Ohar txiki batzuk post-errebelioaz

Ohar txiki batzuk post-errebelioaz

M15 eta Democracia Real Ya (#acampadasol) mugimenduei buruz idatziriko aurreko postari segida emateko, egun hauetan jendeak eta kanpatuek dituzten galderak galdera, nire lagun batek buruan izan, baina sekula idatzi(ko) ez duen eleberri batetaz gogoratu naiz. Bere nobela horretan, (Euskal Herriko?) independentziaren lehen eguna deskribatu nahi du, zeinen gauza konplikatua den agertuz eta hor sortzen diren kontraesanak zenbatuz. Amos Oz-ek antzeko nobela bat baduela uste dut (ez dut irakurri: Una pantera en el sótano izan ote daiteke, Israelen sorrera deskribatzen duena?).

Nobela aitzakia hutsa da: baina zer gertatzen da errebelio/protestaren ondoren?

1

Slavoj Zizekek honako hau dio DDOOSS web atariari eskainitako elkarrizketan:

“Lenin estimatzen badut, berdintasunezko leherketa nahikoa ez zitzaiolako da. Leherketa hura ordena berri batean bilakatu nahi izan zuen. Hautsi egin behar da, gero, ezinbestean, lehengo ordenera itzultzen diren noizbehinkako leherketa iraultzaileekin. (…) [Iraultza horiek] Bizirik mantentzen dituena ukazio abstraktuko “une terrorista” da. Eta hori berrasmatu egin beharko dugu, hori egungo postpolitika administratibo garaikidetik erabat aldenduta baitago.”

 2

Asko estimatzen dudan Iñaki Sotori (egungo Garako zuzendaria dena) birritan entzun diot esaldi bera: “iraultza bizitzetik iraultza egitera pasa behar da.” Ezker Abertzalearen azken hamarkadaren bideari loturik esan izan du, honek bitartekoa helburu bilakatu duela salatzeko (edo horrela interpretatu izan dut behintzat). Alegia, helburua ahaztu eta helburua lortzeko moduari, bitartekoari, honen erreferentzialtasunari eman izan zaiola garrantzia handiagoa: satisfakzio pertsonal, ego eta karrera politikoei (hau aipatuta kontzentrazioak norentzat  eta zergatik egiten diren galdetzen zuen postera lotzen dut) borroka edo protesta hori hasi zuten helburuei baino.

Ez ote zaie, zentzu batean, gauza bera gertatuko kanpaldikoei? Kanpaldiak luzatzeak ez al du kanpaldiaren beraren iraupena bihurtuko helburu eta ez hauek abian jarri zituzten egoera injustuak itzulikatzea?

3

Mariano Fernandez Enguitak atzo, Ekainaren 1a, El Paisek antolatu zuen kanpaldien iraupenaren egokitasunari buruzko mahai-inguruan esandakoa:

“Plazek, euren zentralitate edo ikusgarritasunagatik, izugarrizko hedapena duten galderak egiten dituzte, baina gero ezin diete horiei erantzunik eman. Dinamika hori eskenatoki txikiago eta gehiagotara hedatzeak (auzo eta lantegietara, kanpatuek proposatu bezala) ez du bilatzen den zabalpena lortuko, baina galderak errealitateari gehiago lotzea ekarriko du. Sarea komunikazio esparru bare eta erreflexiboagoa izango da, eta muga gutxiago izango ditu, eta erantzunak ematen hasi daitezke; arretaz jarraitu beharko dira wikiparlamentua edota demokrazia 4.0 bezalako ekimenak. Herritarra eta anitza den mugimendu honen eta alderdi politikoen gurutzaketa eta elkarlana aztertu beharko da, bere ahalmen egituratzaile eta kapital politikoarekin.”

4

 Mugimendu sozio-politiko batek, berandu baino lehen, gai bati heldu behar dio, eta helburuetara ailegatzeko bere ekinbidearen eraginkortasuna da puntu hori. Aurreko postean denbora kanpaldiaren eraginkortasunaren aurka zihoala jarri nuen, bere uretan egosteko arriskua zegoelako. Sol desalojatzeko mehatxuak eta larunbatean Plaça de Catalunyan gertaturikoak tentsioan mantendu dute mugimendua. Baina helburuetara gerturatzeko urrats ukigarri eta ikusgarriak behar ditu mugimendu orok (ez M15 eta DYRk bakarrik), aurrera egin nahi badu. Komeni zaio, beraz, balore borrokan sakontzeaz gainera, programa sozial batean aurrera egitea eta kanpatuta daudenek soilik baloratuko ez duten lorpen sozial bat eskuratzea, mugimenduaren aktibazioak bultzada jaso eta zerbaitetarako balio izan duela ikus dezan.

Mugimenduak erabaki beharko du: iritzi korronteak sortu eta indartuko dituen presio talde bat izango den ala aldaketarako indarra izan nahi duen.

5

Zergatik ez zuen M15 mugimenduak Maiatzaren 22ko hauteskundeetan ekimen bateratu bat abiarazteko (boto nuloa, zuria, Ezker Batuaren aldekoa…) erabakirik hartu?

6

 Kanpaldiak problema bat bistaratu du: belaunaldi krisi bat, krisi ekonomiko sakon batekin uztartu da. Horrek, konprometitua ez zegoen jendarte sektore bat eta ezkerreko beste sektore baten pizkundea ekarri du, azken honi, helburu berriak ekarriz eta antolatzeko eta komunikatzeko sekulako gaitasuna erakutsiz.

7

Gaiarekin lotua dagoenez, eta asteburuan Pulpen berragerpena bizi genuenontzat, kanta hau:

The day after the revolution, Pulp

PD: Nire lagunaren nobelan bezala sentitzen dira, ilegalizatuta egon ostean, Bildurekin gobernura heldu diren nire ingurukoak (Zarautzen, adibidez): ardurak beldurra sorrarazten du, baina iraultza dute aurretik.

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria