Opari bat daukazu Durangon zure zain
Gustatuko zaizulakoan gaude. Durangoko Azokan ZuZeu present egongo da. Ez dizugu ezer salduko, oparitu baizik. Adi egon, 1.500 ale besterik ez baitira. Zertaz ari garen jakin nahi?
2010 urtean Paperezko ZuZeu argitaratu genuen Durangoko Azokan; 122 orri aldizkari formatuan.
Oraingoan, lan xumeago batekin gatozkizu, arinagoa, bizkorragoa, zaindua eta mimoz gorpuztua. Ez da aldizkaria, ezta liburua edo fanzinea. Guk izara dela diogu, edo mapa. Akaso zuri posterra irudituko zaizu. Egia esan, horren zain gaude, zuk zeure egin dezazun eta nahi bezala dei diezaiozun.
Finean, bi eduki ezberdin ditu opariak. Alde batean, Alain Urrutia marrazkilari bilbotarrak sortutako irudi-lan ederra. Bestaldean, ZuZeun 2012 urtean zehar argitaratu ditugun hamar artikuluren aukeraketa. Hamar gai eta hamar egile. ZuZeutik igaro diren hamar istorio eta iritzi. Gainera, ez dugu alferrik galdu zuri (eta ZuZeu oraindik ezagutzen ez dutenei) zuzentzeko aukera paregabe hau: editorial modukoa ere txertatu dugu.
Diseinua tentuz egin dugu, apaingarririk gabe, zuri-beltzean, azalak baino, mamiak bete zaitzan. Tolesgarria da, paperezko mapa bailitzan, edo iparraldean irakurtzen dituzten egunkarien moduko izara.
Durangoko harrabotsean aurki gaitzazu, eta poltsikoan sartu. Etxera heltzen zarenean zain izango duzu nahieran erabil dezazun; irakurri eta zakarretara, zeloarekin hormara, tolestuta apalera, marraztu eta sutara. Zu zeuk erabaki.
Doan banatuko dugu ZuZeuren izara, Elkar, Pamiela, Susa eta Alberdania argitaletxeen erakusmahaietan. Ikusten ez baduzu, eskatu. 1.500 ale atera berri ditugu inprentatik, eta oraindik paperaren beroa darie. Halere, zure eskuetara heltzen denean egongo da goxoen. Datsegizula!
Durangon ikusiko dugu elkar.
RT @zuzeu: Durangoko Azokan opari bat dugu zuretzat http://t.co/I74DASjR
[…] que cambian constantemente su diseño y sus tripas porque es un medio vivo; que regalaron un póster de Alain Urrutia, que han publicado más de 9.500 artículos, han recibido más de 22.000 comentarios y todo eso que […]