Osasuna kolektiboa da, edo ez da

Osasuna kolektiboa da –

Gaixotasuna gure artean egon da beti, garena garenetik, Edendik kanporatuak. Gure bekokiko izerdiz jango dugu, lurrera itzuli arte, handik izan gara hartuak eta; hautsa gara, eta hautsera itzuliko gara. Izan gure bekatuengatik, izan gure erruagatik edo halabeharrez, gaixotu egin gara eta gaixotuko gara. Horregatik, gaixorik ez egoteari osasuna deitu genion. Ez genekien, ez genuen oraindik ikasi.

Osasuna kolektiboa da
Arg: BlackWhite

Geroago hautespen naturala irakatsi ziguten. Gure artean banako indartsuenek, abilenek, inguruneari hobekien egokituek aurrera egingo zuten eta euren ezaugarriak, guztiz baliotsuak, ondorengoei laga. Nola naturan hala gizartean. Gure patua onartzea egokitu zitzaigun, bai lantegian, bai sukaldean, bai gerran. Halabeharrez egokitu. Dagoenean egon, eta ez dagoenean hor konpon.

Baina ikasi genuen. Ikasi osasuna ez dela gaixorik ez egotea soilik; ez dela patua bihozberatasunez eta otzantasunez jantzita onartzea, ezagutzaz jantzita gaixotasunari aurre egitea baizik. Mendez mende pilaturiko ezagutza, mundu osoko emakume eta gizonen ikerketa zientifikoan oinarrituriko ezagutza kolektiboa. Guztiona eta guztiontzat, gurea. Hori horrela, bi mundu gerlen ondoren, eta kolonialismoaren gaitzaz oharturik, osasunaren definizio berria etorri zen. Osasuna ongizate osoko egoera da; ongizate fisikoa, psikikoa eta soziala. Jakin badakigulako amiantoak jende asko hiltzen duela edo, hobeto esanda, amiantorekin lan egitera behartuak izan diren langileak hiltzen ari direla. Lan baldintza petralak dauzkaten emakumeen osasun egoera sakela beteta duten gizonena baino askoz okerragoa izan daitekeela. Badakigulako, jakin, egoera sozialak osasun mentala erabat baldintzatzen duela. Osasuna gizarteak ere baldintzatzen duela.

Eredu biomedikoarenak egin zuen. Osasun zerbitzuak pazienteen ezaugarriei egokitu behar ziren, eta ez alderantziz. Euren adina, sexu, genero, euren nahi eta sinesmenei, baita hizkuntzari ere egokituriko arreta. Pertsonengan eta komunitatearen beharretan ardazturiko osasun arreta eredua. Eta horrekin batera osasun sistema publiko eta unibertsala sortu zen, zergen bitartez ordainduta eta erabiltzeko orduan doakoa. Egungo osasun sistema, izan Osasunbidea edo Osakidetza, euskal gizartearen erdigunean kokatuta dagoela esan daiteke. Izan ere, osasunerako eskubidea ongizatearen oinarrizko euskarria bilakatu baita. Eta eskubide horren urraketa, edo osasun arloan ezberdintasunak onartzea, ekitate ezarik lazgarriena dela esan daiteke zalantzarik gabe. Denak ala inor ez. Osasuna, beraz, eskubide unibertsala da, kolektiboa, bakarka nekez lor daitekeena eta norbanakoaren pribilegio gisa onartezina.

Lurra eguzkiari biraka ari zaion bezala, kapitalismoaren oldarra ere nekagaitza da, osasunaren kontzeptu berria sortzeraino: egokitzapenaren eredua. Azken batean, guztiok gaixotu eta hilko gara, eta ongizate osoa ezinezkoa da. Gizartea zahartu egin denez, garestiegia da guztien osasun beharrei merezi duten arreta ematea. Egokitzapenak zera dio: diabetikoa izan zaitezke baina osasuntsu bizi, eta, batez ere, zoriontsu bizi. Zein gaitzek jota zauden ez da garrantzitsuena, ezta jasotzen duzun arreta; zure ingurunea da garrantzitsuena, zu. Pozik eta alai, zaudenean egon eta daukazunaz balia zaitez. Engaiatu zeure burua.

Neoliberalismoaren ereintzak fruitua jaso du, uzta oparoa. Osasun sistema publikoen gainbehera, ezagutza kolektiboaren desjabetzea, ekitate eza. Osasun pribatuaren gorakada. Txarragoa izan zitekeen eta txarragoa da zoritxarrez. Ikasitakoa ahaztu zaigu. Askatasunaren amuari lotuz, kapitalismoaren ereduarekin bat eginez, norbanakoaren apetak, interesak eta zoro gogoa lehenetsi zaizkio ongizate kolektiboari. Elkartasunik ez; libertatea, zorionerako pasaportea. Ez gara kalera aterako ez, osasun publikoaren defentsan, ez diogu behar duenari emango, gure interes pertsonalak jokoan ez badaude ez gara kexatuko. Kapitalismoa nagusi, zapaltzaileen etika gure egin dugu: sabela beteta, besteak hor konpon. Bizitza laburra da, laburra denez: zentzuak luze eta zabal behar du izan.

Berriro ikas dezagun; ongizatearen oinarria den osasuna, ongizate fisikoa, psikikoa eta soziala alegia, kolektiboa izango da edo ez da izango. Guztion artean, guztiontzat eta guztiona. Letra gorriz idatzi behar bada ere.

Osasuna kolektiboa da Osasuna kolektiboa da Osasuna kolektiboa da

Familia medikua

3 pentsamendu “Osasuna kolektiboa da, edo ez da”-ri buruz

  • josu naberan 2022-01-03 16:24

    ze ona, Aitor!

    OSASUNA, DENONA, ala EZ-OSASUNA

    Denon osasuna, nagusi!

    Halere, gure Nagusi den Kapitalismoaren Inteligentsiak, gobernatzen gaituen Eliteak, beste modu batera ulertu eta ulertarazi diAgu “DENON ONA”

    Hots,

    DENON ONAGATIK inokulatu behar diagu euren sasi-txerto pozoitsuarekin!

    DENON ONAGATIK onartu baharra diagu Covid-19a delakoaren (hau ere euren produktu fantasma digitalaren) aitzi egiteko Covid-PASAPORTE MADARIKATU BEZAIN KONTROLATZAILE DIGITALA.

    DENEN ONAGATIK irentsi behar ditiagu EUREN DOGMA UNIBERTSALAK…

    DENON ONAREN izenean bihurtu behar diagu esklabo ISIL, 2030-Agenda datorrenerako…

    Denok batera…Denon Onerako

  • errespetu osoz, ez zait iruditzen Osakidetzako langile izanda horrela ibili zaitezkeenik. Dena txarra al du zure lantokiak? Utzi eta ipini zure kontsulta, zure erara, zure irizpideen arabera… ea zenbat joaten zaizkizun.
    Beti Osakidetzagatik txarto esaka. Gehienetan arrazoia izango duzu, dudarik ez, baina nora garamatza zure etengabeko purrustada horrek? Inora ere ez. Behingoagatik, arren eta faborez, aldatu jarreraz. Nazka-nazka eginda gauzkazu.

  • Agurtzane: herri honetan erein den autokonplazentziak ez al zaitu nazkatu. Okerrago dena, lotsagorritzeko modukoa da eta erabat kaltegarria.
    Horrela goaz!!!!