Orain Herria, orain Bakea

Orain Herria, orain Bakea –

Otsailaren 27an frantses Estatuak lehen presoak hurbildu ditu Mont-de-Marsaneko kartzelera. Ez dakigu oraindik hurbilketa mugimendu hori zer tamainakoa izanen den, eta zer ezaugarrien baitan gauzatuko den. Horren araberan baieztatzen ahalko da frantses Estatua euskal preso politikoen inguruan eduki dituen ohiko jarreratik mugitzen hasia denez.

Orain Herria, orain Bakea

Balizko aldaketa hori dela eta, martxoaren 7an Frantziako eta Espainiako justizi ministroak Madrilen bildu dira. Bilkura honen ondotik, Espainiako justizi ministroak – Rafael Catalá-k – Espainiak bere kartzela politika ez duela deusetan aldatuko adierazi du. Halako adierazpenak egin behar dira, bezperan, Xabi Rey euskal preso politikoa Puerto IIIko kartzelan hilik aurkitu delarik. Egun batzuk geroago, martxoaren 10ean, Iñigo Urkurllu-k biktimen aldeko ekitaldi batean ETA-ren jarduera “bidegabea” izan dela salatu du, erakunde armatuari bere autokritika egitea exijituz. Berez, Iñigo Urkurllu-ren ahotik halako adierazpenak ez dira harrigarriak ; baina bai, adierazpen horiek egun batzuk lehenago gertatu den Xabi Rey-ren heriotzari buruzko aipamen bihirik egin gabe egitea mingarria dela. Zeren, Xabi Rey-k bere buruaz beste egin badu ere, gaurko kartzela politikak erahil duela begibistakoa da.

XIX. mendeko gerla karlisten ondotik,
eta Aiete arte,
euskal gazterian (edo parte batean behintzat)
Euskal Herriaren eskubideak defendatzeko
armak hartzea
beharrezkoa ikusi ez duen
belaunaldi bakar bat ez da egon

Zauri bat irekirik

Hori dela eta, momentu honetan, konponbide prozesuari begira bi partida jokatzen ari dira. Alde batetik, euskal jendartearen etengabeko mobilizazioa euskal preso guzien askatze prozesu bat indarrean jar dadin. Eta erronka horri dagokionean, behin eta berriz errepikatu behar dugu gatazkaren presoen auziak zauri bat idekirik uzten duen neurrian, euskal preso guziak askatu arte ez dela egiazko bakerik egonen Euskal Herrian. Eta bestalde batetik, biktimen sufrimenduaren aitortza, eta euskal gatazkaren errelatoari loturiko indar harremana. Horri begira, bere adierazpenek agerian uzten dutenez, Iñigo Urkurllu ez da jarrera “neutro” batean kokatzen, baizik eta galtzaile/irabazle dialektika areagotzen duen errelatoaren inguruko indar- joko batean murgildua. Iñigo Urkurllu-k konponbide prozesuaren haritik Ezker Abertzalea “galtzaile” bezala eta buru makur atera dadin nahi du, horrek Historiaren aitzinean EAJ posizio “eroso” batean kokatuko lukeelakoan.

Biktimen sufrimenduaren aipamen desorekatua baliatuz, horretara datoz ETA-ri luzatzen dizkion bidegabetasunaren inguruko interpelazioak. Ezker Abertzalea gizatasun ikuspuntu batetik biktimen sufrimenduaren aitortzari buruzko ariketa zintzoa egiteko prest da. Eta gainera, euskal gatazkaren konponbidearen inguruan mobilizatuak diren adituen bitartez, horretarako nazioartean aplikatu diren metodo eta protokoloen inplementatzeko aukera guziak ditugu Euskal Herrian. Baina, normala denez, Ezker Abertzaleak gatazkaren izaera desitxuratzea suposatzen duen errelato baten aitzinean makurtzea ez du onartuko. Hauxe baita euskal jendartean inposatu nahi den gatazkaren errelatoa: frankismoaren bukaeran transizio demokratikoa eman zen Espainian, eta “buru-ero” batzuk beren proiektu politikoa bortizkeriarekin defendatzea erabaki zuten. Ezker Abertzalearentzat errelato horrek euskal gatazkaren erro historiko sakonak ezabatzen ditu erabat.

Herriaren interesak lehenetsi alderdiarenak baino

Tartean, ETA-ren borroka armatuaren sorrera eta iraupena ezin baita ulertu historio luzean finkatzen den ondoko konstatazioaren abstrakzioa eginez : 19. mendeko gerla karlisten ondotik, eta Aiete arte, euskal gazterian (edo parte batean behintzat) Euskal Herriaren eskubideak defendatzeko armak hartzea beharrezkoa ikusi ez duen belaunaldi bakar bat ez da egon. Hor daukagu euskal gatazkaren erro sakona. Eta horri heltzen ez diogun bitartean, arazoa ez da alderdi bat ala bestea Historiaren bertsioen inguruko lehian galtzailea suerta daitekeela, baizik eta gaur jorratzen ari garen konponbide entsegu sekuentziatik Herria bera galtzailea atera daitekeela. 2004-ean Batasunak “Orain Herria, orain Bakea” lemapean ekitaldi politiko bat antolatu zuen Anoetan, Loiolako negoziazioei bidea irekiz. Eta egun ere, sekulan baino gehiago, Herriaren interesak lehenetsiz alderdiarenak baino, abertzaleek konponbidearen prozesuan eta burujabetzaren bidean aitzina egiteko haien eskuetan gako asko eduki ditzaketeelako hauxe da EAJ-ri luzatzen diogun mezua : Orain Herria, orain Bakea !

Xabi Larralde – Enbata.info

Orain Herria, orain Bakea  Orain Herria, orain Bakea

Ekonomia irakaslea. Sortuko bozeramailea.