Etxe-agentzien arrazakeria

Etxe-agentzien arrazakeria –

 

Duela gutxi, Zorrotzako Kastrexana auzotik mezu bat heldu zitzaigun udal-taldeko bulegora, Bilbon gero eta auzokide gehiagok pairatzen duten arazo baten berri emanez: Etxebizitza agentzien aldetik jasen ari ziren diskriminazioa, hain zuzen.

Etxe-agentzien arrazakeria

Izan ere, igorlearen familiak gutxieneko baldintzak ez dituen bizilekuan dago eta, etxebizitza egoki bat alokatzeko diru-sarrera nahikoa izanda ere, ez dute lortzen alokairu kontraturik sinatzea, jabe pribatuek zein etxebizitza agentziek Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familiei kontratua egiteari zuzenean uko egiten diotelako. Bilbon gero eta gehiago dira etxebizitza-agentzien aldetik pairatutako diskriminazioa salatzen duten pertsonak, dela aporofobiagatik, dela arrazakeriagatik. Pertsona hauek badute alokatzeko dirua, baina zailtasun handiak dituzte euren beharretara egokitutako etxebizitza aurkitzeko, etxebizitza-agentziek zuzenean baztertzen dituztelako.

Arazo honekin topo egiten dutenek oinarrizko gizarte zerbitzuetara jotzen dutenean, ez dute euren beharretara egokitutako erantzunik jaso. Izan ere, larrialdiko diru laguntza bat eskaini ohi diete, baina horrek ez die ezertan laguntzen, arazoa ez baita diru-sarrera falta, praktika baztertzaile eta bidegabe baten biktima izatea baizik. Beraz, arazo hau ez da bakarrik diruarekin konpontzen, instituzioen bestelako esku-hartze bat beharrezkoa izango du.

Hala egin du jada Bartzelonako Udalak, etxebizitza baten jabeei eta alokairuaren kudeaketaz arduratzen zen agentziari 45.000 euroko isuna jarriz, marokoar jatorriko herritar bat bere jaioterriagatik zuzenean diskriminatzeagatik eta beraz, etxebizitza eskuratzeko eskubidea urratzeagatik, hau da, arrazakeriagatik etxebizitza bat alokatu nahi ez izateagatik.

Aipatutako kasu hauek, bi adibide besterik ez dira, baina ez bakarrak. Bilbon etxebizitzaren inguruan dugun arazo larriaren beste aurpegietako bat erakusten digute eta, bide batez, bazterketaren erantzuleengan fokua jartzea ahalbidetzen digute. Izan ere, etxebizitza-agentziek alokairu merkatuaren gainean eragin handia dute eta ezinbestekoa da euren jardueren gainean administrazioaren fiskalizazioa areagotzea. Hala, egunotan jakin dugu Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak 1,25 milioi euroko isuna jarri diela Idealista, Remax, Inmovilla, Look & Find, Witei eta Anaconda agentziei, etxebizitza bitartekaritzaren merkatuan prezioak finkatzeko eta informazioa trukatzeko akordioak egiteagatik.

Nola edo hala, etxebizitza duin batetara sarbidea izateko eskubidea urratzen duten praktika baztertzaile hauek hiri osoan zehar zabaltzen ari dira eta, hau ikusita, Bilboko Euskal Herria Bildu Udal taldetik bi proposamen egin ditugu berriki. Batetik, Udalak Bilboko Etxebizitza Behatokiaren Bidez gertaera hauen inguruko azterketa sakon bat egin dezan, zehatz mehatz jakiteko etxebizitza-agentziek zer diskriminazio mota eragiten duten, nori eragiten dioten eta zein neurritan egiten duten. Eta bestetik, azterketa horretatik abiatuta, gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonei zuzendutako bitartekotza zerbitzu bat eskaini dezan, diskriminazio mota oro saihesteko asmoz. Horrela, administrazioak herritarren eta etxebizitza-agentzien arteko bitartekari lana egingo luke, sinatzen diren kontratuen bermeak bete ahal izateko.

Bi proposamen hauek baztertuak izan ziren Udal Gobernuaren aldetik, hain justu Bilboko Udalbatzak Migraziorako Euskal Itun Soziala sinatzea adostu zuen egun berean. Bertan adierazten denez, Udalak konpromisoa hartzen du bizikidetzaren kultura partekatzeko, elkartasunean, erantzunkidetasunean eta pluraltasunaren, giza eskubideen eta berdintasunaren defentsan oinarrituta, eta edozein arrazismo edota bazterketa arbuiatuta. Bada, adierazpen honekiko atxikimendua adierazi eta ordu gutxira, dokumentua edukiz hustu egin zuen PNV-PSE udal gobernuak. Hitzak politika eta ekimen zehatzetan gauzatzen ez direnean, hutsaren hurrengoa dira.

Etxe-agentzien arrazakeria

Etxe-agentzien arrazakeria

Irundar Bilbotartua. Mundu eta Euskal Herri alternatiboa eraikitzeko erronkan @EHBilduBilbo-ko zinegotzi eta @Alternatiba-ko kide.

4 pentsamendu “Etxe-agentzien arrazakeria”-ri buruz

  • Hobe zenukete zuen buruei ea halako jarrerak zergatik ematen diren galdetzea, eta zuen demagogia merkea alde batera utzi dezazuen. Baina etxeetako jabeek benetan euren etxebizitza alokatu nahi ez dutela uste duzue, horren inozoak zarete? Alokairua burujana eta arazo larria ez dadin bihurtu nahi dute, ez besterik!!!!

  • Alba, benetan pentsatzen duzu hau Euskal Gizartearen arazo garrantzitsu bat dela? Mesedez, jaitsi lurrera, utzi artifizialki arazoak sortzeari eta benetako arazoei aurre egin

  • Halako egoera bat bizitzea tokatu zitzaigun duela 3 urte. Agentzia batera joan nintzen nik eta bikotekideak pisu bat alokatu nahi genuela esanez. Oso atseginak izan ziran, baina amaieran honakoa galdetu zidan artatu ninduenak: “zure bikotekidea hemengoa izango da, ezta?”. Afrikarra dela esan nionean barkamena eskatzen hasi zitzaidan, jabe askok ez omen diote haien etxebizitza kanpoko jendeari alokatu nahi eta. Benetan tristea halakoak entzun behar izatea eta hainbeste zailtasunekin topo egitea, dirutza baten truke etxebizitza bat edukitzeko.

    Ulertzen dut jabeek haien jabetza babestu besterik ez dutela egin nahi; baina bide okerretik doaz, bai jabeak, bai hori onartzen duten agentziak. Kanpokoa izateak ez du ezer esan nahi, aurreiritziak kanpora!!!!
    Eskerrik asko artikulu hau idatzi izanagatik, halakoak jasan behar izan ditugunok eskertzen dugu babesa!!!!

  • Esti, zuen problematika oso oso minoritarioa da. Euskal gizarteak benetako arazoetaz kezkatu behar da. Hala ere, “ezkertiarrek” hain eskuzabalak bazarete, zergatik ez dituzue zuen etxeetako ateak zabaltzen? Edo postureoa besterik ez da? Erraza da beti administrazio publikoari eskatzea dena konpontzeko, guztion diruarekin