Errusiar demokraziaren bost erakusgarri

Errusiar demokraziaren bost erakusgarri

Errusiar demokraziaren bost erakusgarri

1991an gertatutako SESBen (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren) gainbeherak egin zuen hau osatzen zuten 15 errepublikak banatzea, eta estatu berriak sortzea. Horien artean ezagunena (Gerra Hotza dela eta) eta handiena (17 075 400 km2) Errusiar Federazioa bilakatu zen. Komunismoarekiko ezinikusia zuten guztiek demokrazia perfektuarekin egiten zuten amets, garai hartaraino arerioak izan zirenak eredutzat hartu eta haiekin lagun minen harremana edukitzeraino. Gaur egun, badaude bost erakusgarri Errusian demokrazia dagoela adierazten dutenak.

1 Giza Eskubideak errespetatzen dira

Dirudienez, Giza Eskubideak urratzen dituzten kasu gehien izan ditu Errusiak 2012an, Europako beste estatuekin erkatuz. Gutxienez, 122 izan dira epaituen eskubideen aurka egindako erabakiak. Errusiarrak kexu dira atxilotze ilegalak, torturak, zentsura, etab. direlako nagusi; horrenbeste non, 1999an 971 kexa bidali baldin baziren, 2011an 40.225 izatera pasa ziren.

2 Berdintasun ekonomikoa dago

SESBen gainbeherarekin, milioika pertsonek galdu zuten erosteko ahalmena. Gaur egun Errusiak 142 905 200 bat biztanle ditu, eta horien %26a pobrezian bizi da, hileko 120€ko soldatarekin. Gutxi ez balitz, soldata horren %49a zergak ordaintzeko erabili behar dute. Bien bitartean, Moskun izugarri aberats diren 79 gizon bizi dira, New Yorken baino gehiago. Gainera, Duman (Beheko ganberan) milioiak dauzkaten 50 gizon daude, eta milaka milioiak dauzkaten 6 inguru.

3 Aniztasuna dago boterean

1991an Gorbatxov-ek (Perestroikaren sortzaileak) dimititu behar izan zuen, Boris Jeltsin Errusiar Federazioaren lehendabiziko presidentea bilakatu zelarik. 1999tik 2013ra, ordea, Vladimir Putin eta Dmitri Medvedev egon dira presidentearen eta lehen ministroaren papera txandakatzen, sistema pertsonalista dela ez ezik, ustelkeria leporatu dieten arren. 2012ko hauteskundeetan Putinen alderdiak, “Errusia Batuak”, irabazi zuen bozen %64arekin.

4 Presidentea ez da, jadanik, jainkotzat hartu behar

Stalinek boterea hartu zuenean, herritar guztiek bere irudia jainkotzat hartzea egin zuen, herritarrek gurtu behar zuten. Horrenbesterako ez da izango, baina presidentearen aurkako jarrera ez dago oso ongi ikusita Errusiar Federazioan, galdetu bestela Pussy Riot taldeko neskaren bati, Katedral baten “Jainkoaren Ama, Putin eraman ezazu” abesteagatik (eta beste hainbat delituengatik) kondenatu dituztelako.

5 Askatasun sexuala dago

Errusian 1993an homosexuala izateak delitu izateari utzi zion, baina honek ez zuen egin herritarrek askatasun sexuala onartzea, inkesta batek dioenez bakarrik %2,3ak egiten baitzuen. Propaganda homosexuala egitea debekatua dago eremu askotan, errusiar poliziak Madonna mehatxatu zuen gay eta lesbianen aldeko jarrera adierazteagatik. 2006tik 2011ra homosexualek manifestatzea debekatua izan dute, beranduago skinhead, nazionalista eta ortodoxo askoren indarkeria jasan izan dute, gainera. Azkeneko bortizkeria-kasua pasa den astean gertatu zen.

Inork jartzen al du zalantzan Errusiak demokrazia bizi duenik?

Errusiar demokraziaren bost erakusgarri
Askatasuna, demokrazia, Errusia, giza-eskubideak, pussy riot, Putin

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...

