Pandemiaren ondorioa

Pandemiaren ondorioa –

Pandemia dela eta, izan diren etxeratze eta konfinamenduek hobetuko ote gintuzten zen hasiera batetik jaulkitzen genuen galdera. Batez ere lehen hilabeteetan galdera arrunta zen adiskideen artean, oso ohikoa, maiz-maiz hizketa-gaia. Gehienetan, gizarte hobe bateranzko joera baten hasieraren aurrean ote ginen zen galdera.

Gizarte hobe baten beharra. Zergatik? Hainen gaizki ote ginen hitzetik hortzera galdera-nahia horretaz galdezka ibiltzeko? Gainbehera batean ote ginen ba? Lurbira guzian, inoiz baino pobre gutxiago, gosepean inoiz ezagutu dugun jende kopururik beherenean, gerrateak ia bukatuak,… eta hala ere gizarte hobe baten irrika eta beharra?

Bai, gizarte hobe baten ametsetan parametro guziak hobera egin izan dutenean urtez urte? Eta ez dago dudarik horiek guziak egiak direla, datuak hor daudela eta aitzina egin dugula. Baina zergatik makro guziak hobera egin dutenean, ez gaude konforme egoerarekin?

Makroak hobera egin baldin badute eta beste zerbaiten beharretan baldin bagara, ez dago deus esan beharrik, mikroan egin dugu atzera. Esate baterako, etxetik hasita, ez ote dugu atzera egin? Lagun eta adiskideak ez ote dira garai batean bezain leialak? Berekoikeria ez ote da oraingo marka? Eta indibidualismoa? Hedonismoa eta moralik eza ez al zaigu ura zingiretan bezala hedatu? Ez al zaigu zuztarretaraino ustela barneratu?

Bai, eta gure Aberrira ttiki honetara begiratzen badugu, independentziarako nahia ez ote zaigu lausotu? Euskaldunok ez ote gaude inoiz egon garen bakartuenak. Euskalgintza ez al dago inoiz izan duen krisirik latzenean? Borrokalariak sentitu ote du inoiz orain sentitzen duen bakardadea? Bakartu, hoztu, geure baitara bildu, eta geure burua engainatu,… Beraz, hortaz izanen da gizarte berri baten irrika, bestela ezinezkoa da hau, guzia (munduaren ongizatearen parametro guziak, esaterako, gose-tasen amiltzea, bakearen zabaltzea, pobreziaren ttikitzea…), hobera egiten ari denean.

Lehengo egun batez soldatarik ez duten alkate gutxi horietako batek, gauzak ongi egin beharrez lanpean dagoen batek, hala esaten zidan: pandemia honetatik atera gara inoiz baino bihurriago, nahasiago eta gaiztoago: dretxoak eskatu bai, dena eskatu, dena eskatu, baina lanerako inor ez. Ez genuen asko uste!

Pandemiaren ondorioa

Pandemia honek berekoikeria eta zikoizkeria barratu du. Ia-ia lur jotzeko tenorean nago.

Ez zebilen gozo nire laguna!

Honek beharko luke aterabide bat. Eta nire ustez, Mundua salbatzen saiatu beharrean, guk geure burua salbatu beharko genuke, gure familia, gure lagunartea eta gure Aberria. Ez dago etorkizunik geure burua engainatuz, ez dago etorkizunik besteak salbatze kontu horretan (geure burua engainatzea besterik ez dena) Denetaz atzendu; lehenik zeure burua, familia eta lagunartea sendatu. Gero gure Aberria, Euskal Herria, heriotza hurbil batetik urruntzeko lanean has edo segi.

Eta hori da Munduaren alde egin dezakegun hoberena. Etsenplua eta ispilua izan.

Ikusi duguna ikusi ondoren, ez dago beste aterabiderik, azken hamarkada hauetan saiatu garen guziak porrot egin du eta. Has nadin nire burutik…

Amezti

Pandemiaren ondorioa

4 pentsamendu “Pandemiaren ondorioa”-ri buruz

  • Amezti,
    alarma eta konfinamendua agindu zutenek gerlariak (elite boteretsuak) izan ziren; eta gerlak, miseriak eta pobrezia gora eta gora, goraka, joan da azken ehun urtetan, behintzat, jende arruntaren hondamendirako eta aberatzen gozamenerako.

    Eta nire uztez, ez dago NORBERE burutik hasterik, GEURE burutik ez bagara hasten. Zeuk ere hori esan nahi duzula uste dut.

  • Konspirazioaren teoriak… Ene! Urte ete erdi beranduago, kopla horrekin oraindik . Kurioski, alderdi politiko bakarra ere ez zen itxialdiaren aurka agertu, ez hemen, ez kanpoan ere. Beno, VOXekoek, eta munduko ultrakontseebadore eta filonaziek aukera aparta ikusi zuten konspirazioaren teoria dibertsoekin etekina ateratzeko modua. Orain beste kontu batzuekin dabiltza, horrekin jada agal zutena atera dutelakoan, eta, hemen, oraindik geratzen dira oihartzunak… Ene!..zer buruko mina..

  • Bisitari, EZ ZEN EGON KONSPIRAZIORIK!
    aRgi eta garbi esan zuten, bozgorailuz, aldez aurretik Estatuburuen diruak bilduz (hor joan zen Sanchez ere gure diruekin Bill Gates&Melindari dohanitza egitera 2019an; eta simulazio eta guzti egin zuten, potentzia apaleko bitxotxo hori barreiatu aurretik. Eta tiro batez bi txori akatzeko, Txinari errua egotzi zioten errua 2020an. Beraz, kospiraziorik ez bazen egon, konspiranoiderik ere.

    Majo maneiatu gaituzte. Baina iritsi da unea, maneiu horretara lerratu zirenei kontuak eskatzeko.

    Itxartu, Bisitari, denei burukomina eragin aurretik

  • 1985an Munduko biztanlegoaren %40 erabat txiroa zen, 1,90 dolar baino gutxiago zuen eguna pasatzeko. Ehuneko hori, orain bertan %10 da. Pobrezia gutxi erori dela?
    Ikus Txina, adibidez, zenbat zenbat miloi pobre gutxiago dago bertan?
    Edo har dezagun India: noiztik ez dugu entzun gosete baten oihartzunik Hamarkadak. (Tsumania izan zenean ere aipatu zuen ez zuela laguntzarik behar)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude