Seigarren olatua

Seigarren olatua –

Eduardo Arriolabengoa Abasolok Arabako Alean.

Seigarren olatua
Argazkia: J.L Navarro.

Ia bi urte joan dira Wuhan hiritik birus ezezagun baten berri izan genuenetik. Sinesgaitz hasieran, gurekin zer ikusirik izango ez balu bezala hartu genuen berria; urduriago, aste gutxi beranduago, izurria zabaltzen hasi zela ikustean; ikaratuta azkenean Txinatik etorritako gaixotasuna pandemia zela jakin eta pairatu genuenean. Orduko aste latzak, osasun sarea gaindituta, gaixoak, heriotzak, konfinamendu gogorra, giza harremanak haustuta, prebentzio neurri aspergarriak… Eta txertoengan jarritako itxaropena.

Baina epidemiologoek eta mikrobiologoek artaldearen immunitatean jarrita zuten konfiantza zapuztu egin da. Herri aberatsetan txertoaren zabalpena mugatua dela, hego herrietako txertaketaren maila eskasa, txertoen eraginkortasunaren mugak, edo birusaren aldaerak direla eta, kontua da txertoek ez dutela eman hasieran uste zen fruitua.

Egia da kutsatutako pertsonenganako ondorio larriak gutxitu direla nabarmen, gaixotasunaren larritasuna apaldu dela, heriotzen kopurua asko murriztu dela eta osasun sareak ez dela pandemiaren hasieran jasan izan zuen tentsioa pairatzen ari, baina aitortu behar da ere, olatuz olatu, epidemiak bere horretan jarraitzen duela. Badirudi txertoengan jarritako konfiantzaz gain, beharrezkoak direla ere prebentzio neurriak, eta, beraz, pandemiaren kudeaketa ez dela nahikoa eraginkorra izan.

“Hiritarrak nekatuta eta aspertuta gaude egoera neketsu hau luzeegi suertatzen ari delako”

Nire uste apalean hiru dira binomio kontrajarriak jokoan daudenak pandemiaren kudeaketan: zientzia-politika, osasuna-ekonomia, segurtasuna-herritarren funtsezko eskubideak. Lehenengo binomioan, ezaguera eta irizpide zientifikoak izan beharko lirateke politikoen erabakien oinarri eta abiapuntu. Baina, maiz suertatu den bezala, ez da erraza epidemiologoen iritzia kontuan hartzea beste bi binomioek ere izugarrizko pisua dutelako pandemiaren kudeaketan. Konfinamenduaren garaian zientziari, segurtasunari eta osasunari eman zitzaien lehentasun osoa, eta emaitzak nabariak izan ziren, kutsatuen kurba famatua erabat menperatu baitzen. Aldiz, herritarren mugikortasun librearen eskubidearen murrizpena ekarri zuen konfinamenduak, eta berarekin batera, ekonomiaren suntsipena.

Seigarren olatu honetan, Omikron aldaera kutsagarriagoaren aurrean, aitortu behar da pandemiaren kudeaketaren konplexutasuna, binomioen arteko oreka ezegonkortasuna gobernatzea oso zaila bihurtzen ari delako eta, are gehiago, hiritarrak nekatuta eta aspertuta gaudenean egoera neketsu hau luzeegi suertatzen ari delako.

Austrian edo Herbeherean konfinamendu labur baten alde jo dute. Ekonomiak ez du gora jo uste zen neurrian, eta energiaren salneurriaren goranzko joera, hornikuntzen katearen arazoak eta prezioen gorakadak ez dira lagun onak izango datozen hilabeteetan ekonomia suspertzeko. Zeini eman lehentasuna, osasunari edo ekonomiari? Segurtasunari edo askatasunari? Duela bi urteko egoerara bueltatu gara berriz, nahiz eta osasun egoera arinagoa izan eta kontrolatuago egon. Nahikoak izango al dira txertoak eta prebentzio neurriak pandemia gainditzeko? COVID pasaportea ez al da diskriminatzailea? Badago jendea prebentzio neurriak aurrera eramateko prest, edo neurri murriztailetara jo beharko da berriz ere? Badu zentzu epidemiologikorik guk hirugarren txertoa jaso dugun bitartean Afrikako biztanleriaren %90k lehenengoa hartzeko modurik izan ez duenean? Ez al zen pandemia gaixotasun globala ala?

Zientzia-politika. Mingarria eta politikoki arriskutsua da, bi urte ondoren, neurri gogorrak hartzea, ekonomian zein herritarren askatasunean eragin zuzena izango luketeelako. Sanchez presidenteak dioenez, gaur egungo egoera ez da duela urtebetekoa, eta, neurri berriak hartzekotan, har ditzatela autonomia-erkidegoek. Eta autonomia-erkidegoek diote pilota udaletxeen teilatuan dagoela. Inork ez du gogokoak ez diren erabakirik hartu nahi.

Osasuna-ekonomia. Uste zena baino apalagoa izan da ekonomiaren sustapena. Ahalik eta lasterren 2019. urteko egoerara bueltatzea da helburua. Pandemiaren hasieran osasunari eman zitzaion lehentasuna, ekonomiari dagokio orain . Baina Omikron aldaeraren eraginez, kutsatuen kopurua gero eta handiagoa bada, ez al dituzte medikuen eta erizainen arteko laneko bajek osasun sistema kolapsatuko, eta langileen bajek industria eta zerbitzuak geldiaraziko? Zuzena al da, pandemiak bere horretan jarraitzen duen bitartean milaka osasun langileen kontratuak bertan behera uztea?

Segurtasuna-funtsezko eskubideak. Nekatuta eta aspertuta dago jendea hainbeste murrizketekin, eta inork ez ditu berriz ere konfinamendu neurriak jasan nahi. Pandemiarik egongo ez balego moduan, bizitza normala egitea ez dirudi bide zuzena denik. Prebentzio neurrien aldeko agintarien gomendioak nahikoak al dira? Badirudi ezetz.

Egoera korapilotsuetan erakutsi beharko lukete agintariek erabaki zuzenak eta ausartak hartzeko gaitasuna. Inork ez du esango pandemiaren kudeaketa erraza denik. Interes kontrajarri asko dira jokoan daudenak. Baina guztion gainetik, herritarren osasunak beharko luke izan lehentasuna.

Seigarren olatua Seigarren olatua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.