Nazionalismoa vs Inperialismoa

Nazionalismoa vs Inperialismoa –

“Hasieran nazionalistak omen ginen. Gero, nazionalismoa itsusia zela eta, abertzale bihurtu ginen. Orain, abertzaletasuna ere aski polita ez eta independentista ez-nazionalista, ez-abertzalea izan behar omen da…..Beti erretiran.”

Joxe Azurmendi, “Hizkuntza, Nazioa, Estatua”.

Nazionalismoa vs InperialismoaZirrara handia eragin zigun duela urte batzuk euskal ezker abertzaleko buruzagi ezagun batek Eskozian esandakoak: “Ni independentista naiz, baina ez naiz abertzalea”. Orduan ez zen ohikoa halakoak entzutea, baina gero ditxosozko leloak bere bidea egin du, eta arrakasta handia lortu. Asko dira orain formula horrekin bat egiten dutenak.

“Nazionalista” hitzak ez du harrera onik  Europan, hitzaren benetako esanahia desitxuratu delako (dutelako). Nahaste-borraste ideologiko interesatu batean, nazionalismo eta inperialismo pareko bihurtu dituzte, eta ez da harritzekoa toki askotan irakurtzea Hitler ere nazionalista izan zela. Ideia orokortua da iraganean Europan bertan gertatu diren gerra eta sarraski askoren jatorria nazionalismoa izan zela (gatazka horien erruduna, benetan, inperialismoa izan zenean).

Nazionalismoari buruz idatzi den saio bikainetako batek, Ulises Moulinesen “Manifestu Nazionalista”k, (Ikusi argiratatu genituen bi artikulu hauek: “Manifestu nazionalista”: C. Ulises Moulinesen idazlanaren laburpena (1. zatia) eta “Manifestu nazionalista”: C. Ulises Moulinesen idazlanaren laburpena (2. zatia), garbi bereizten ditu Hitlerren “nazionalismoa” (zinez, inperialismoa zena) eta Ghandirena. Merezi du Moulinesen aipua hona ekartzea:

Beraz, zaku berean sartzen dira, esaterako, Hitlerren programa ustez “nazionalista” eta Ghandiren programa zinetan nazionalista. Eta borondate oneko inor ezin dagokeenez Hitlerren programaren alde, ondorioztatzen da zorroztasun itxuraz sekulakoarekin borondate oneko pertsona hori bera ezin dagokeela Ghandiren programaren alde. Hori, argi eta garbi, reductio ad absurdum politologiko bat da. Nazio batek izateko eskubidea baduela eta beste nazio batzuek izateko eskubidea ez dutela esatetik sortzen den nahasketa deontologiko begien bistakoari zor zaio hori guztia. Lehenengoa, izateko eskubidea baduela baieztatzea, terminologia eta kontzeptuak zuzen erabiliz, “nazionalismo” gisa karakterizatzea komeni da. Bigarrena, izateko eskubidea ukatzen duena izendatzeko hitz egokia ez da “nazionalismo”, baizik “inperialismo”, “arrazakeria” edo, zehatzago esanda, “hegemonismoa”.

Benetako nazionalismoak soilik galdegiten du nazio baten existentzia-eskubidea beste nazioekin maila berean; hegemonismoak -askotan oker esaten zaio “nazionalismoa”- galdegiten du nazio batek beste nazio batzuk azpiratzeko edo errotik erauzteko eskubidea

Beharrezkoa da, horrenbestez, nazionalismoa inperialismotik bereiztea. Baina, horrez gain, zehaztu egin behar dira estatu-nazionalismoen eta estaturik gabeko nazioen nazionalismoen arteko desberdintasunak ere. Mehatxupean dauden hizkuntza, kultura eta identitatea babesteko nahia estaturik gabeko Herrien nazionalismoaren muinean dago, haien subiranotasuna areagotzeko edo estatu independente bihurtzeko desio legitimoarekin batera. Estatu-nazionalismoen ezaugarria, aldiz, ez da beren giza-taldearen nortasuna babesteko eskubidea (normalean mehatxatuta ez dagoena, Estatuak badituelako hura babesteko tresnak), baizik eta noizbait indarrez menderatuak eta eskuratuak dituzten beren barneko gutxiengo nazionalak deuseztatzeko nahia eta estatuaren kultura zentral hegemonikoaren inguruan estatua uniformatzeko gogoa. Nazionalismo mota horren eta inperialismoaren arteko muga, horrenbestez, oso lausoa da sarritan.

Inperialismoa da Herri batek gauza dezakeen ideologia politikorik zitalena. Inperialismoak, libre diren Herri batzuk Estatu inperialistaren mende jartzea eta Herri horien arpilatzea bilatzen du. Estatu inperialistak ez du zalantzarik indarkeriara jotzeko helburu hori lortze aldera, edo egoera horri euste aldera (gerra askoren erroan baitago), eta maiz kultura- eta moral-nagusitasuna, erakusten du menderatutako eta zapaldutako nazioen gainean. Estatu inperialistak mendeko nazioak (beren hizkuntza, kultura eta nortasuna) suntsitzea eta haien ondarea bereganatzea bilatzen du, eta horretarako, politika etnozidak aplikatzen ditu ageriko edo ezkutuko politikak erabiliz, indirect role edo zeharkako gobernamenduak erabiliz, adibidez. Aitortu behar da politika horiek oso eraginkorrak izan direla zenbait kasutan.

