On Santos Begiristainen itzalaren luzea

On Santos Begiristainen itzalaren luzea –

Obanosen irakasle ibili nintzen urteetan, iragan den mendeko azken hamarkadan, On Santos Begiristain apaiz-pistoleroa bizirik zegoen artean. Ohean gaixorik, ezin bizi eta ezin hil, iloba zahar baten zaintzapean eman zituen azken egun eta gau luzeak; beste mundua badenik sinetsita, zain izanen zituenaren beldur, antza, agonia luzatu zen luzatu, haren osasun egoera txarraren oihartzunak eskolara ere heldu zirelarik.

On Santos Begiristainen itzalaren luzea
Arg: Obanoseko Udala

Eskola txikian nirekin batera beste bi maistra zeuden, horietarik bat Azagrakoa, eta On Santosen balentziak nik baino hobeki ezagutuko zituen, segur aski. Eskola unitarioa zen, eta Obanosko ume guztiak hiru gelatan zeuden banatuta: “Txikiak” (Haur Hezkuntzakoak), “Ertainak” (lehenengotik hirugarren maila bitarte) eta “Handiak” (laugarrenetik seigarren maila bitartekoak). Gainera, astean bi egunetan etortzen zen On Pedro Crespo apaiza, Erlijio (katolikoaren) eskolak ematera… baina hori beste kontu bat da.

Nolanahi, On Santos Begiristain, itzal handiko apaiza, ezin duin bizi ezin lasai hil, ez omen zen ordurako ohetik jaikitzen ahal, baina haren itzal luzeak pisu handia zuen artean herrian. Laudorioak eta losintxak nagusi On Santosen izena aipatzeko tenorean: Erroman ikasia zela, Teologian doktorea zela, Obanosko misterioa zela, Virgen de las Nieves baselizaren sustatzaile zela edo Xabierraldia zela eta.

Azkenean, On Santos hil egin zen eta handik gutxira San Juan Bataiatzailearen elizaren ondoko frontoian, (gaur egun zaharberritua) tindaketa bat agertu zen: “Santos Begiristain hiltzaile!”, herrian hautsak dexente harrotu zituena, ekintza horren oihartzunak ere eskolara heldu zirelarik, eta euskaraz egina egoteagatik susmo txar guztiak euskara irakasle honengana bideratzeko balio izan zuena. Entzuteko modukoak izan ziren batzuk, espantuka, horien ustez On Santosen izena ona zikintzeko egindako ekintza guztiz kondenagarri horren kontura, burugabe baten edo lotsagabe baten ekintza zela, agian aldi berean burugabe eta lotsagabe baten lana, dudarik ez, Obanosko misterioaren antolatzaile nagusiaren izena eta izana laidotzeko egindako barrabaskeria, gauez eta azpikeriaz egina gainera! Izan ere, santu izateko nahiko meriturik egin ez bazuen ere, dohatsu izateko, gutxi falta zaio, batzuen ustez bederen.

Baina On Santosen aldeko gorazarreak ez zuen zerikusirik antzerkiarekiko zaletasunarekin, ezkutatu nahi zutenarekin baizik. Izan ere, Obanosen hamasei lagun hil zituzten, eta Errepublikaren kontrako haren sermoiek piztu zituzten gerora erabilitako su-armak eta Azagran egindako hilkintzak; hor ibili zen On Santos, esku batean gurutzea, bestean pistola. Egia mingarria ez ikusteko erabiltzen ziren losintxak eta laudorioak, gaizkilea ongile bihurtuta., On Santosek berak idatzita jaso zuen bezala bere Libro de Actos Civiles delakoan: Han muerto, al peso de la justicia, en los primeros días del Movimiento Nacional Salvador de España mis feligreses: (…) Hotzikara batek hartu nau zerrendaren luzea ikustean Izan ere, Azagran hirurogeita hamaika lagun hil zituzten izen-zerrenda, On Santosen eskutik… eta ez da esateko modu bat.

On Santos Begiristainen itzal luzea, bere sotana bezain beltza, hor zegoen, eta haren itzal beltza zuritzeko erretolika gogaikarria apalduz joan bada ere. On Santos Begiristainen itzalaren luzea, oraindik itzali ez dena. Eskerrak gure memoriak ez duen preskribatzen.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko azaroaren 11koa]

On Santos Begiristainen itzalaren luzea On Santos Begiristainen itzalaren luzea

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

2 pentsamendu “On Santos Begiristainen itzalaren luzea”-ri buruz

  • josu naberan 2021-11-25 11:36

    Gauza harrigarriak bezain ezezagunak (behintzat niretzat).

    OBANOS bai, ezagutzen dut, Mendigorriatik gora eginda “Likine abuloraune ekien bilbiliars” ikustera joan naizelako behin baino gehiagotan.
    Eta Obanosko goiburua: nola da? “Pro patria….”
    nola da, Josu?

  • Josu Jimenez Maia 2021-11-25 12:59

    Pro libertate patria gens libera state
    Aberriaren askatasunaren alde, jende askea zutik