Oroitzapenak

Oroitzapenak –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.

https://gipuzkoa.hitza.eus/2022/09/16/oroitzapenak/Etxe-birgaitze saioak modan daude telebistan azken bolada luzean. Ia beti iparramerikarrak izaten dira programak; beraz, etxeak ikaragarri handiak dira, barruko hormarik ia ez daukatenak (sardinak erretzen ez dituzten seinale) eta aurrekontu astronomikoak dituztenak. Atentzioa ematen dit beti “oroitzapen berriak” sortzea opa dietela saiokoek etxejabeei, ez zoriontsu bizi daitezela, disfruta dezatela etxeaz edo bertan amets guztiak bete dakizkiela (hori ere oso estatubatuarra). Ez, oroitzapen berriak. Harrigarria, benetan.

Zer dira, bada, oroitzapenak? Hain garrantzitsuak dira kultura iparramerikarrean? Txarto itzultzen ote dute eta “bizipen zoriontsu” esan nahi dute? Ez dakit, baina bitxia zait. Izan ere, gomutak hain dira pertsonalak. Gainera, denok ez dugu bizipen bera berdin gogoratzen; are gehiago, batzuek akorduan ere ez dute izaten. Zeharo ahaztuta daukate bizi izandako hura.

Akordua memoriarekin dago estuki lotuta, eta memoria txarrekoek oroipenak eskas. Bestelakoek ere kontu batzuk gogoratu ez. Eta oroitzen ditugunok bihurtzen gara euren buruan fabulatzaile, gezurtitzat hartzen ez gaituztenean behintzat. Duela gutxi gertatu zait niri pare bat bider. Batean, lagun bati azaldu behar izan nizkion duela 25 urte elkarrekin eta beste jende gehiagorekin egindako plan baten nondik norakoak. Irteera hura gogoratzen zuen, baina ez noiz izan zen, nola egin genuen. Hutsik zeukan burua. Nik, ostera, xehetasun pila bat gordetzen nuen memorian. Larregi, agian? Baliteke.

Gertatu zaidan bestea Ingalaterrako erreginaren heriotzaren harira etorri da. Amamari gertuko batek esaten zion Elizabethen antza zeukala, eta telebistan agertzen zen bakoitzean, “hara, zure lehengusina” esaten zion. Artikulu hau argitaratzen denerako jakingo dut Buckingham jauregikoek hiletara gonbidatu nauten edo ez, gure amamaren oinordekoa izanda. Soineko beltza prest dut, badaezpada.

Gertukoei aurreko paragrafoan kontatutako txotxolokeria barre batzuk egiteko bota nienean, batzuek ez zuten gogoratzen txantxa hura. Beste batek amamari ez, izeko bati egiten ziotela broma. Eta ni hain nago ziur, ezen erregina ingelesa eta amama lehengusina txikiak zirela sinisten hasita nagoen…

Txikitako lagun batek, oso memoria txarrekoak, umetako anekdotak kontatzen nizkionean asmatu egiten nituela esaten zidan barrez, ezinezkoa zelako nik hainbeste gogoratzea, eta berak ezer ez. Beraz, benetan gertatu ziren nik kontatutakoak, ala buruak fantasia batzuk eraiki dizkit? Seguru nago ezetz, baina memoriarena da hain arraroa!

Eta gogoratzen ez dena ez da existitu? Kantan bezala pasatzen da? Yo no me acuerdo, no me acuerdo. Y si no me acuerdo, no pasó (Ni ez naiz gogoratzen, ez naiz gogoratzen. Eta gogoratzen ez banaiz, ez zen gertatu)? Eta gertatu ez bada, zer pasatu da bitartean? Zelan bete genitzake buruko eta denboraren zulo horiek? Momentukoak baino ez du inporta? Historia, letra larriz, eta gure historia xumeak non gelditzen dira gogoratu ezean? Memoria historikoa zertarako?

Gertatu dena ez bada gogoratzen, nora doa gomuta hori? Garbigailuak irentsitako galtzerdiekin? Galdutako belarritakoekin? Askatutako botoiekin? Edo ahanzturak badu txoko sekretu bat gure unibertsoan, non pasarte ahaztuak gordetzen diren?

Zoriontasuna opa dizuet, beraz, baina gorde gogoan.

Oroitzapenak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.