Orain jendea, orain herria
Orain jendea, orain herria –
Egun on, nondik hasten gara? Zer idatzi daiteke, gutxieneko ganoraz, ez bazara, une honetan, ekonomilari bikaina edo zientzialari trebea? Edo, zer baino, nondik idatzi daiteke? Egongo dira ni baina tenple handiagorik dutenak, nik nire gainditurik egotearen sentsaziotik idazten dut. Informazio asko jaso dugu guztiok, auskalo zenbat egia eta zenbat pozoi ez ote diguten sartu. Gainera, gutariko bakoitzak bere moduan egiten die aurre muturreko egoera hauei eta nik, beldur geldiarazle horretarako joaldia dudanez -kakati-, defentsa-sistema nagusia dut: “Kia, hau guztia denok uste duguna baino askoz lasterrago pasako da”. Eta sinisten dut. Horrela, gutxienez, burua ez zait blokeatzen.
Daukagun kristo honekin, eta azken urteotako nire joera pragmatikoaren eskutik (erne, ez da jarrera pragmatiko hutsa; egia da ere nire ustez politikoki, sozialki aritzeko modurik eraginkorrena dela), une honetan denok ei dugun irizpide nagusia dut nik ere lelo ea bakarra: orain, pertsonak. Eta hortik aurrera, ea denak balio dit. Izan ere, ahoa ireki baino lehenago agian gogoratu beharko genuke, denok, salbuespenak salbuespen, ibili garela berandu. Kostatu zaigu zer zetorkigun ikustea, ez genuen ikusi nahi, ez genuen uste posiblea izango zenik eta, azkenean, zast, hekatonbe txikia. Beraz, orain pertsonak horren itzulpen praktikoa: berdin didala nork egiten duen, orain trajedia ahalik eta txikiena izan dadila dugu xede, eta gero kitatuko ditugu kontuak. Orain gerta daitekeena itzulezina delako. UMEren inguruko eztabaida, esate baterako, ez dut oso ongi ulertzen. Ba al du UMEk ospitale express horietako bat eraikitzeko gaitasuna? Eta, orduan, zer-ga-tik-ez-du-ho-nez-ge-ro-egin? Egin dezatela eta ospa, benga, azkar. Madrilek aginte guztiak eskuratu nahi dituela? Beno, ez dut uste handik eta hemengo administrazioen laguntzarik gabe deus ere egingo duenik, baina, benga!, eztabaida gutxiago eta neurriak: osasungintzako langileen kopurua emendatu, materiala ia!, ekipoak, ezinbestekoak diren zerbitzuen aletze egokituagoa, ehun produktibo osoaren norabidetze egokitua, gerra-ekonomian baikaude. Une honetan Euskal Herria estatu independentea izan balitz, bestela antolatuko genukeen hau. Baina ez gara, eta orain lehentasuna zomorro ostia hori geratzea da.
Gero, gauza asko zuzendu daitezke, zuzendu beharko dira. Oraingo honetan, besteak beste, shock doktrinaren efektua alderantzizkoa izan daitekeelako. Dorpeak gara gizakiok, bai, erakusten dugu maiz, baina jendea asko, asko sufritzen ari da, eta asko sufrituko du datozen egunotan, eta ez dut uste honetatik eskarmenturik gabe aterako garenik. Gero horretan baldintza ezin hobeak izango dira argi eztabaida dezagun nolako ongizate-estatua nahi dugun, ekoizpen-sistema nolakoa nahi dugun eta non nahi ditugun erabakiak hartu. Gauza askotxo birpentsatzeko aukera izango dugu. Eta sendo borrokatu beharko dugu oraingoaren faktura (ekonomikoa; giza-faktura noren bizkarrekoa den ez gara gu zuzenean erabakitzen ari, nahiz eta ondorengo egunotan dilema etikoak ez diren hutsaren hurrengoak izango) nork ordainduko duen. Eta inkluso desazkundeaz arituko gara, auskalo. Eta hor dena dugu irabazteko.
Orain etxean geratu, etxekoak eta auzokideak lagundu, denei babesa eman. Eta bataila politikorako aukera izango denean (eta, baiiii, di-da batean izango da), labankadaka. Espainolek, eskumakoek edo bihozgabe batzuek nahi dutela probetxu politikorik egoera lazgarri honetatik atera? Bale, baina, gogora dezagun behin berriro: gu ez gara euren bezalakoak. Orain jendea, orain herria. Betiere, baina batez ere orain. Etxean sartuta, ekintza-garaiak dira.
