Ogi torradak
Ez duzu garai hoberik aurkituko torradak jateko. Aspaldikoa da postre hau ihauteriarekin lotzeko ohitura, baina, egia esan ez dugu oroitzen zergatik. Peilak, esnefrijitu edo lechefritak ere ez dira makalak egun hauetarako, baina gaur torradei egin nahi diegu leku, apeta daukagu eta.
Osagaiak
- 8 ogi opil, mami trinkokoak
- Esnea, litro erdia
- Esnegain likidoa, litro laurdena
- 10 koilarakada azukre
- Kanela ezpaltxo bat
- Limoi azala, zati bat
- Irin xorta bat
- Arrautzak, joak
- Oliba edo eguzki-lore olioa, frijitzeko
- Azukre beltza
- Kanela-hautsa
Errezeta
Kazola batean ipiniko ditugu esnea, esnegaina eta azukrea. Limoi azala eta kanela ezpaltxoa erantsi eta irakiten jarriko dugu guztia, su eztian, lehen borborrak hasi arte. Une horretan atera egingo dugu sutatik. Hozten utziko dugu ondoren.
Bitartean, prestatuko ditugu opilak esnetan bustitzeko. Labana batez bitan zatituko ditugu opilak, luzeran, hala moztuz gero esnetan sartzean askoz ere hobeto xurgatuko baitute likidoa eta hobeto puztuko baitira. Erretilu zabal batean ipiniko ditugu opilak ondoren. Iragazki baten bidez isuriko ditugu esnea eta esnegaina ogiaren gainean eta utzi egingo ditugu esnetan bustitzen, 30 minutuan gutxienez, poliki-poliki buelta emanez. Erne ibili behar dugu oso erraz hausten dira eta.
Ogia esnetan ongi busti ondoan, kontu handiz pasako ditugu irin-arrautzatan, apurtu gabe. Padera batean olio ugarian frijituko ditugu ondoren, ezti-ezti frijitu ere, ongi txigortu arte. Paper xurgatzailean xukatuko ditugu gero. Jan aurretik azukre beltz pixka bat hautseztatuko dugu gainetik, eta usaintsuak gustatzen bazaizkigu, berriz, kanela hauts pixar bat ere. Hobe da epel jatea torradak. Inauteri garaian jaten dira bereziki.
RT @zuzeu: Ogi torradak: Ez duzu garai hoberik aurkituko torradak jateko. Aspaldikoa da postre hau ihauteriarekin lotzeko… http://t.co …
RT @zuzeu: Ogi torradak: Ez duzu garai hoberik aurkituko torradak jateko. Aspaldikoa da postre hau ihauteriarekin lotzeko… http://t.co …