Nola makurrarazi dute 60 langilek multinazional erraldoia?
Nola makurrarazi dute 60 langilek multinazional erraldoia? –
Nola da posible indibidualismoa eta azpikontratak nagusi diren eta sindikalizazio oso baxua duen garraio arloko lantoki batean 60 langileren indarrak multinazional erraldoi bat makurrarazi eta hitzarmen bat sinatzera iristea? Lehen pertsonan kontatzen digu Txapis Otegi (@txapisotegi) Dachserreko ordezkariak:
Esango nuke Zubietako Dachser-en jarraitu dugun bidea ez dela oso ohikoa. Urtebete atzera begiratuko bagenu inork ez luke esango lortuko genukeenik. Afiliazio baxua, esperientziarik gabeko enpresa batzordea, arazoak norberak gerentearen bulegoan konpontzeko kultura, lan baldintza indibidualizatuak, 2009an iraungi zen lan hitzarmen bat… Sindikatuek apenas zuten presentziarik, eta askotan lan erreformei buruzko informazio bilerak egitera mugatuta. Sistema kapitalistak zuzen-zuzenean egiten die kalte langileei, kalte neurgarriak lantoki barruan. Patriketan, osasunean eta bestelako lan baldintzetan neurgarriak diren kalteak. Eta ez zuten sumatzen sindikatuak kalteoi modu neurgarrian, patriketan, osasunean eta bestelako lan baldintza kaxkarretan aurre egiten laguntzen zienik.
Logikak dio hitzarmen bat sinatzera eramango gaituen borroka hasi aurretik nahitaezkoa dela sindikalizazio maila igotzea, antolakuntza indartzea eta ondoren etorriko dela borroka. Guk dena batera egin dugula esango nuke. Borrokari ekinez antolatu gara, bidea eginez indartu. Ez dugu itxaron nahikoa indar genuela jakin arte bideari ekiteko.
Duela urtebete enpresa batzordeko kideok estrategia aldaketa bat proposatu genuen. Egunero jasotzen genituen belarrondokoei erantzuna ematen egotetik iniziatiba guk hartzera eramango gintuen estrategia aldaketa bat. Enpresa hitzarmena negoziatzen hastea proposatu genuen langile asanblada batean. Baiezko biribila jaso zuen proposamen hark. Langile guztien besoak gora bozketa orduan. Sindikatutik eskakizun bakarra bideari ekiteko: afiliazioa. Hurrengo hilabetean 26 lankide inguru afiliatu ziren ELAra. 100 langile pasatxoko lantoki batean 45 inguru ginen afiliatuak. Gure indarraz geneukan datu bakarra horixe zen. Gure mobilizazio indarra zenbatekoa zen ez genekien.
Enpresari negoziazio mahaia osatzeko eskatu genionean erantzun argia jaso genuen: inolaz ere ez. Bataren eta bestearen indarrak neurtzeko unea iritsi zen. Ez ordea negoziaketa gaietan presionatzeko, negoziazioa hasteko baizik. Greba eguna proposatu eta langile asanbladak onartu zuen. Behingoz langileon asanbladak markatu zituen egun haietako elkarrizketak. Gure aldarrikapenez hitz egiten zen eta grebarako deiak egunerokoa hankaz gora jarri zuen. Orain enpresa zen gure erabakiei erantzuten denbora pasa behar zuena, eguneroko kudeaketarako denbora galduz. 60 lankide inguruk hartu genuen parte zuzenean piketeetan. Dena aldatu zuen eguna izan zen hura. Ez genuen enpresa mahai baten inguruan esertzea lortu, baina lehen aldiz langileok elkarrekin hitz egiteko ordu luzeak eduki genituen. Lan baldintzez hitz egiteko, baina baita norberaren familia, afizio eta ingurukoez hitz egiteko ere. Honek batu gintuen, indartu. Helburua lortu ez genuenez, piketean bertan egin genuen asanbladan greba mugagaberako deia egin eta onartu zen. Horrela lortu genuen enpresa makurtzea eta negoziazio mahaia irekitzea.
Eta hor garaipenaren gakoetako bat. Negoziatzen hasterako langileok lortua genuen garaipen kolektibo bat. Eta oso desberdina da negoziazio bat besterik gabe osatzea edo negoziatu behar duen bi aldeetako batek garaipen batekin hastea negoziaketa hori. Asanblada indartu zuen horrek, langileak ahaldundu eta eskirolak eta enpresa ahuldu.
Ez ditut negoziaketaren 6 hilabeteetako nondik norakoak azalduko. Azken minutura arte zikina izan da. Joko zelaia guk aukeratu genuen, baina jokamoldea eurek markatu zuten. Guk joko garbia nahiago genuen, baina orkatilara ostikoekin erantzun ziguten. Lehen aldia zen Dachser multinazional erraldoia delegazio txiki bateko langileekin negoziatzen ari zena. Hilabete hauetan informazio jarioa etengabea izan da enpresa batzordearen eta asanbladaren artean. Bilerak, eztabaidak, bozketak… eta berriro ere greba mugagabe bat deitu ostean, akordioa. Langileok ez genituen lau errege handira horrelako hordagoak botatzeko, baliteke. Ez dugu inoiz jakingo hori, hordagoa irabazi ostean ez baitira kartak erakusten. Baina argi dago enpresak ez zuela karta onik.
Garaipen bat lortu dugu eta aurretik dugun bidearen lehen pausoa izango da. Akordiora bidean gauza askori egin diogu uko, eta hauek lortzea izango da hurrengo urteetan egin beharrekoa. Bideari ekinez enpresa batzordearen papera indartzea da lorpenetako bat. Baita asanblada indartzea ere. Arazoak eta hauen konponbideak kolektibizatzeko bidean urrats bat eman dugu, baina badugu zer hobetua oraindik. Sindikatuaren lana ere oso indartua atera da. Behingoz gure lan eremu konkretuan onura konkretuak ekarri dizkio sindikalismoak langilegoari. Lantokia sindikalizatzen hasi besterik ez gara egin. Eta ekinez ari gara hori egiten. Langileek apenas ezagutuko dute (eta agian ez die apenas axolako) sindikatuak beraien lantokitik kanpora egindako lana. Ez dute ezagutu ere egingo Bizkaiko erresidentzietako borrokan lortutako garaipena, ez dute jakingo Jaurlaritzaren aurrekontuei egiten dien balorazioa, ez dituzte irakurriko txosten eta artikuluak. Baina orain badakite sindikatua garaipenerako ezinbesteko tresna dela. Beraien patriketan nabarituko dute sindikatuaren presentzia.
Hurrengo hilabeteetan hori dena ez ahaztea eta sindikatuaren presentzia bizirik mantendu eta indartzea da tokatzen zaiguna. Greba egunean sortu zen su hura pizturik mantentzea. Emaitza konkretuak ematen jarraitzea. Agian ondoren lortuko dugu norbaitek ostiraleko artikuluak edo Landeia irakurtzea.
Datorren asteartean Jaurlaritzaren aurrekontuen gainean Gasteizen egingo den ekitaldira hiru ordezkari goaz lehen aldiz. Bagabiltza, poliki-poliki. Ekinez.
Zorionak! Antolatu eta borrokatu!. Gora zuek.Gora ELA.