Nor utziko dugu hiltzen?

Nor utziko dugu hiltzen? –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

Osasun sistema publikoaren aldeko aldarri politikoa

Javier Padilla familia-medikuak idatzi du osasungintza publikoari buruzko liburu argigarria.

Astean zehar Luis de la Cruz adiskidearen elkarrizketa bat irakurri nuen: «La crisis es una característica de nuestro sistema de salud más que una coyuntura» (Krisia gure osasun sistemaren ezaugarri bat da, koiuntura baino gehiago). Elkarrizketatua Javier Padilla (Colectivo Silesia) da eta solasaldiaren arrazoi nagusia medikuak berriki kaleratu duen ¿A quién vamos a dejar morir? (Nor utziko dugu hiltzen?) liburua.

Ostiral goizean erosi nuen Hontzan eta larunbat arratsalderako irakurrita nuen. Horretarako hainbat faktore elkartu dira: denbora nuen, gaia interesatzen zitzaidan eta liburuak laguntzen du.

Astean zehar Luisekin izandako mezu truke batean esan zidan Capitán Swing argitaletxeak edizio lerro bat duela non liburu tematikoak ateratzeko erabakia hartu duten hainbat gairen inguruan: haurdunaldi subrogatua, amatasuna, laster etxebizitzei buruz aterako dutena…

Osasungintza publikoari buruz ez dut orain arte libururik irakurri eta hau oso aproposa  iruditu zait gaian murgiltzeko. Nondik gatozen, ze gertatzen ari den une honetan, zer gerta daitekeen epe ertainera eta zer egin beharko genuke, ezkerreko perspektiba batetik, etorkizunari begira.

Luis de la Cruz-en berbak erabiliz:

«Padillak osasunaz modu globalean hitz egiten du, hasiera batean, mediku batengandik espero ez zenukeen eran. Politikaz eta gizarteaz idazten du; horretarako Marina Garcés filosofoa edo “birbanaketa eta errekonozimendua”ren arteko eztabaida feministara jotzen du».

Egun batzuk lehenago Julen Iturberen beste artikulu esanguratsu bat irakurri nuen: El desmantelamiento del sector público (Sektore publikoaren desegitea).

Iturbek aipatzen du Estatuko Administrazioko funtzionarioen batez besteko adina zenbat igo den azken urte hauetan eta, Donostiako Udalaren adibidea jarriz, zein pisu duten kanpoko eragileek barne funtzionamenduan.

Nor utziko dugu hiltzen?Unibertsaltasuna

Padillaren liburuaren 35. orrialdean, Martin McKee eta David Stucker-en The assault on universalism: how to destroy the welfare state (Unibertsaltasunaren aurkako erasoa: nola desegin Ongizate Estatua) artikuluaren aipamena egiten da. Lau urrats omen daude prozesu horretan:

  1. Zerbitzu publiko hori jasotzea merezi ez duten pertsonen talde identifikagarri bat sortzea.
  2. Sistema bat sortzea non aberatsek mozkin gutxi izango dituzten ordaintzen dituzten zergen truke.
  3. Sindikatuen rola murriztea.
  4. Epe laburrean ondorio oso argiak ez dituzten, baina epe luzera soilik ikusi ahal daitezkeen ondorioak dituzten erabakiak hartzea.

Adibide gisa Espainian 2012an Rajoy-ren gobernuak egindako 16/2012 Errege Dekretua. Nahiz eta paperik gabeko pertsonek osasun zerbitzurik gabe utzi zituen erabakian jarri fokua, bazen beste kontu garrantzitsu bat bertan: urtero 100.000 eurotik gorako errenta zuten pertsonak ere kanporatuak izan zirela sistematik.

.

Posta kodea kode genetikoa baino eraginkorragoa: berdintasun eza

93. orrialdean inequidad (berdintasun eza) kontzeptua ageri da. Lehen esaldia: «Madrilgo hiriko auzo aberatsenen eta pobreenen artean hamar urteko aldea dago bizi-itxaropenean». El Confidencial medioaren artikulu hau aipagai: Dime en qué barrio de Madrid resides y te diré si vivirás 10 años más o menos (Esaidazu Madrilgo zein auzotan bizi zaren eta esango dizut 10 urte gehiago edo gutxiago biziko zaren).

Ideia horren garapenak jarraipena du 98. orrialdean: «Glasgowen 24 urteko aldea dago elkarrengandik 12 kilometrora dauden auzoen artean. Baltimoren aldea 20,2 urtekoa da, baina distantzia soilik 5,1 kilometrokoa (…) Katalunian aberatsak pobreak baino 12 urte gehiago bizi dira».

Liburuko ez dakit zein zatitan, Rafael Cofiño medikua ere ageri da, pasa den urtean Donostian udako ikastaroetan egon zena gai honi buruzko ikastaro bat ematen: El código postal puede modificar el código genético (Posta kodeak kode genetikoa alda dezake).

.

Nor utziko dugu hiltzen?

Liburuak izenburua zor dio Ángel Puyolek 2015ean kaleratutako artikulu bati: ¿A quién debemos dejar morir? Sarean aipatua da, baina ez dut lotura zuzenik topatu edukia ikusi ahal izateko. Bertan jorratzen zen kasu erreal bat: Madrilgo ospitale batek pertsona bat kanporatu zuen transplante zerrendetatik kalean bizi zelako.

Padillak 123. orrialdean jorratzen du gaia eta ondo laburbiltzen du osasun sistema: «Osasun-sistema da politika miopearen adibidea: gertutik oso ondo ikusten du (diagnostiko kliniko bat egiteko orduan), baina huts egiten du urrutitik begiratu behar duenean (osasun-ohitura bat edo egoera sozioekonomiko bat eragiten duten egoeren kausei begiratu behar dienean)».

«Zaindu zure osasuna, ez erre, egin ariketa fisikoa asteko bost egunetan (…)  Bizi-ohiturak agintzen dituzten mezuak dira guztiak, eta gutxitan hartzen dituzte kontuan zer baldintzatan txertatzen diren».

«Bizi-ohiturak agindu beharrean, bizi-baldintza osasungarriak agintzen saiatuko bagina, ikusiko genuke zein barregarria den oso kontrol partziala duten erabakiak herritarren bizkar kargatzea: Lan egonkorra eta ondo ordaindua izan, Bizi berdegune zabalak dituen eremu batean, Ez izan zailtasun ekonomikorik hilabete amaierara iristeko… Posizio kolektiboago eta, batez ere, politikoago batetik jardun beharra dago».

.

Sistema

Badu sistema honek etorkizunik? Krisi luzean bizi da, baina ez dakigu, autorea ere ez da ausartzen enterrua ematera. Liburuaren 145. orrialdean Galeanoren esaldi bat dago: «Ezer ez da goitik eraikitzen, putzuak izan ezik (…) Osasun-sistema goitik behera pentsatu, diseinatu, finantzatu eta eraikitzen bada, hori da izan daitekeen gauza bakarra, putzu bat».

Musika gaur Robert Forster-ena da, Roberto Herreros bidez elkarrizketa honetara iritsi bainaiz.

Nor utziko dugu hiltzen?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.