Oldarkortasun sexuala?

Oldarkortasun sexuala –

Oldarkortasun sexuala“Arazo berri bat dugu gizartean, ugaritzen doana. Ez dut gazteen jokabidea justifikatzeko asmorik, ekintza arbuiagarriak baitira. Baina beraien zergatietara jo beharko dugu; neska gazteen janzkera, batez ere, gizonezkoak burua galtzera daramatzaten jantzi joriak baitarabiltzate.

Denbora nahasiak bizi ditugu, eta lehen emakumeak zogiak ziren bitartean ausartak dira orain. Beraz, edo nola jantzi behar duten esaten diegu, eta ez dugu arazoa konponduko; ezinezkoa baita, gai hauetan, gizonezkoek paradisuan debekatuta izan zuten grinari eustea.

Ezinbestekoa da, jendartean ongizaterako”.

.

Irakurri berri duzuna ez da orain mende erdiko testua, joan den igandean Nafarroako Diario De Noticiasen argitaratua baino, Zuzendariari Gutunak sailean. Lehendik ere egunkarian sarri sinatu ei duen Antxon Villaverde izeneko batek bidalitako iritzi artikulua da, “Agresividad sexual”, eta gure laburpen zein itzulpena eskas samarra den arren, idazkera trakets samarra darabil gaztelerazko originalak ere; bizpahiru aldiz irakurri behar izan dut zerbait ulertzeko.

Aldiro-aldiro azaleratzen den pentsakera da Villaverderena, aski ezaguna izan arren iraingarria eta amorru emangarria, gizonezkoen jokabide ankerren erantzule emakumea egiten duena, beti otzandu beharreko, beti errudun.

Irene Arrarats Lizeagak, Virginie Despentesen “King Kong Teoria” lanerako hitzaurrean esandakoak ekarri dizkit gogora oldarkortasun sexualaren kontu honek. “Ez alferrik, feminitatea hipokresia hutsa da Despentesentzat, otzan zuria izateko artea, emakumeen neurrira egindako presondegi bat, eta neurriz kanpoko emakume munstroak sortzen ditu, behar ez bezalakoak, beti zerbaitegi: santuegiak edo putegiak, lodiegiak edo argalegiak, ergelegiak edo argiegiak… horieek feminitatearen -egiak“.

.

Diario de Noticiasek, igandean argitaratu zuen iritzi artikulu nazkagarria edizio digitaletik ezabatu du gaur. Hemen duzu:

.

Oldarkortasun sexuala?

Oldarkortasun sexuala
emakumea, eraso sexualak, janzkera, matxismoa

4 pentsamendu “Oldarkortasun sexuala?”-ri buruz

  • Ba ni ados nago. Orain dela gutxi nire alabarentzako arropa erostera joan ginenean harrituta eta nazkatuta sentitu nintzen. Nesken praka motzak mutilenak baino motzagoak ziren, eta bi urte baino gutxiago dituzten umeen arropaz ari naiz. Bai, bi urtetik aurrera emakumeak sexualizatzen eta burua jaten ari dira. BI urte!

    Konponbidea, mutilen arropa erostea izan zen. Baina noiz arte?

  • euskaldun bat 2017-08-23 18:32

    Neska gazteek kalean darabiltzaten praka motz horien kontua ez da normala. Denak dabiltza horrelako prakekin eta jantzi nahi ez dituen neskak egundoko presioa jasan beharko duela iruditzen zait, beste guztiak horrela ikusita. Artikuluan, grinaren kontuarekin eskandalizatzen zara eta ni ere ados nago, iruzkin zerri batzuk dira horiek. Baina praka motz horien modarekin ere eskandalizatu beharko zenuke eta ez da horrela. Hau ez da bapatean oso gustuko dituzten praka batzuk janzteko erabakia hartu dutela denek batera. Nik ez dakit modak nola sortzen diren edo sortzen dituzten, baina hau sortu duten moda bat da( nortzuk?). Eta niri ez kontatu modu librean hori janzteko erabakia hartu dutenaren txistea. Moda honek libretik ez du ezer eta. Non daude feministak? Ni ziur nago neska mordoa dabilela gogoko ez dituzten praka hauekin lagunak horrela dabiltzalako. Berriz diot, non daude feministak?

  • Amonamantangorri 2017-08-26 13:19

    Bai Noticiasen, bai beste edozein egunkaritan ere, edozer gorotz argitaratzen dute Iritzi saileko gutunen artean, batez ere uda garaian. Orrialde horiek bete behar, eta badirudi ez dutela eskrupulu handirik.

    Emakumeen -eta are neskato txikien- sexualizazio itogarria, janzkera zenbait “boluntarioki” nola hedatzen diren eta abar, ez dut uste denik Villaverde jaunaren kezka. Zehazki, badirudi Villaverderen kezka nagusia dela mutilak, estimulu horien erruz, pekatuaren bidean jartzen direla.

  • Arraratsek itzulitako Despentesen hitzak oso esanguratsuak begitandu zaizkit, argi adierazten baitute feminitatearen dogmak oraindik ere emakumeon gorputzari zenbateraino eragiten dion: otzanak izan behar dugu gainontzekoen onarpena izango badugu, arretarik eman gabe, kontuz jokatuz, esaneko eta apal. Oraindik ere, gizarteko zati handi batek uste du emakumeengan agintzeko eskubidea duela.

    Kontua ez da modan jarritako galtzak motzegiak diren ala ez, baizik eta horrelakoak gustatu eta janzteagatik beste batzuk probokatzea leporatu zaiela neskei. Imajinatzen al duzue kontrako kasurik (esaterako, mutil bat, zeinak ez duen paketea markatzen dion galtza estuegirik jantzi nahi, inor probokatzeko beldurrez)?

    Uste dut Noticias egunkariko artikuluak balio behar duela gaia argi eta hipokresiarik gabe jorratzeko, alde bateko zein besteko iritziak entzunez. Izan ere, guztiz anakronikoa diruditen iritzi batzuk (aipatu idatzia, kasu) errotuta daude gure gizartean, eta merezi du horiek sakon aztertu eta eztabaidatzeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude