Deserrian zenduriko Pagasarriko azken ikazkinari agurra

Deserrian zenduriko Pagasarriko azken ikazkinari azken agurra –

Orain bi aste, hilak 6, Pagasarriko azken ikazkina, Mari Etxebarria, zendu zitzaigun deserrian; atzo, hilak 19, berak eskatu bezala hainbeste maite zuen mendian egin genion azken agurra familiarte eta lagunarte xumean, Ganekogortarako, Belaute adineko zollotarrentzat, bidegurutze ondoko gorostiaren inguruan. Marirekin Nerbioi arroko eta Pagasarri inguruko azken “auskeldun”etariko bat ere joan zaigu. Izan ere, eskualde horretan euskarak eten izugarria pairatu du eta, bertan euskaldun ugari egon arren, auskeldunak betiko doazkigu.

Deserrian zenduriko Pagasarriko azken ikazkinari azken agurra

Orain ia 30 urte ezagutu nuen Zolloko jendea, mendi-troka-erreka-soloen izenez galdezka joan nintzaienean. Aspiuntza auzoan, herriak dituenetarik beherengoena baita, Eduardo Etxebarria “Piti” soinujoleak eman zidan txoko hartako berri zehatza, tabakoak eragiten zizkion eztulen artean eman ere. Hamabi urtegarrenean, orain 17 zazpi bat urte dela, lantegi berdinarekin aurkeztu nintzen auzoan. Piti ordurako hila zen eta pastore ibilitako Mari Etxebarria eta uretan guarda aritutako Isito Etxebarria izan nituen laguntzaile berriak. Deitura berekoak hirurak, baina urrunekoa baino ez senidetasuna.

Bisita hartan Isitok kontu kontari Arrigorriagako San Pedro auzoko Ipiñak Aspiuntzako baserria salgai zeukala bota zidan. Nire jakin-mina piztu, galdezka hasi eta saltzekoak Mari Etxebarria maizter bizi zen baserria eta honi zeutsan baserri errea zirela argitu zidaten. Suak kiskalitako etxea erosi nuen lehenik eta Mari bizi zena ondoren. Horrela egin nuen emakume euskaltzale zoragarri honen ezaupidea eta laguntasuna. Bi bizimoduko baserri handia zen Aspiuntza Barrenengoa eta auzoko egin ginen biok, ezker-eskuin.

Bizitza gogorra izan zen Marirena. Ahotsak proiektuaren barruan gorderiko bideoetan entzun ditzakezue pasadizo gazi-gozo batzuk (https://ahotsak.eus/arrankudiaga/hizlariak/mari-etxebarria-amundarain). Alaba jaio berri eta gaitz berak jota senarra ondoren hil izanak gogor markatuko zuen emakume adoretsu honen bizitza. Harrotasunez kontatzen zituenen artean, aitari Pagasarri mendian ikazkintzan lagundu zionekoa aipatzea merezi du. 13 urte zituen langintza horretan hiru hilabete eman zuenean, tarte horretan menditik jaitsi gabe, txondorra egunez “jagoten”, zeregin berean gau osoan aritutako aitak lo egiten zuen bitartean. Jana eta aldatzeko arropa amak eramaten zizkien astean behin. Neba-arrebek ere ez zuten bizimodu erraza izan, gerra denborako neben kartzelalditik hasita. Bizentek azken urteak ohean eman zituen gaixo. Bera zaintzea izan zen Mariren azken beharretariko bat. Neba hau azkenik hil zitzaionez geroztik bakarrik bizi izan zen Mari baserrian, arrastiroko Pagasarrirako joan-etorriaz eta astean behingo iloba baten eta honen familiaren bisitaz alaiturik.

Deserrian zenduriko Pagasarriko azken ikazkinari azken agurra
Aspiuntza Barrenengoa, Mariren jaiotetxea

Halako batean etxean jausi, mokorra hautsi eta azkenik Zeberioko zahar-egoitza batera eraman behar izan zuten, baserria ez baitzegoen adineko pertsona bat bizitzeko moduan. Erresidentziara bisita egiten nionetan bere ugazaba moduan aurkezten ninduen harro, harro egoteko modukoa baitzen berarentzat urteko errenta kobratzen ez zion ugazabaren bisita merezia izatea. Lotsaz hartzen nuen nik konplimendua baina gustura bera pozik ikusita. Buru pribilegiatua, oroimen itzelezkoa zuen Marik, baina bihotza oso akitua azken urteotan, halako suertez non hondar erorikoari ezin izan baitio aurre egin.

Zorigaiztoko ezkonterria eta zorigaiztoko deserria suertatu zitzaion Mariri Zeberio herria. Ezin esan daiteke zahar-egoitzan ondo zaindurik ez zegoenik, ezta hurrik eman ere, baina giro arrotza aurkitu zuen bertan. Bizialdi osoa euskaraz eman ondoren, erdaldunez inguraturik bizitzea suertatu zitzaion azkenik. Non eta Zeberio bezalako herri euskaldun batean. Foru Aldundiak gehiago zaindu beharko luke hau, ez lituzke erdaldunak eremu euskaldunetara eta euskaldunak erdaldunetara bidali beharko. Zahar-egoitza pribatuak dira gehientsuenak, baina kontzertatuak praktikan. Ez dakit nola antolatua duten plazak esleitzeko prozedura, baina ez du ematen gure adinekoen hizkuntz-eskubideak gehiegi begiratzen dituztenik.

Lur eta aire auskeldunak topau daizuzela!

Deserrian zenduriko Pagasarriko azken ikazkinari azken agurra

3 pentsamendu “Deserrian zenduriko Pagasarriko azken ikazkinari agurra”-ri buruz

  • Xabier Eskisabel Sampedro 2017-11-21 08:58

    Historio ona, Ander. Eskerrikasko gurekin partekatzeagatik.

  • Eskerrik asko Ander auskeldunen berri emateagatik. Bide batez, “auskera” bai baina “auskeldun” ez dakar Orotarikoak. Zuzendu beharko.

    • Auskeldunen eremuen dana da -au: zau, zaurok, auridxe, autsi, autsok!…