Bueno Txema esango didazu ze kalte egiten dion pertsona batek inori etxetik irten inorekin kontaktorik ez izan, ezer ez ikutu, bueltatxo bat eman menditik eta etxera bueltatzen bada baldintza horiek beteta?
Agian ezkertiarrok estatua indartzean pentsatu beharko duzue baina gainerakook ere pentsatu beharko dugu ea konfinamendu hau ote den “zomorroari” aurre egiteko bide bakarra. KOnfinamendu honen ondorio negatiboak agian handiagoak izan daitezke.
Eta harrigarria egiten zait UMEri egiten zaion justifikazioa. Euskal Herrian eraikin huts pilo bat daukagu eta UMEkoen beharrik ez daukagu.
Momento hauetan laguntza guztia gutxi da, ez dut ulertzen zergatik ez dugun laguntza hori onartu behar, txaloak UMEri!,,
Bereziki honelako egoeretan ez da guardia jaitsi behar.
La tormenta perfecta de autoritarismo:
https://elpais.com/elpais/2020/03/27/opinion/1585301613_468266.html
Erramun, norbaitek bueltatxo bat emateko eskubidea badu, hiru miloi pertsonak du Euskal Herrian bueltatxo bat emateko eskubidea, eta hiru milioi pertsona kalean kontrolaezinak dira. Bakunazio sozialaren kontzeptua dagoen bezala (bakunazioa orokorra izateak gizartea eta gizarte horretako beste kideak babesten ditu), konfinazioaren eragina, edo orokorra da edo ez da efikaza. Ez da hain zaila ulertzen, horrelako emergentzia garai batean.
Bestalde, UMEen erabilera guztiz sinbolikoa egiten ari da estatua. Espainiako administrazioak EHn dituen azpiegiturak desinfektantez blaitzeko ez da horrenbesteko parafernalia behar. Baina, esan bezala, egoera politiko-administratiboaren isla da hau.
Egia esan ,gauza asko birpentsatzeko bidea eman digu
Noski herritar guztiek euki beharko luketela paseatzeko eskubidea. Baina horregatik 3 miloi pertsona ez dira aterako babatean eta momentu berean etxetik. Kalean ibiltzeko edo mendira joateko.Hiru miloi pertsona kontrolaezinak dira? Uste duzu hiru miloi pertsona kalera irten eta elkarri eztulka hasiko direla? Euskal jenartea ez dago zuek uste duzuen bezain degradatuta.
Baina agian frankismoak gure gizarteko sektore handi batean txertatutako ideologia totalitarioa uste dugun baino indartsuagoa da: larrialdi egoeratan konponbide autoritarioak egokienak direla uste izatea.
Eta bestaldetik despota askoren iritzi sendoa da herriarengan inolako konfiantzarik ez izatea…
Eta horren ondorioz gure arteko despotatxoak gogor ari dira itxialdi bortxatu hau defendatzen eta UME txalotzen. UMEren presentzia sinbolikoa da baina jende askoren abertzaletasuna ere sinbolikoa da.
Gainera erabaki gehienak ebidentzia seriorik gabe ari dira hartzen eta bestaldetik herritarroi helarazten zaigun informazioa eskasa da. Zenbat pertsona kutsatu dira ospitaletan? Imperial Collegen arabera ez da guztiz segurua populazioaren isolatze masiboak epe luzera arrakasta izango duenik. Agian birusa desagertu egingo da udako beroarekin eta sinistuarazi nahiko digute konfinamenduagatik izan dela.
Eta bestalde isolatze eta sedentarismo bortxatu honen jendearen osasunean izango dituen ondorio negatiboak ere ez dituzue onartuko: diabetes, artritis, edadeko jendearen mobilidadearen murrizketaren handitzea, bihotzeko arazoak, kolesterola, D bitaminaren gabezia, arazo psikologikoak, suizidioak…Nola eragingo du itxialdi honek gaitz horien bilakaeran?
Holako ikerketak egiteko ez da dirurik bideratuko.Baina holako ikerketak egiteko aukera paregabea daukagu, sekulakoa zientzia sozialetan aurrerapenak egiteko: Izurriaren zabalguneak, adina eta sexuaren araberako hilkortasunak, adierazle geografikoak, komunikabideen papera,
bijilantzia analojikoaren ondorioak (balkoietako Gestapoa).
Interesgarria da halaber gure artean zenbat geratu diren liluratuta Txinak erakutsi dituen indarra eta goitik beherako diziplina zorrotzarekin. Miresmenaz begiratzen diote Txinari baina jakin gabe benetan zer egin duen Txinako Gobernu diktatorialak Wuhanen. Edo badakite eta berdin zaie.