11 pentsamendu “Errusiar demokraziaren bost erakusgarri”-ri buruz

  • Gora Stalin

    PussyRiot burgesia inperialista mendebaldarraren soldapeto morroiak

  • Oxandabaratz 2013-01-29 00:26

    Horiek badira Errusan demokraziarik ez dagoela argudiatzeko argudioak, orduan demokrazia inon ere ez dagoela ondorioztatu beharko genuke. Nahiz eta egia den askotan lupa Errusiarengan jartzen dela, ez dakit zer arrazoi dela medio

    Baina egia da Errusiak (eta ez soilik Errusiak, baita Ukrainak, Georgiak, Estoniak, Kazakhstanek eta hainbatek) atzerapauso ikaragarria eman dutela 1991 urtetik hona alor guztietan

    • Marina Landa 2013-01-29 10:40

      Agian oraindik ez zaiolako “barkatzen” iragan komunista…
      Nire kasuan azkeneko berriengatik izan da, hurrengo batean AEBei buruz idatz daiteke, zer esanik ere badagoelako (tamalez, “demokrazia” guztietan bezala).

  • Esango nuke Errusiaren egoerak zerikusi zuzena daukala, hain zuzen, 1991n eta lehentxeago jazotakoekin. Labur esanda: krisi ekonomiko erraldoi batean, non biztanleen bizi-maila hondoratu egin zen, Gorbatxov kolokan zegoen, eta Mendebaldeko potentziek (AEB, Erresuma batua eta Frantzia, bereziki) bizkarra erakutsi zioten Gorbatxov-i eta Yeltsin-en alde egin zuten. Politikari arribista bat, inolako eskrupulukorik gabekoa. Gehiegi izan gabe, urte dexente dauzkagunok ikusi genuen Yeltsin-ek tankeak nola bidali zituen Errusiako Parlamentua bondardatzera, eta bestetan giza-eskubideak, demokrazia etab. hain zorrotz begiratzen dituzten horiek nola ez zuten txintik esan. Eta gero gerokoak. Horrez gain, Errusiaren historiaren “faits de longue durée” batzuk ere badaude: Errusian askatasuna landare urria izan da, ia apenas ezagutu gabekoa, bertako gobernuek despotismorako joera nabarmena izan dute, izan tsarrekin, izan komunismoarekin, edo izan Putinekin. Errusiarren eta oro har Inperio Errusiarraren biztanleen askatasun nahiak zapuztuta geratu dira behin eta berriro: Iraultzaren ondoren (Kronstadteko Matxinada Historiaren gertakizun tristeenetakoa da:http://eu.wikipedia.org/wiki/Kronstadteko_matxinada), II. Munduko Gerraren ondoren (Stalinek zinismo osoz aditzera eman zuen askotan nazismoa porrokatuta erregimena “leunduko” zela), Perestroikaren ondoren…

  • Nik ere pentsatzen dut Errusian ez dagoela demokraziarik, baina ikusita zer daukagun etxean… Alderaketa txiki batzuk:
    .
    1 Giza Eskubideak errespetatzen dira:

    “…Errusiarrak kexu dira atxilotze ilegalak, torturak, zentsura, etab. direlako nagusi…”
    .
    Hemen ere kexatzen gara guzti horretaz. Eta Guantanamon eta Abu Ghraiden ere.
    Zenbat alderdi politiko ilegalizatu dute Errusian? Zenbat egunkari itxi? Hemen bezain beste?
    .
    2 Berdintasun ekonomikoa dago:
    “…Gaur egun Errusiak 142 905 200 bat biztanle ditu, eta horien %26a pobrezian bizi da…”
    .
    Espainian askoz hobeto daude: %21,8 (http://ethic.es/2012/01/la-tasa-de-pobreza-en-espana-se-situa-en-el-218/)
    Zein da muga “demokratikoa”?
    .
    3 Aniztasuna dago boterean:
    “…1999tik 2013ra, ordea, Vladimir Putin eta Dmitri Medvedev egon dira presidentearen eta lehen ministroaren papera txandakatzen, sistema pertsonalista dela ez ezik, ustelkeria leporatu dieten arren…”
    .
    Espainian askoz anitzagoa da PSOE eta PPren gobernuen alternantzia. Eta Euskal Herrian ….andebaparar!
    Eta ustelkeriarena… ea txapelketa antolatzen duten haien artean!!
    .
    4 Presidentea ez da, jadanik, jainkotzat hartu behar:
    “…baina presidentearen aurkako jarrera ez dago oso ongi ikusita Errusiar Federazioan, galdetu bestela Pussy Riot taldeko neskaren bati…”
    .
    Tira, saiatu zaitez Espainian Diktadore batek beti betirako Estatu eta Armadaren Buru jarri zuen Erregea eta bere oinordekoaren aurka gauza bera egiten ea zer gertatzen den.
    .
    5 Askatasun sexuala dago:
    “…Errusian 1993an homosexuala izateak delitu izateari utzi zion, baina honek ez zuen egin herritarrek askatasun sexuala onartzea…”
    .
    Ez dakit nik zenbat hobeto gauden hemen: “Denuncian al menos tres agresiones homófobas en las fiestas de Bilbao” (http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2011/08/28/sociedad/euskadi/denuncian-al-menos-tres-agresiones-homofobas-en-las-fiestas-de-bilbao)
    .
    Badago artikuluan aipatzen ez den puntu garrantzitsu bat: herrien Autodeterminazio eskubidea.
    Errusiak, Espainiak eta Frantziak bezala haien menpeko herrien autodeterminazio eskubidea ukatzen du eta, esaterako, Txetxenian, Putin buru, izugarrikeriak egin dituzte haien menpe iraunarazteko.
    .
    Demokrazia? Non?

