorik izan ez banintz, horrela jokatzeko modurik ez nuela izango. Zelai batean sabeleko minez nintzela, ezagutzen ez nuen gizon bat hurbildu eta nahi ez nuen, baina bere kortesiaren ontasunarengatik onartu nuen ardo bat eskaini zidan edateko. Ustekabean, hurrengo egunean lasterka etorri eta esan zidan “Faborez, aita zendu berria da eta ehortzi beharra dugu eta paperak betetzen diren tokira eraman nazakezu?” Berarekin etxera joan eta hain sartu nintzen beilako tristezia eta errukiaren edertasunean, ezen atera hurbiltzen ikusi nuenean, pausu bat aurrera eman eta galdetu nion “Jauna, mesedez, ez dut inor desondratu nahi baina argazkirik egin dezaket?” eta berak erantzun zuen “ohore handiz.”

Ez dut uste argazki bat justifikatua dagoenik, argazkiaren hobebeharrez -beraren xedean edo asmoan pentsatu ezean. Nik adibidez, erditzen ari zen emakume bati argazkiak egin nizkion, emaginei buruzko istorio baterako. Nire argazki bilduman badira gutxienez bi hutsune, argazki izugarriei dagokienez. Bata E-egunekoa (D-Day) Filipinetan, gure blindatuek suntsitu berri zuten herri batean erditzeko ahaleginetan zebilen emakume batenak, eta emakume hura, eraikuntzaren kontra erditu nahiean -une hartan neure burutazio bakarra emakumea laguntzea zen. Beste norbait izan balitz bertan, gutxienez nire aukera berak zituenak laguntza emateko, argazkiak egingo nituzkeen. Baina egoera berezia zen – argazki alu batek ez du hori merezi!

 

Bada elkarrizketan beste galdera eta erantzun interesgarririk, argazkiak antzeztearen eta arauak betetzearen ingurukoak adibidez, baina nik zati hau ekarri nahi izan dut, argazkia ezagutu bai baina haren nondik-norakoen berririk ez nuelako. Gura baduzue irakurri ezazue osoa.

 

 

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.