Orreagak ekitaldi politiko bat iragarri du

Orreagak ekitaldi politiko bat iragarri du

Orreagak ekitaldi politiko bat iragarri duAbuztuaren 15ean egingo dute, Pasai Donibanen, Nafarroa gara, herri bat, lurralde bat, gobernu bat lelopean.

Santutxoan, erreferentzia historiko-politiko labur bat irakurri eta lore eskaintza egingo dute Orreagako kideek. Ondoren, Pasai Donibaneko plazan jarraituko dute ekitaldi politikoa.

778. urteko abuztuaren 15ean Orreagan izandako guda gogoratuko dute ekitaldian, hartatik irakaspen garrantzitsuak atera ditzakegula azpimarratuz. “Helduko da egun handia, berriro subjektu politiko bihurtuko gaituena. Inoiz ahaztu behar ez duguna zera da: gure arbasoak Orreagan abuztuaren 15 batean subjektu politikoak izan zirela eta haien garaipenari esker gaudela gu hemen. Gu Nafarroa gara. Orreaga da, beraz, gure abiapuntua, sorrera eta lehendabiziko ikasgaia. Han idatzi genituen gure konstituzioaren lehen hitzak. Erabil ditzagun, bada, gure indar guztiak Nafar Estatua berreskuratzeko lanetan”.

Okupazio egoeran bizi garela adieraziko dute, eta egoera horren ondorio zuzenak diren bi engainu salatuko dituzte. Gure herri zatituarena aipatuko dute lehenik: “Zati eta erritmo ezberdinek marrazten dute gaurko errealitatea, baina errealitate hori indarrez ezarri digute. Kontuan hartzeko modukoa da, noski, baina ez da askatasunerako bidean derrigorrean onartu beharreko baldintza eta abiapuntua. Herri bat beti da bat eta bakarra”.

Bigarren engainua lehenengoaren ondorio zuzena dela diote Orreagakoek. “Guk gobernu bakarra genuen, eta, zapaldu eta zatitu gintuztenean, hura suntsitu eta haren ordez euren instituzioak inposatu zizkiguten. Gure gobernuak direla sinetsarazi nahi digute, baina horiek ez dira herritik sortutako gobernuak: estatu zapaltzailearen parte dira. Herri bati gobernu bat dagokio, eta, hori bada falta zaiguna, sortu egin beharko dugu. Helburu hori izango duen lidergo bat aurkitu behar dugu”.

“Engainuak alde batera utzita jokatu behar dugu. Nafarroa gara, herri bat, lurralde bat eta gobernu bat. Eratu dezagun falta zaigun azken osagai hori. Herri bat eta lurralde bat garela izan behar da falta zaigun gobernua osatzeko ahaleginaren abiapuntua; inola ere ez herri eta lurralde zatitu bat”.

Ekitaldi politikoa eguerdiko 12:00etan hasiko dute, eta aurten ere abuztuaren 15ean Pasai Donibanen azaltzeko gonbita egin diete independentista guztiei.

Zer duzu buruan “Orreagak ekitaldi politiko bat iragarri du”-ri buruz

  • EUSKALDUN BAT 2016-08-06 17:56

    Ez dut alderdi edo talde hau ezagutzen, baina ideia ona deritzot, ABUZTUAREN 15 A ASKATASUN EGUNA, Pasaiara joango naiz ea zertaz doan asuntoa.
    Bozkatzeko alderdirik gabe geratu berri den EUSKALDUN ABERTZALEA naiz, ez ezkerrekoa ez eskuinekoa, soilik euskaldun, eta inork gure herria babesten ez duenez guk geuk egin beharko.