Delirium Tremens zuzenean, maiatzaren 28an BEC-en

Delirium Tremens zuzenean, maiatzaren 28an BEC-en –

Delirium Tremes taldearen itzulera iragarri genizuen aurrekoan. Taldea desegin eta hiru hamarkada geroago, disko berriarekin datoz gainera bueltan Andoni Basterretxea, Patxi Irisarri eta Juan Yurrita. Maiatzaren 28an Barakaldoko BEC aretotzarrean joko dute, Des-Kontrol eta McOnak taldeekin batera.

Abenduaren 3an jarriko dira salgai sarrerak.

“22ko udaberrian argitaratuko den album oso bat egin dugu -diote taldekideek-. Gaur, “Ordago” lehen abestia eta honen bideoklipa aurkeztera gatoz eta hau dena, taula gainera eramateko prest eta gogoz gaudela esatera.

Gure lehen kontzertua, 2022ko Maiatzaren 28an izango da. BEC-en. Bai, “Ordago” handira!!! Eta, 25 urte ospatzen ari den Des-Kontrol eta 10 urte bete dituen McOnak izango ditugu gurekin urteurren festa honetan. 25 +10 = 35.

35 urte, eta oraindik ere, diagnostiko bera: Delirium Tremens sasoirik onenean!”.

“1991 urte garrantzitsua izan zen rock munduan. Hainbat maisulan ekarri eta despedida eramandako urtea. Eta orduko gehienak, orain, efemeride ospakizunetan dabiltzanean, guk bestelako berria dugu zuretzat: Delirium Tremens taldearen itzulera“. Horrelaxe iragarri du Last Tour International etxeak Andoni Basterretxeak gidatutako taldea berriro oholtzara igoko dela.

Delirium Tremens zuzenean, maiatzaren 28an BEC-en

Delirium Tremens taldea 1985ean sortu zen Mutrikun, Andoni Basterretxeak (ahotsa eta gitarra), Patxi Irisarrik (baxua) eta Juan Jose Yurrita “Txufuk” (bateria) osatua, hirukote bezala -Javier Bilbatuak jo zuen baxua hasiera hasieran-, eta laukote bihurtu zen geroago, Iñigo Muguruza (Kortatu, Negu Gorriak…) taldera batu zenean, gitarra jole gisa.

Pare bat maketa plazaratu ostean, Zarrapo nafarrekin batera plazaratutako split batekin egin zuten debuta 1987an, eta lau urtetan bi lan luze plazaratu zituzten, “Ikusi eta ikasi” (Oihuka, 1989) eta “Hiru aeroplano” (Oihuka, 1990), baita Ep homonimo eta zuzeneko bat ere, agur esan zuten urte berean, 1991n.

Geroztik, Andoni Basterretxea kantariak makina bat egitasmo lagundu izan ditu tarteka, han eta hemen.

Last Tour International etxearengana bueltatuta, “1991ko azaroaren 30ean eman zuen bere azken kontzertua Delirium Tremensek -diote itzulera iragartzeko argitaratu duten prentsa oharrean-. Eta 30 urte hauetan gauzak asko aldatu dira, onerako bezala txarrerako. Bat, guretzat zoritxarrez, inoiz ez da berreskuratu ahal izango, baina 80ko bukaeran eta 90eko hasieran denon bihotzak ukitu eta astindu zituen kresal usaineko rock zuzen eta indartsu honek bizirik jarraitzen du. Oraindik ere! Bai horixe!”.

 

 

Delirium Tremens zuzenean, maiatzaren 28an BEC-en