Pablo Gonzalez, komunikatzaile inkomunikatua

Pablo Gonzalez, komunikatzaile inkomunikatua –

Josu Estarrona (Alternatibako kidea), BERRIAn.


Egotea, ikustea, entzutea, partekatzea eta pentsatzea. Horiek dira kazetariaren bost zentzumenak Kapuscinskiren arabera. Kazetariaren jakintzaren oinarria besteak dira, besteek interpretatu egiten dute guk ulertu eta deskribatu nahi dugun mundua. Horretarako, kazetari batek errealitate ezberdinak ezagutzen ditu, bidaiatzen da, jendearen bizitzaren parte bihurtzeraino. Berriemaile iaioak bazuen eskarmentua eta bazekien ondo gerrak inbasio jakin bat baino lehenago hasten direla: egunkarietan hiztegia aldatzen hasi orduko hasten dira gerrak.

Pablo Gonzalez, komunikatzaile inkomunikatua

Pablo Gonzalez euskal kazetariak Kapuscinskiren ezaugarri horiek ditu. Beste inor iristen ez den lekuetara heldu izan baita askotan, ahoskatzea ere zaila egiten zaigun tokietan gertatzen diren gerren berri emateko.

Kapuscinski joan den mendeko Polonian jaio zen, gizateriarentzat lazgarria izan zen 30eko hamarkadan. Urte horietan, Espainiako faxisten altxamendu hiltzailetik ihesean Sobietar Batasunera heldu zen Pablo Gonzalezen aitona. Orain, Pablo Gonzalez frogarik gabe atxilotu zutela sei hilabete pasa dira, non eta Polonian, egunkarietan hiztegia aldatzen hasten denean Aleksey Rubtsov edo Pavel Rubtsov deitzeak kartzelatu zaitzakeen Europako herrialde batean.

«Badira giza esperientziaren mugan jartzen zaituzten lanak, gerra-eremuetara bidaiatzera behartzen zaituztenak, zeinetan zuregandik ezaugarri miresgarriak edo gizagaineko gaitasunak espero diren». Irati Jimenez idazle bizkaitarraren hitzak dira.

«Bada jendea», idazten du, «lanera joan eta itzultzen ez dena. Nik baino kemen handiagoa eskatzen duten lanak dituen jendea, adore hori nondik ateratzen duten ez dakidana. Behar adina testurekin karrera egin dezakezu literaturan, kazetaritzan, politikan edo nahi duzun lekuan. Noizean behin idazle bat, kazetari bat, edo asko, idazten zaila dela kexatzen entzuten delako esaten dut hori. Eta ez da. Baina beharko luke izan. Oso zaila beharko luke izan». Eta jarraitzen du: «Egia bakarrik esan beharko genuke, eta gure gezurrengatik ordaindu. Idazten dugunean izerdia bota beharko genuke, hitz bakoitzak irakurtzen gaituztenek nola sentituko dituen ongi pentsatuz. Beldurrez eta kemenez idatzi beharko genuke. Zintzotasunagatik dimititu beharko genuke eta erantzukizunagatik isildu. Modu arriskutsuan idatzi beharko genuke, edo ez idatzi».

Irati Jimenez Mundakan jaio zen, Pablo Gonzalez kazetariaren herritik gertu, Nabarniztik 25 kilometro baino gutxiagora. Nabarniztik Varsoviara, aldiz, 2.500 kilometro daude, Europa erdia; isilik dagoen Europa, gerrak hizkuntza ere aldatu egiten duelako, hitzarekin deseroso sentiarazi dezakeen edozein etsai bihurtuz.

RSF Mugarik Gabeko Erreportariek urtero argitaratzen duten prentsa-askatasunari buruzko munduko sailkapenean, kezka azaltzen du Poloniaren egoeraren aurrean, EB Europako Batasuneko azken postuetako podiuma osatzen baitu Hungaria eta Bulgariarekin batera. Legearen eta Justiziaren Alderdi ultrakontserbadoreak urteak daramatza prentsa-askatasuna eta informazio-eskubidea murriztea helburu duten legeak onartzen, eta hedabide publikoek gainbehera handia izan dute 2015etik hona. Kazetari independenteek jazarpen judiziala eta legala pairatzen dute, eta Pablo Gonzalezen kasuan badago beste elementu bat: leporatzen dizkioten karguak oraindik ez direla ezagutzen, nazioarteko zuzenbidearen eta oinarrizko eskubideen kontra doana.

Pablo komunikatzaile inkomunikatua da, ezer gutxi dakigu bere egoeraz, zer leporatzen zaion ez dakigu, eta horrela sei hilabete daramatza espetxean inkomunikatuta, isolatua, 23 orduz ziegatik irten gabe, EBko herrialde batean, eta inkomunikazioa luzatzea erabaki du Poloniak, prozedura-iruzurra, eta kondenatzen badute zigor handia izateko arriskuarekin, karguak ezagutu gabe, froga bakar bat ere eman gabe.

Euskal kazetaria eta bere familia injustizia handia pairatzen ari dira, bermerik gabeko atxiloketa, kartzelatzea, inkomunikazioa, oinarrizko eskubideen urraketa nabarmena… eta hau guztia instituzio, estamentu eta agintari gehienen isiltasunaren mantu mardularekin.

Gerra batek beti dakar mina, miseria eta sufrimendua, zentzu eta plano guztietan, gatazka beliko orok adierazpen askatasunaren murrizketa dakarren bezala. Horregatik, ozen eta argi diogu: Gerrarik Ez! Pablo Askatu! Free Pablo!

Pablo Gonzalez, komunikatzaile inkomunikatua Pablo Gonzalez, komunikatzaile inkomunikatua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude