Konfinamenduaren penak eta komeriak

Konfinamenduaren penak eta komeriak –

Txinatik Europara etorri zaigun birusak, eritasunarekin eta heriotzekin batera, beldur galanta ekarri du gure artera. Euskal Herrian ere kutsatua izateko beldurra nonahi arnas daiteke, eta konfinamendua agindu zutenez geroztik, martxoaren 14an Hegoaldean eta 16an Iparraldean, euskaldunok gure etxeetan denbora luzaz egoten ikasteko beharra daukagu.

Konfinamenduaren penak eta komeriak
Lander Zurutuzaren marrazkia

Bestak eta kultur ekitaldiak banan-banan bertan behera edo gibelatzen ari dira: Iparra-Hegoa, maskaradak, Sarako Biltzarra, Nafarroaren Eguna, Herri Urrats… eta jadanik Iruñeko San Ferminak ere  arrisku bizian daudela aipatzen dute komunikabideetan. Aberri Eguna ere gure etxeetan ikurrina leihoan jarriz eta xanpaina edanez, ospatu beharko dugu. Hau da marka!

Konfinamendu hau biziki gogorra egiten zaigu euskaldunoi, kaleko bizimodua, hau da, ostatuz ostatu, eta karrikaz karrika ibiltzea izugarri maite baitugu. Eta jadanik etorri zaigun udaberriak konfinamendua zailtzen digu, kimu berriak, orri berde-berdeak eta kolore guztietako liliak pizten ari baitzaizkigu zelai, pentze eta mendietan, gure baitan kanpora ateratzeko daukagun gogoa indartuz. Apokalipsian aipatzen den zigor horietako bat dirudi, edota Egipto zaharrean izan omen ziren izurrite horietako bat.

Eta gainera, denok dakigu konfinamendu hau luzea izanen dela, hainbat hilabetetan iraunen duela. Hori jasateko gai izanen ote gara? Ikusi beharko. Bitartean eta industrien itxiera dela eta, kutsadura mundu osoan jaisten ari da, eta gizakiok hustutako plaza, kale eta bazterretan era guztietako abereak ari zaizkigu hedatzen. Aipa ditzadan, Bartzelonako hiribideetan ikusi izan diren basurdeak, Veneziako kanaletan berriro sartzen ari diren arrain eta beltxargak edota Donostiako Urumea ibaian, Amara Berriko pareraino, turista moduan, etorri zaigun itsas-zakurra. Alde positibo hau kontuan hartu beharko genuke, lehenagoko egoerara noizbait itzuliz gero.

Dena den, egoera nahasi eta aldrebes honek badu, aipatu alde positiboaz gain,  beste alde baikor bat, zeren eta, iduriz,  gure artista, bertsolari, olerkari eta idazleen sormena ez da lozorroan sartu, eta udaberriaren antzera, lili eta fruitu ederrak ematen hasita baita. Nik horietaz hitz eginen dizuet segidan, eta zehazkiago, sakelako telefonoetan bolo-bolo dabiltzan gutun, mezu eta wasapen bidez zabaltzen ari zaizkigun hainbat perla edo harribitxi ederrez.

Bertso ugari entzun ahal izan ditugu, ederrak eta kitzikagarriak. Horietako bi ekarriko ditut nik lerro hauetara. Lehenbizikoak Esperantzari kantari izena du, Jon Maiak egina da, eta Martxa baten azken notak izeneko kantu xarmangarriaren doinuaz eta irudi ederrez lagundurik iritsi zait ene telefonora. Itxaropenari leiho bat zabaldu nahi dio euskaldunen mundu eta erreferentzia magiko-mitologikotik abiatuta. Arte-lan ederra eta altxor paregabea nire irudikoz. Bi bertso dira, horratx.

1.- Zaraitzun hots bat aditu dugu / ilunean mezulari / oreinak erne zutitu dira / Orhira igo da Mari,/ ilargitara zabaldu dira / eguzki-lore ugari, / ehunka uso eta arrano / irten dira hegalari. // 2.- Harrotu dira pago ta mendi / ur-jauzi eta emari, / leihotara atera gara / eta jarri gara adi. / Isolamendu oro gaindituz, / eskutan lau ttantta gari, / Elkorretatik ari da Gartxot / esperantzari kantari.

Eta bigarrena Hiru Damatxok egina. Gipuzkeraz dago eta Txirrita zenaren bertso molde eta doinuan egina datorkigu. Bertan goxo du izenburutzat eta umore handiaz birusa eta konfinamendua aipatzen ditu Txirritaren ahotik. Hau ere beste perla bat daukagu. Osora hiru bertso dira. Horra hor:

1.- Txinan bazala esaten zuten / gu lasai geunden artian / baina belaxe sartu hemengo / taberna ta elkartian. / Oraintxe gaude bimila eta / hogeigarrengo urtian, / kakalarriya zabaldu zaigu / Kantabriako partian. //

2.- Gu itzalian eta kalian / Andaluziko beruak / guardia zibilak, ejertzituak, / elizak eta kleruak, / esanagatik jeisteko dala / birusaren numeruak, / berriro kendu nahi dizkigute / Euskal Herriko fueruak. //

3.- Birus txikiya, txikiya baina / haundiya egin du obra / Txirrita ez du harrapatuko / ez diyot jarri alfonbra. / Larre Gaineko aldapa latza / iyotzerik ez du logra, / nik kuidadorik ez det oraindik / sagardua badet sobra.