Zinismoaren paroxismora helduz, inperialista, (inoiz bere burua halakotzat hartzen ez duena), matxinatzen ausartzen den Herri menderatua iraintzen eta deskalifikatzen saiatzen da, “nazionalistatzat” joz. Eta nazionalismoak gaiztoak eta zitalak direla errepikatuko du behin eta berriro. Mundua alderantziz!  Horrek esan nahiko luke inperialismo ingelesa ona izan zela eta Gandhiren nazionalismoa txarra zela. Errepublika Baltikoen  nazionalismoa zitala izan zela eta inperialismo sobietarra bidezkoa. Hori euskaldun eta katalan abertzaleei, fanatiko nazionalistak, eta Espainiari edo Frantziari “zuzenbide estatu” zentzudunak deitzea da. Betiko leloa.

Ez dezagun beren amua irentsi. Ez dezagun pentsa gure nazionalismoa txobinista edo atzerakoia denik. Gure nazionalismoa espainiar eta frantziar inperialismo sekularrari ematen zaion defentsarako erantzuna da, Euskal Herria nazio bezala desagerraraztea eta asimilatzea helburu (garai batzuetan ageriko helburua, disimulu gabea, eta besteetan ezkutuagokoa edo diskretuagoa) duen inperialismoari emandako erantzuna, alegia. Gu, nazionalista eta abertzale garen aldetik, ez gaude prest geure buruari uko egiteko eta ez gaude prest geu suntsitzea bilatzen duten helburu inperialisten aurrean amore emateko.

Hainbeste aldiz errepikatu digute espainiar eta frantziar inperialistek “nazionalismo guztiak (gureak, jakina) gaiztoak direla” ezen azkenean ideia oker eta maltzur hori barneratu egin dugula. Eta, okerragoa dena, erantzun traketsa eman diegu, esanez haiek ere nazionalistak direla. Ba ez, haiek ez dira nazionalistak, inperialistak baizik. Oinarrizko kontzeptuak nahasten ditugunean galtzaile ateratzen gara beti borroka ideologikoan.

Ez dugu onartuko asimilatu nahi gaituztenek beren terminologia inposa diezaguten. Menderatuaren ezjakintasun politikoa da dominatzailearen armarik eraginkorrena.

Nazionalismoa vs Inperialismoa Nazionalismoa vs Inperialismoa

Euskal kontzientzia nazionala lantzen duen taldea

4 pentsamendu “Nazionalismoa vs Inperialismoa”-ri buruz

  • Oso interesgarria. Funtsean ados nagozuen ikuspuntuarekin, baina gauza bat ahazten duzuela uste dut, eta gauza horrek eragin diskurtsibo sakonak ditu. Ahazten duzue nazionalismoaren semantika ez dagoela gure esku, beren esku baizik. Etsaiak medio guztiak kontrolatzen dituen momenturik, jatorrian ‘nazionalismo’ hitzak zukeen esanahiak garrantzi guztia galtzen du. Ikuspuntu intelektual batetik zuekin ados nagoen arren, ikuspegi operazional batetik, planteatzen duzuenak ez du etorkizunik. Zeharo irreala da. Ahazten duzue ez zaretela zuek ‘nazionalismo’ hitzari esanahia esleitzen diotenak, berak baizik. Ondorioz, jatorrizko esanahiak ez du piperrik balio. Gudu semantikoa galduta dago, eta hobe dugu gure diskurtsua beren semantikarekin parekaturik eraikitzea. Hori egin ezean, porrota ziurtatuta dago. Egon zaitezte ziur hortaz.

    Ikuspegi semantiko dominantean, nazionalismoak beti darama faxismora. Beraz, Hitler nazionalista zen, Franco nazionalista zen, inperialista guztiak nazionalistak dira, gaurko Estatu-nazioak nazionalistak dira, eta gu ez gara nazionalistak. Euskal nazionalismoa ez da existitzen, eta ez da inoiz existitu.

    Borrokatzen ari garen zelai semantikora jauzi egiten ez badugu, gureak egin du. Horregatik, egin daitekeen gauzarik inteligenteena goiko horixe da, independentista ez-nazionalista garela esatea. Beste era batera esanda, Espainiako nazionalismo bakarra gaztelarra dela salatzea. Hala da eta, gaurko semantikaren ikuspegitik.

    Agur bero bat.

  • Ni ere Julenekin nago.

    NAZIOZALE, NAZIO INDEPENDENTZIA ZALE, edo horrelako zerbait erabilitzea komeni litzaiguke. (“nacionales”?

  • Bere burujabetza osoa nahi duen nazio batek ezin du galdutzat eman borroka semantikoa edo ideologikoa. Zuk diozu “nazionalismoaren semantika ez dagoela gure esku, etsaiaren esku baizik”. Ados hein batean, baina horren aurrean amore eman behar al dugu? Estatu inperialistek (Espainiak eta Frantziak) haien esku dute Euskal Herriaren aginte-gunea ere, horrek esan nahi du horretan amore behar dugula eta gure independentismoa errebisatu? Bistan da ezetz.
    Berriz diogu, ez gaude prest asimilatu nahi gaituztenen terminologia onartzeko. Hitler eta Franco ez ziren nazionalistak, inperialistak baizik. Ulises Moulinesen testu bikaina irakurtzera gonbidatu nahi zaitugu. Inperialisten semantika zuria desmozorrotu ezean, jai dugu.

  • Ene ustez, ez da amore ematea, egoeren arabera berriskutea baizik. -ISTA hori ordezteari hobekuntza deritzot, besteriik gabe.

    -ISMO eta -ISTA berbek rerukzionistak dira, eta atzerantz eragiten dute gaur egun.