Nork sobera besarkatzen baitu, gutti hersten du
Badaude espezialistak, hau da, zientzia, jakintza-alor edo arte baten adar jakin batean adituak. Beren jakintzan sakon eta zabal jarduten dute hartaz erabat jabetzen diren arte, espezialitate horretan aritzen dira beste arlorik eta jarduerarik ia existituko ez balitz bezala, jakintza hura beren bizitzako jakinduria bihurtzen den arte. Interesgarriak dira, beti ere arlo hori zuretzat interesgarria den heinean.
Badaude jeneralistak, hau da, zientzia, jakintza-alor edo arte askoren adar askotan adituak. Arlo eta jakintza askotan zabal jarduten dute, baina ez oso sakon, espezialitate askoren artean batera edo txandatan saltoka aritzen dira jarduera bakarrean aritzea ezinezkoa balitz bezala, denetaz zerbait ikasten duten arte. Interesgarriak dira, beti ere tximeleta batek lorez-lore egiten duen hegaldia zuretzat interesgarria den heinean.
Inbidia izan diet beti espezialistei. Nire burua irudikatzen dut pianista trebeenaren gisa, arratsaldero pianoa jotzen, partitura baten esaldi baten akats niminoenak zuzentzen, perfekzio zoragarrienarekin ateratzen den arte. Edo fisikako laborategi batean, jatordua ahaztuta, formula korapilatsuenetan murgilduta “eureka!” bilatzen ari nintzen hura agertu zaidala ikustean. Edo Tourreko Alpeetako etapa nagusiaren azken kilometroak egiten, indar guztia ahiturik, giharrak fin, bihotza lehertzear. Edo liburu mardul bat idazten, eguneroko konpra egin gabe astetan, azkeneko kapituloak biribiltzea baino inportanteagorik ez dagoela sentituz.
Baina ezin, bizitzaren eskakizun handi eta txikiak bete behar, eta berandu xamar da solfeo ikasten hasteko. Zer egingo diogu! Imajinatzen duzue Cervantes On Kixoteko paragrafo bat bukatu eta hurrengoa hasi artean mantala jarri eta etxekoen bazkaria prestatzen? Ez ginen bada jaioko espezialistak izateko.
Hau da hau! Zenbat lan hainbeste egunetan ezer idatzi gabe pasa izana justifikatzeko!
Jeneralista ala espezialista, akordatzen ginen bai, zurekin.
Txillidari buruzko erreportaia batean, esaten zuen gizonak, berak ez zuela dirua ikutu ere egiten, diruaz bere emaztea arduratzen zala, eta neri sekulako inbidia eman zidan. Gauza mundutarrak ahaztuta zeharo, bera bere burbuilatxoan goxo…
Gure irlatxo txiki eta laburrak, merezi adina disfrutatzea izango da kontua, Arantza!