 

Egoera latz hau konfinaturik diren olerkarientzat ere sormen iturria dela dirudi. Adibide gisa, sakelako telefonora iritsi zaidan Ainara Maia Urroz poeta irundar sentikorraren olerki ederra aipatuko dut. Amodioaz, desamodioaz eta konfinamenduaz mintzo zaigu. Apokalipsi poema izena du. Ikus dezagun:

Dramak jarraitzen du / eta nik poema baten ekarpena egiten dut; / soilik ametsetan dugu askatasuna! / Bigarren aldiz naiz adinez nagusi ene bizitzan / berrogeita hiru urterekin eta ametsetan jarraitzen dut, / oraindik ametsa ez zaidalako bete, / errealitateak eta mutil-lagun ohiak / kolpe latzak eman bazizkidaten ere, / ez bazuen nigatik dena eman ere, / barkatzen diot. / Oraindik ametsetan jarraitzen dut / eta beragatik soikik bizi naiz. // Koronabirusarekin ere, / hark jarri zidan eta koroa, / erreginarena, / hura jarri zen ene oinetan / eta ene oinak lehoi erregearenak dira. / Betiko. / Hil arte maite dudalako.

Kanpoko artistak eta idazleak ere inspiraturik daudela dirudi. Hona hemen, adibide gisa, telefonora, wasap baten bitartez, iritsi zaidan Irene Villa italiarraren olerkia. Itzulpena Fernando Reyk egina da.

Eta jendea etxean geratzen zen / eta irakurtzen zuen / edo ondokoari adi egoten zen. / Eta atseden hartu / eta ariketak egiten zituen. / Eta artea sortu zuen / eta jostetan aritu. / Eta izateko modu berriak ikasi / eta gelditu egin zen. // Eta sakonago entzun zuen… / baten bat gogoetan aritzen zen, /

beste batzuk otoitzean / beste baten bat dantzan… // Batzuek beren itzalarekin egin zuten topo. / Eta beste modu batean  hasi ziren pentsatzen. // Eta jendea sendatu egin zen, / eta ezjakintasunean / arriskuan eta zentzurik / eta bihotzik gabe bizi zirenak / falta zirela, / Lurra ere hasi zen bere onera etortzen. // Eta arriskua bukatu / eta pertsonak berriz / elkartu zirenean, / negar egin zuten / hildakoengatik. / Eta erabaki berriak hartu zituzten. / Eta etorkizun berriak amestu. / Eta bizimodu berriak sortu. / Eta Lurra erabat sendatu. / Haiek sendatu ziren bezalaxe.

Eta artikulu moduko honi amaiera emateko, lerro hauetara ekarri nahi nuke telefonoz telefono, wasapez wasap, dabilen atsotitz berrien zerrendatxoa. Birusa eta konfinamendua dituzte aipagai, eta atsotitz zaharretatik edanez eginak dira. Anonimoa da, inork ez baitu izenpetzen. Osora hogeita sei atsotitz dira, umorez eginak. Horratx:

1.- Txapela buruan ta maskarila onduan.

2.- Urrutiko intxaurrak hamalau, leihotik ezin harrapau.

3.- Etxean otso, kalean… Kale!

4.- Birus urte, krisi urte.

5.- A zer parea doministikua eta kalenturea.

6.- Xoxoak beleari esku beltz.

7.- Negua bero, birusa gero.

8.- Aurrian papera ta atzian paperik ez.

9.- Eztula in nun Getarin, laster zan polizia atarin.

10.- Birusa birus truk.

11.- Gustuko bidean, koronabirusik ez.

12.- Irten gabe defendatuko dut nire gurasoen etxea.

13.- Dagoenean bonbon, ez dagoenean balkon.

14.- Bost xentimoko birusa, hamar xentimoko kaosa.

15.- Koronabirusa ala hil!

16.- Birusa joan, babesa heda.

17.- Egia, maskararen ondoan begia.

18.- Eztula nora, birusa hara.

19.- Eguzkia edo euria, berdin zaigu zubia.

20.- Eztulen herrian doministikua alkate.

21.- Herri bakartuak, kalea amets.

22.- Urruneko gaitza barrez, etxeratu orduko negarrez.

23.- Ez ezazu eztul egin, nahi ez baduzu huts egin.

24.- Goiz gorri, arrats eri.

25.- Itxialdia ez da errenta.

26.- Eta birusa bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan.

Ez dakit noiz arte egonen garen horrela, etxean konfinaturik, eta birusaren beldur. Badirudi luze joko duela oraindik. Horrela jarraitzekotan, gure idazleek obra luzeagoak egiteko astia izanen dute: eleberriak, ipuin bildumak, antzezlanak… eta gure literaturak bultzada ttipi bat izanen du.

Ez dut artikulu hau bukatu nahi, lehengoan adiskide baxenafar bati entzun nion atsotitz moldatua aipatu gabe, arras iradokigarria baita: Jinkoak libra gaitzan ifernutik eta Xinako birusetik! Hala bedi!

Konfinamenduaren penak eta komeriak
Konfinamenduaren penak eta komeriak
Konfinamenduaren penak eta komeriak
Konfinamenduaren penak eta komeriak

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

3 pentsamendu “Konfinamenduaren penak eta komeriak”-ri buruz

  • Eskerrik hanitx, Joseba! eta ederra artikulua…

  • Arratsalde on:
    Barkatu, Joseba! Barrez ari zenaren gainean klikatu beharrean, haserre dagoena ukitu ez dut, ba! Hau paraderua! Barkatu endredoak eta segi bizkor! 🙂
    Idoia

  • xorino kantharia 2020-03-29 19:01

    Aupa, Idoia! hi bai hi fenomenoa! segi beti bezain argi eta on!