Orbaizetatik Intxaurrondorat

Orbaizetatik Intxaurrondorat –

Badu mendeak prestidigitazioa erabiltzen dela ilusioa edo gezurrezkoa den zerbait erreala eta begibixtakoa dela sinestsarazteko. Badu orain 35 urte, molde arras ziniko eta makabroan, teknika berdintsua erabiltzen dutela Intxaurrondoko guardia zibil kuarteleko arduradunek torturapean erahildako nafartar gazte baten krimena gordetzeko.

Orbaizetatik IntxaurrondoratETAren kontrako sarekada batean 1985ko azaroan, Donostiako autobus konpainiako gidari zen Mikel Zabaltza, sortzez Orbaizetakoa, atxilotu zuten gau betean eta eraman Intxaurrondoko guardia zibilaren kuartelerat. Bere gorputza Bidasoako uretan agertu zen hiru aste berantago. Alta gune bera zonbait egun lehenago metroz metro ikertua zutelarik Gurutze Gorriko 30 bat uretako sokorritzaileek. Intxaurrondoko guardia zibilaren buru zen Galindo komandanteak deklaratua zuelako Zabalzak lortu zuela ihes egiten beren aztaparretarik zulo baten identifikatzerat abian zirelarik Endarlatza gunerat, kuarteletik ez hain urrun eta Bidasoa ibai bazterrean. Detaile ttipi bat: Mikel Zabalzak ez zakien igerrika.

.

Indize nabariak

Badira ordu haietatik dotzenaka indize segurtatzeko Orbaizetako gaztea kuartelean berean hil zela: berekin batean atxilotu neska lagunaren eta beste atxilotuen lekukotasunak, kargurik gabe denak libro utziak izan zirenak. Denek entzun zituzten atxilo denboran Mikelen garraisi eta oihu ikaragarriak. Bortizki torturatua den norbaiten garraisi eta oihuak. Ahanzten ez diren hoietarikoak. Libratuak izaiteko momentuan ikusi ahal izan zuten ere bi gelen artean hilkutxa berezi bat Zabalzaren tamainako gorputz bat barnean.

Lekukotasun haueri gehitu behar zaizkie ere CESID ikerketa poliziako eta Intxaurrondoko guardia zibil batzuen deklarazio edo espantuak molde erdi pribatuan, salatuz Mikel Zabalza torturapean hil zela kuartelean berean.

Jakinez ere hilotz gorpua agertu zen Endarlatza ur eremu mugatua dela eta sokorritzaileek gain gainetik ikertua, ezinezkoa zen igerika ez zekien norbait han bertan ez aurkitu izana.

Bainan hori guzia ez zen aski izan instrukzio jujeentzat, hiltzea krimen edo erahilketa gisa kalifikatzeko.

35 urte beranduago, trufa aski ez balitz bezala, Guardia Zibilaren zuzendaritzak publiko egin du bere ikerketa txosten bat, hautatutako hainbat dokumentazio ezberdinekin ondorioztatuz Mikel Zabalza uretarat ihes egin ta gero, ito egin zela. Ofizialki alta justizia aldetik kasua artxibatua da 2010a geroztik. Sentsu beretik interpretatu behar da duela 35 urte Mikelen amari Intxaurrondoko kuarteleko ate nagusian bertako komandanteak egin arrapostua : “zure semea galdu egin baduzu, zoaz puska galduen herriko zerbitzurat deklarazioa egiterat”.

.

Objetu galdua

Badu 35 urte justiziak eta demokraziak zorra daukatela Zabalza familiarekin. Ekintza kriminal horren detaile guziak ezagunak izanagatik, bai familia, prentsa baita Estatuko inteligentzia aparato guziengandik, aferak ez du oraindik auzitegi batean bukatu. Guardia zibilaren zuzendaritzaren erantzunek edo hobeki erran erantzun ezek oraindik begi bixtakoagoa bilakarazten dute gai hunen alde tragiko eta nazkagarriena.

Duela denbora guti, Koldo Martinez Nafarroako Geroa Baiko senatariak ofizialki eskatu du español barne minixtro den Fernando Grande Marlaskaren agerpena Senatuko barne batzordean, argitasunak ekar ditzan behingoz hea kasua artxibatua den ala ez. Momentu berean familiako abokatu batek behin ta berriz galdetu dio Guardia Zibilaren zuzendaritzak daukan “transparentzia” batzordeari eskura ahal izaitea Mikel Zabalzaren kasuari lotuak diren dokumentazio eta artxibo guziak, azpimarratuz duintasunez beharrezkoak direla argitasun guzia egiteko Orbaizetako gaztearen atxiloketaz, desagertzeaz eta hiltzeaz. 35 urteren buruan ezin da kontsideratu Mikel Zabalza Español estadoarengandik “objektu galdu” gisa. Sekulan baino gehiago beharrezkoa da argitzea eta nafartar gaztearen erahiltzeaz arduradun torturatzaileak epaitzea.

Jakina maleruski Mikel Zabalzaren kasua ez dela kausa isolatu bat izan. 35 urte beranduago, ETA desagertua da eta beste ainitzek bezala Zabalzatarrek eta orohar euskal jendarteak ere merezi du egia osoa jakitea. Egiaren aitortze hori gabe ezin delako eraiki bakerik eta elkarbizitza duinik.

Hainbat urtetan Mikel Zabalza Gogoan plataformak plazaratzen duen eskaera duin eta funtsezkoari gai izanen ote da norbait egun batez erantzun baten ekartzeko?

Orbaizetatik Intxaurrondorat

Orbaizetatik Intxaurrondorat 

Orbaizetatik Intxaurrondorat

Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.