  • Oxandabaratz 2013-01-29 13:57

    Eta beste bat sekula aipatzen ez dena: 1996an hauteskundeak Alderdi Komunistari lapurtu egin zizkioten. Baina klaro, horiek “SESBera itzultzea” eskatuko zuten, eta hori gizon prestuek ez dute nahi (ez errusian ez Mendebaldean). Errusiaren “a-demokraziaz” hitz egiterakoak, datu hau (eta Menditarrak aipatu duen 1993ko Parlamentuaren bonbardaketa) aipatu behar dira. Prezeski biak izan ziren SESB gaiztoaren (askok, ez dakit artikuluaren-egileak, baina bai Mendebaldeko askok, gaizki ororen iturritzat dutena) defendatzaileen aurka, eta biak izan ziren presidentetzan Jeltsin (demokrata mendebal-zalea) boterean zegoenean.

    Gaur egun, erregimenak, Putin dagoela eta, askoz ere babes handiagoa dauka; horrek ez du dudarik. Izan ere, ustelkeria jaitsi egin da (egon badagoen arren, noski) eta Estatuak berriz funtzionatzen du, eta errusiarrek hori eskertzen dute, gustatu ala ez (eta niri ere ez zait gustatzen).

    Bestalde Pussy Rioten kasuan argi dago zigor hori gehiegizkoa dela eta abar. Nik, hasieran, mundu guztiak bezala, eurengatiko aldekotasuna nuen. Gero ikusi nuenean zein ideologia postmoderno zeramaten (postnazionalista, Europarekiko lilura eta abar… zergatik talde errusiar), zein jendilajerekin batzen ziren (eskuin okzidentalistako kideak eta buruak) eta Putinen sistema kritikatzeko “SESBenaren antzkoa” omen dela nola deskribatzen zuten; berdin zait eurekin zer gertatzen den.

    Kronstadteko matxinadaren gainena erantzutera nihoan, baina hau gauza historikoa da eta artikulua errusiako gaurkotasunaren gainekoa da; beraz nahiago dut eztabaida ez desbideratu.

  • Oxandabaratz 2013-01-29 16:36

    Besta datu bat, gaur egungo Errusiaren “a-demokrazia” ulertzeko. 1991eko martxoan SESBeko errepublika gehienak (populazio gehiena barnebiltzen zutenak) erreferendum batean bozkatu zuten SESBen jarraitu nahi zutela (ez Baltikoan, hor jada independentzia deklaratua bait zuten; eta bessteren batean ere ez). Aldeko bozkak %70 baino gehiago izna ziren herrialde guztietan.

    Abenduan, Belovezh-en, Boris Jeltsin Errusiako presidenteak, Leonid Kravtxuk Ukrainako presidenteak eta Stanislav Xuxkevitx Bielorrusiako presidenteak erabaki zuten (inori ezer galdetu gabe) SESB desegitea. Nolatan ez da izango antidemokratikoa Errusiar Estatua hain modu antidemokratikoan sortua izan bazen eta inoren sostengurik ez bazuen izan?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude