Pailazokeriak

Pailazokeriak –

“Aita, zergatik ez diete uzten Pirritx, Porrotx eta Marimototsi Iruñean kantatzen?” galdetu dit kezkatuta lau urteko alabak bere idoloen aurkako debekua ulertu ezinik. Pailazoak datorren azaroaren 29an ziren Iruñeako Baluarte aretoan ikuskizuna egitekoak, baina udal gobernu talde berriak aurrekoak egindako kontratu guztiz legala bertan behera utzi du, hitzarmenaren forma akatsak argudiatuz hasieran; baina gerora, Enrique Maya alkateak prentsa aurrean aitortu zuen bezala, benetako arrazoia artisten lerrokatze politikoa zela onartuz.

PailazokeriakBaina bere nagusikeriaz, Iruñeako udalburuak, nahi gabe, sekulako bizitza irakaspena eman die Euskal Herri osoko umeei. Nor lubakiaren bere tokian jarri du, umeen arrazonamendu gardenak erraz identifikatzen dituelako onak eta gaiztoak. Eta ezin da historiaren alderdi onean izan pailazo maitagarrien emanaldia debekatzen duen gizon gris bihozgabea, areago, pailazo horiek bi hamarkada baino gehiagoz batetik bestera maitasuna eta elkartasuna banatzen ibili direnean.

Duela bi urte izan zen. Seme txikia ospitalean ingresatuta geneukala, alaba nagusiarekin joan ginen pailazoen urteroko ikuskizunera. Bukatutakoan, Marimototsengana hurbildu ginen, musu banaketan ari zen-eta. Alabak tristuraz kontatu zion neba erietxean zuela eta kezkatuta zegoela. Artistak, maitekiro, besarkada bero batez kontsolatu zuen eta animoak eman zizkion. Handik, egun gutxitara, abenduaren 3an, euskararen eguna zela-eta, Porrotx biboteduna Txagorritxu ospitalera etorri zen gaixotutako umeei irribarre bat ekartzera, eta guk sinestarazi genien seme-alabei Marimototsen eskakizunari erantzunean etorri zela, propio, semearen osasunaz kezkatuta. Geroztik, gure umeek argi dute gutarrak zein diren; argi dute lubakiaren zein aldetan dauden; bihotzez sentitu, eta buruz pentsatutakoan, ukabilaz ekintzetara pasatu behar dela irakatsi dieten sudurgorrienen aldean izango dira beti.

Orain, bizitzan lehenbiziko aldiz, gure seme-alabek pairatu dute euren larruan gorrotoa, sentitu dute euskalduna izatea zer den, eta zer den faxismoaren bidegabekeria. Ikasi dute, gainera, urtetan ereindako elkartasuna biderkatuta jasotzen dela bueltan beharrezkoa duzunean, eta Piotr Kropotkinen teoria anarkisten berri izan beharrik gabe ere, badakite, pailazoengandik ikasi dutelako, elkarrekiko babesa zer den. Eta hori guztia, neurri batean, Iruñeko auzapezaren jauntxokeria traketsari zor diogu. Mila esker, Maya jaun txit gorena, bizitza irakaspen honengatik.

Pailazokeriak

Pailazokeriak

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak